Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa turismo irisgarriaren erreferente gisa kokatzea bultzatuko du Aldundiak

Gipuzkoa turismo irisgarriaren erreferente gisa kokatzea bultzatuko du Aldundiak

Azterketa egiten ari da erakundea, sektorearen eta eskualdeen ekarpenak jasoz

2019/12/11

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoan irisgarritasun turistikoak duen egoerari buruzko txostena eginarazi du; emaitzak prest egongo dira datorren urte hasierarako.  Analisiaren lehen hurbilketa bat da, bai eta Gipuzkoak arlo honetan dituen beharrei erantzuna eman nahi dien ekimen baten lehen fasea ere. Haren bidez, helmuga osoan irisgarritasunaren benetako egoera zein den ezagutu nahi da, turismo irisgarriari buruzko informazioa gero eta sarriago eskatzen duten turista eta bisitariei informazio eraginkorra emateko helburuz.

Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu duenez, azterketaren ondorioak abiapuntua izango dira bigarren fase batean jarduera plan bat egiteko, esparru horren plangintzan hobekuntzak sartzea ahalbidetuko duena, «bikaintasunean oinarritutako kalitatezko turismo eredu baten alde egiten ari garen apustuaren barruan».  Plan horrek helburu estrategikoak jasoko ditu, Gipuzkoa «turismo irisgarriari lotutako guztian erreferente» gisa kokatzeko.  Ekimenak 15.000 euroko aurrekontua du guztira. 

Gipuzkoak helmuga irisgarri gisa duen potentziala jasoko du azterketak, turismo kate osoa kontuan hartuta: harrera, informazio zerbitzuak, etorrera, garraioa, ostatua, janaria eta jarduerak. Hurbilketa bat egingo du Gipuzkoa bisitatzen duten pertsonen beharretara eta lurraldeak helmuga gisa eskaintzen dituen ahultasun eta indarguneetara.  Horretarako, informazioa bilduko da, jardunbide egokiak aztertuko dira, eta landa lana egingo da inkestak eta elkarrizketak eginez nola turismo zerbitzuen hornitzaileei eta administrazioko turismo arduradunei, hala desgaitasunen bat duten eta ez duten bisitari potentzialei eta adin desberdinetako pertsonei.

Era berean, txostena prestatzearen barruan, parte hartzeko lan jardunaldi bat egin zen Beasainen, Gipuzkoako turismoaren balio kateko hainbat eragileren ordezkariekin eta askotariko profilak dituzten erabiltzaileekin, eta hortik hainbat ikuspegi jaso ahal izan ziren, besteak beste, mugikortasun murriztua, itsutasuna edota ikusmen txikia dituztenena, buru nahasmenduak dituzten pertsonena eta adin handikoena. Inguruneari buruzko jardunbide egokien ereduak ere aurkeztu ziren, etorkizunean garatu beharreko ekintzen oinarri izango direnak.

Topaketari esker, turismoaren irisgarritasun kateko maila bakoitzeko eragileen arteko sinergiak sustatu ziren, eskualdeen parte hartzearekin. Bertan izan ziren turismo bulegoetako ordezkariak, garapen agentziak, Ostalaritza Elkartea, Donostiako, Zumaiako, Zarauzko eta Orioko turismo bulegoak, Aena, Gipuzkoako Garraio Agintaritza, Euskotren, Aparture, Nekatur, Topic, Geoparkea, Delikatuz, Kemen edota Begisare.

«Irisgarritasuna, pertsonen eskubidea izateaz gain, turismoaren munduan geroz eta gehiago eskatzen den alderdi bat da. Agentzia espezializatuak daude horretarako, eta turismo bulegoetan eta ostatuetan gero eta gehiago dira gure helmugako irisgarritasunari buruzko informazioa eskatzen duten mota guztietako pertsonak: haur txikiak dituzten familiak, adinekoak, aniztasun funtzionala duten pertsonak eta abar», azaldu du Lasak.  «Esparru guztietan inklusioaren aldeko apustua egiten duen gizartea gara, eta, nazioartean kalitatezko helmuga gisa finkatu nahi badugu, ezinbestekoa da gai horretan sakontzen jarraitzea. Horretarako oinarriak baditugu. Hori guztia sektorearekin elkarlanean egingo dugu, gainera, puntako ekimenak egiten ari baitira; haien ahalegina aitortu behar dugu».

  

1390