Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak 2025eko hondartza-denboraldia aktibatu du, irisgarritasuna eta herritarrentzako zerbitzuak hobetuz

Gipuzkoak 2025eko hondartza-denboraldia aktibatu du, irisgarritasuna eta herritarrentzako zerbitzuak hobetuz

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 3,35 milioi euro bideratuko ditu aurten itsasertzaren kudeaketa integralerako.

2025/06/09
Temporada de playas 2025

‘Nik Hondartzak’ aplikazioak herritarrentzako informazioa hobetzeko funtzionalitate berriak ditu, hala nola medusak egoteagatik bandera horiaren abisuak ematea, sorospen-ordutegitik kanpo uraren kalitateari buruzko jakinarazpenak egitea edo Hondarribiko aparkalekuaren okupazio-mailari buruzko informazioa ematea.

Hondarribia lehen aldiz gehitu zaio ‘Hondartzak Denontzat’ lagundutako bainu-programari, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonei itsasorako sarbidea bermatzen diena.

Uda honetan, "Hondartza garbia, hondartza bizia" sentsibilizazio-kanpainak itsasertzaren zaintza sustatuko du eta portaera jasangarriak bultzatuko ditu Gipuzkoako hondartzetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur eman du inauguratutzat 2025eko hondartza-denboraldia, Hondarribiko hondartzan egindako ekitaldi batean. Ekitaldi horrek garrantzi berezia hartu du aurten, Hondarribiak Hondartzak Denontzat programarekin lehen aldiz bat egin baitu (desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzako bainu-zerbitzu lagundua). Denboraldia ekainaren 14tik irailaren 14ra bitartean egingo da. Denboraldi horretan, Gipuzkoako itsasertzeko zerbitzuak, azpiegiturak eta informazio eta laguntzako gailuak indartuko dira.

Aurkezpenean José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Igor Enparan Hondarribiko alkateak, Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak, Antxon Amunarriz Gipuzkoako Gurutze Gorriko delegatu bereziak eta Nuria Vegas Garbera merkataritza-guneko kudeatzaileak parte hartu dute. Era berean, lurraldeko kostaldeko udalerri guztietako alkateak ere egon dira.

Ekitaldian zehar, denboraldi honetako berrikuntza nagusiak ezagutarazi dira, azken urteetan garatutako lan-ildoan sakontzen dutenak: erabilera-esperientzia hobetzea, zerbitzu publikoak indartzea, ingurumena zaintzea eta lurraldeko hareatzetarako sarbide unibertsala bermatzea.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “itsasertzaren kudeaketa ez da soilik ingurumen-kontua: gizarte-politika ere bada. Nik Hondartzak aplikazioaren eta Hondartzak Denontzat bezalako programen bidez, urrats irmoak ematen ditugu pertsona guztiei egokitzen zaizkien hondartzetarantz, haien izaera edozein dela ere. Gipuzkoa kohesionatua eta justua hondartzetan ere eraikitzen da, eta horrek inbertsioa, plangintza eta konpromiso instituzionala eskatzen ditu”.

Nik Hondartzak: aplikazio osoagoa, erabilgarriagoa eta herritarrekin konektatua

2025eko denboraldiko nobedade nagusien artean, nabarmentzekoa da Nik Hondartzak aplikazio mugikorraren eguneratzea. Urtero milaka pertsonak erabiltzen dute Gipuzkoako itsasertzera egiten dituzten bisitak planifikatzeko.

Aplikazioak funtzionalitate berriak ditu, esperientzia osoagoa eta herritarren beharretara egokituagoa eskaintzeko. Hemendik aurrera, bandera horiarekin abisu espezifikoak eman ahal izango ditu, hala nola medusen ingurukoak, eta uraren kalitateari buruzko jakinarazpenak mantenduko dira sorospen-ordutegitik kanpo, erabiltzaileek informazio handiagoa izan dezaten.

Gainera, hondartza bakoitzeko talde kudeatzaileek eskuzko abisuak bidali ahal izango dituzte denbora errealean, sarbide-eteteen edo bestelako gorabeheren berri emanez. Hondarribiko kasu zehatzean, hobekuntza garrantzitsu bat gehitu da: aplikazioak aparkalekuaren okupazio-mailari buruzko informazioa emango du, eta datu hori oso baliagarria izango da beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eta eremuko mugikortasuna hobetzeko. Hobekuntza horiek teknologia ongizate publikoaren zerbitzura jartzen duen kudeaketa-eredu bati erantzuten diote, tresna eskuragarriekin, doakoekin eta etengabe eboluzionatzen ari direnekin.

Hondartzak Denontzat: Hondarribiak bainu-zerbitzuarekin bat egiten du

Aurten, Hondarribia sartu da Hondartzak Denontzat programan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuak bultzatuta. Zerbitzu hori eraginkorra da kostaldeko beste udalerri batzuetan, eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonei aukera ematen die bainua segurtasunez, duintasunez eta autonomiaz hartzeko.

Hondarribian, 5 aulki anfibiok, Gurutze Gorriko langile espezializatuek, laguntza teknikoek eta plastiko birziklatuz egindako plataforma batez eta pergola batez osatutako azpiegitura irisgarri batek osatuko dute, hondartzan dauden aldagelak erabiltzeaz gain. Puntu berri horretarako aurrekontua 169.938,50 eurokoa da. Getariako hondartzak (Malkorbe), bestalde, aurreko denboraldian instalatutako ekipamenduak mantenduko ditu, udalerri horretan zerbitzuaren jarraitutasuna ziurtatuz, 139.431 euroko inbertsioarekin.

Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar

Udako hilabeteetan, Jasangarritasun Departamentuak eta Emaus Gizarte Fundazioak «Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar!» sentsibilizazio-kanpaina jarriko dute abian. Ekimen ibiltari hori Gipuzkoako kostaldeko hainbat hondartzetan ibiliko da, aisialdiko testuinguruetan jokabide jasangarri eta arduratsuak sustatzeko. Parte hartzeko tailerren, jolas- eta hezkuntza-dinamiken eta lankidetza-ekintzen bidez, herritarrek ingurunea zaintzeko duten konpromisoa indartu nahi du kanpainak, eta itsas ekosisteman hondakinek duten eragina ikusarazi. 

Kanpainaren ardatz nagusietako bat Gauzateka hondartzako materialak doan mailegatzeko zerbitzua izango da. Hondartza bakoitzean eskainiko da, asteazkenetik igandera. Proposamen honek, joko eta tresna berrerabilgarrietarako sarbidea errazteaz gain, kontsumo arduratsua sustatzea eta hondakinen sorrera murriztea du helburu. Aurten, Gauzateka indartu egin da neurri logistiko berriekin, hezkuntza-materialekin eta saihestu den karbono-aztarnaren zenbatespenarekin, baliabideen erabilera partekatuari esker. Emaus Gizarte Fundazioak eta Urbil eta Garbera merkataritza-guneek eman dituzte eskaintzen diren materialak eta bertan ere jasotzen joango dira hondartzen erabiltzaileek lagatako materialak, bigarren bizitza bat emateko.

Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendariaren hitzetan: “Gure eskerrik beroena, aurten ere gurekin kontatzeagatik ekimen honetan parte hartzeko. Gainera, gaur aurkezten den programan, Emaus Gizarte Fundazioan lantzen ditugun bi lerroak uztartzen dira; ingurumena eta inklusioa. Gure proposamenean, ingurumenaren aldeko kontzientziazioa bultzatuko dugu, ekinaren bidez, hau da, hondartzetan egiten dugun bizitzan, kontsumo arduratsua eta ingurumenaren zaintzaren inguruko jokaerak landuz. Eta ekimenean, laneratze enpresaren bidez, inklusio ibilbideak ere sustatzen ditugu”.

- Ekainaren 25etik 29ra: HONDARRIBIA 
- Uztailaren 2tik 6ra: Zurriolako hondartza (DONOSTIA)
 

- Uztailaren 9tik 13ra: ORIO
 

- Uztailaren 16tik 20ra: ZARAUTZ
 

- Uztailaren 23tik 27ra: Malkorbe hondartza (GETARIA)
 

- Uztailaren 30etik abuztuaren 3ra: Itzurungo hondartza (ZUMAIA)
 

- Abuztuaren 6tik 10era: DEBA
 

- Abuztuaren 13tik 17ra: Portu hondartza (MUTRIKU)
 

- Abuzutaren 20tik 24ra: Kontxako hondartza (DONOSTIA)
 

3,35 milioi euro Gipuzkoako itsasertza kudeatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, 2025ean, 3.350.662,71 milioi euro bideratu zituen, guztira, lurraldeko hondartzen kudeaketa integralerako. Inbertsio horrek denboraldiak behar bezala funtzionatzeko behar diren alderdi guztiak estaltzen ditu: garbiketa eta eguneroko mantentze-lanak, azpiegiturak indartzea, laguntza-zerbitzuak hedatzea, tresna digitalak garatzea edo kostaldeko udalekin koordinatzea.

Ahalegin ekonomiko horrek agerian uzten du foru-erakundeak itsasertzeko eredu jasangarri eta inklusibo batekin eta herritarren zerbitzura dagoen eredu batekin duen konpromisoa, egungo erronkei erantzuten diena espazio publikoaren erabilerari, kontserbazioari eta gizarte-eraldaketari dagokienez.

  

3184