Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa Talent Forumek berriro konektatuko ditu Gipuzkoan lan egin nahi duten enpresak eta talentu gazteak

Gipuzkoa Talent Forumek berriro konektatuko ditu Gipuzkoan lan egin nahi duten enpresak eta talentu gazteak

Topaketaren bosgarren edizioa formatu telematikoan egingo da lehen aldiz, hilaren 14tik 17ra bitartean.

Gipuzkoa Talent Forumek, bosgarren edizioan, atzerrian lan egiten duten eta kualifikazio maila handia duten gipuzkoar profesionalak zein nazioarteko esperientzia handia duten profesionalak ospe handiko enpresekin konektatuko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen du foro hori, talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko estrategiaren barruan, eta aurten formatu telematikoan egingo da lehen aldiz. «Pandemiak erabat aldatu du gure errealitatea, baina talentua bultzatzea funtsezko elementua da oraindik ere Gipuzkoaren lehiakortasunerako, are gehiago krisi garai honetan. Enpresak ahalegin handia egiten ari dira jarduerari eusteko, eta, une honetan, ahalegina egin behar genuen topaketa hau gaur egungo testuingurura egokitzeko, oso garrantzitsua baita», azpimarratu du Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak.

Aurrekoetan ez bezala, aurtengo topaketa lau jardunaldi edo egunetan zehar egingo da datorren astean, hilaren 14tik 17ra, eta egun bakoitza sektore estrategikoen arabera egituratuta egongo da. Astelehenean makina-erremintaren txanda izango da; asteartean, biozientzien eta ikerketaren txanda; asteazkenean, IKTen eta teknologiaren txanda; eta ostegunean, industria orokorrarena. Eskema berbera izango da jardunaldi guztietan: lehenik eta behin, solasaldi bat egingo da, eta bertan parte hartzen duten enpresetako batzuek eskatzen dituzten profilak azalduko dituzte, baita talentuari buruz duten ikuspegia ere. Solasaldi hori streaming bidez emango da. Ondoren, profesionalen eta enpresen arteko topaketak hasiko dira modu telematikoan, eta, horretarako, Aldundiak plataforma digital bat prestatu du. Izen-ematearen ordenaren arabera egingo dira elkarrizketak. Izen-emateak www.gipuzkoatalent.eus webgunean egin daitezke. Enpresekin egingo diren elkarrizketetan parte hartzeko, aldez aurretik, ekitaldian izena emateko unean, profesionalek beren intereseko hitzorduak eskatu beharko dituzte.

Elkarrizketa sektorialak honako hauek moderatuko dituzte: Xabier Ortuetak, AFMko zuzendari nagusiak; Maria Pascual de Zuluetak, Basque Health Clusterreko zuzendari nagusiak; Ane Insaustik, Mubileko zuzendari nagusiak; eta Iñigo Larrea, Mondragon Korporazioko Talentuaren Kudeaketarako zuzendariak. Erakundeen irekiera astelehenean izango da, eta bertan parte hartuko dute Markel Olano diputatu nagusiak, Jabier Larrañaga foru diputatuak eta ekimenaren eskutik Gipuzkoako enpresetan sartu ziren profesionalek.

Gipuzkoako hainbat konpainia ospetsuk parte hartuko dute topaketan: Ampo, Egile, Danobat Group, ABC Compressors, Ulma Taldea, Talleres Myl, Ibarmia, Inzu Group, Sarralle, Ikerlan, Vicomtech, Tecnalia, Fesia, Cyber Surgery, Onena Medicines, Nuavis, Naru Intelligence, Irisbond, Grupo Kirol, Zucchetti, Alcad, Ibermatica, AF Incepal, Salto Systems, Datik, Angulas Aguinaga, Grupo Uvesco, Fagor Ederlan, AF Incepal, CAF Group, Irizar Group, Mondragon Assembly, Amenabar eta Oribay, besteak beste.

Reale Arena estadioan egindako iazko edizioan, nazioarteko esperientzia handia eta kualifikazio maila handia zuten 400 pertsona inguruk aukera izan zuten Gipuzkoako 40 enpresak eskaintzen zuten lana eta lan aukerak bertatik bertara ezagutzeko. Abian jarri zenetik, lurraldeko 1.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoa Talent Forumean, eta lurraldean errotutako konpainiek eskatutako talentuaren eta profil berrien arteko topagune gisa finkatu da.

Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Talent izeneko estrategia globalaren barruan kokatzen da foroa. Estrategia horren ardatzak lurraldeko enpresa eta erakundeetan talentua erakartzea, sortzea eta atxikitzea dira. Estrategia horren bidez, lurraldeko giza kapitala sustatu eta bultzatu nahi da, eta talentu hori bilatzen duten enpresetara bultzatu, etorkizuneko erronkei bermeekin aurre egiteko. Horrez gain, Gipuzkoa Talent Forum, nazioarteko topaketak, unibertsitateko ikasleei zuzendutako Talentia Skills programa, Fellows, goi-mailako talentu ikertzailea lurraldeko sarera erakartzeko, eta Gipuzkoan talentua sortzeko eta sendotzeko hainbat diru-laguntza, aurtengo honetan 3 milioitik gorako diru dotazioa edukiko dutenal.

Larrañagak nabarmendu duenez, egungo krisiaren aurrean –eraldaketa digitala bezalako aurretiazko erronkei gehituta–, baita biztanleriaren zahartzearen aurrean gure enpresetan belaunaldi erreleboa egiteko dagoen premiaren aurrean, «talentua sortu eta erakartzea, orain, are gehiago, lehen mailako erronka da gure gizartearentzat. Pertsonak erdigunean jartzen dituen gurea bezalako eredu sozioekonomiko batean, funtsezkoa da talentu gaztea bultzatzea ehun ekonomiko berritzaile eta nazioartekotu bat eta ekintzailetzan oinarritutako ekosistema bat edukitzen jarraitzeko. Enplegu berri gehienek kualifikazio handia zein orientazio tekniko eta teknologiko handia behar dute, eta ekimen honen bidez gure enpresen eskaera horri erantzuten laguntzen dugu, enplegua sustatuz», esan du amaitzeko.  

  

1836