Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak 24 milioi eurotan hobetu du 2016ko Errenta kanpainaren emaitza aurreko urtearekiko

Gipuzkoak 24 milioi eurotan hobetu du 2016ko Errenta kanpainaren emaitza aurreko urtearekiko

Foru Ogasunak 217 milioi euro jaso ditu eta 269 milioi euro itzuli.

2017/07/24

Gipuzkoako foru Ogasunak 52 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi du 2016ko Errenta kanpaina, pasa den urteko emaitza 24 milioitan hobetuz. Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, ekonomiaren indartzean jarri du azpimarra hobekuntza azaltzeko. “Emaitza 2016 urtean enpleguak eta soldatek izandako hazkundeen isla da, eta susperraldi ekonomikoaren adierazle da hau guztia”, azaldu du.

Larrañaga Donostian agertu da gaur goizean Donostian, 2016ko Errenta kanpainaren xehetasunak emateko. Berekin izan dira Jokin Perona, Ogasuneko zuzendari nagusia, eta Yolanda Dominguez, Zerga Kudeaketako zuzendariorde nagusia. Foru diputatuak azaldu du guztira 374.591 aitorpen aurkeztu dira, pasa den urtean baino 1.893 gehiago. “2011 urtetik lehen aldiz, hau da, lau urte jarraian beheraka joan ostean, joera irauli da eta hazi egin da aitorpen kopurua”, nabarmendu du Larrañagak.

Foru diputatuak esker oneko hitzak izan ditu herritarrentzat, Errenta kanpaina “normaltasun osoz” garatu baita. Honela, gogoratu du aurtengo komunikazio leloa “Zure ekarpenak, egunerokoan onura. Gogoan hartu” izan dela. “PFEZ eta gainerako zergen bilketari esker, gure egunerokoan eragiten diguten zerbituz publikoak finantzatzen ditugu: egunero igarotzen garen errepidetik hasi, segi gure seme-alabek egiten duten eskola kirolarekin eta gure aiton-amonek jasotzen dituzte mendekotasun laguntzetaraino”, azaldu du. Hori dela eta, dei egin du lan egiten jarraitzera gizarte kontzientzia gehiago hedatu dadin, herritarren zerga betebeharren betetze-maila hobetuz.

Zenbakietara jaitsita, Larrañagak azaldu du foru Ogasunak 269 milioi euro itzuli dituela kanpainan zehar, eta 217 milioi euro jaso. Hau honela izanda, 24 milioi eurotan hobetu da aurreko urteko kanpainaren emaitza, enplegu eta soldaten hazkundeak hauspotuta. “Noski albiste ona dela, baina ezin dugu erlaxatu. Asko geratzen zaigu agertokia egonkortzeko eta lanean jarraitu behar dugu, zuhurtzia bistatik galdu gabe”, nabarmendu du.

Etorkizunera begira, Larrañagak azpimarratu du ekonomia sustapenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustu estrategikoa izaten jarraitzen duela. “Ekonomia gizarte honen motorea da. Ekonomia indartsua izateak esan nahi du aberastasuna sortuko dela, kalitatezko enpegua... Esan nahi du, aldi berean, ahalbidetuko digula gure zerbitzu publikoak finantzatzeko hain beharrezkoak ditugun baliabide gehiago biltzea, gure ongizatearen oinarrian dauden zerbitzuak hain zuzen. “Erronka, orain, zerga sistema orekatu eta jasangarria lortzea da, gaurko sistema publikoari eusteko, baina biharkoa begi bistatik galdu gabe”, adierazi du.

Peronak, bere aldetik, zehaztu du 216.153 autolikidazio proposamen onartu direla, bidali direnetatik %86. Ehunekoa aurreko urtekoa baino zertxobait txikiagoa da. “Herritarrentzat aitorpena aurkezteko erarik erosoena da eta, nahiz eta jakitun garen margen oso estuekin ari garela lanean, proposamenak hobetu eta onartzerakoan aldaketak egiteko aukerak zabaltzeko lanean jarraitzen dugu”, azaldu du. Aitorpen mekanizatuak, bere aldetik, 72.552 izan dira, eta Internet bidez aurkeztu direnak berriz 85.886, hauetatik 66.952 aholkularien bitartez eta beste 18.934 norbanakoek.

Emaitzaren arabera, foru arduradunak azaldu du 265.070 aitorpen itzultzera izan direla (2015ean baino 4.351 gutxiago) eta 109.521 ordaintzera (2015ean baino 6.244 gehiago). “Aitorpen guztien %70,8 dira itzultzera irten direnak, eta batez beste 1.017 euro itzuli zaizkie zergadunei”, zehaztu du Peronak. Ordaintzerakoak, bere aldetik, gainerako %29,2a dira, eta batez beste 1.986 ordaindu behar izan dizkiote Ogasunari zergadunek.

 

Aberastasuna eta Fortuna Handiak

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergari dagokionez, foru Ogasunaren biketa 64,4 milioi eurokoa izan da, pasa den urtean baino 70.000 euro gehiago. Honela, egonkortu egiten da 2015ko kanpainan jazotako hazkundea. Gorakada hau 2015eko udazkenean zerga honetan ekonomi sustapenari “oztopoak kentzeko” egindako erreformen ondorio da. Guztira, 7.517 aitorpen aurkeztu dira eta 8.561 euro izan da batez beste ordaindu dutena; hau da, hazi egin da aitorpen kopurua, baina murriztu batez beste Ogasunari ordaindu beharrekoa.

Azkenik, Dominguezek kanpainan parte hartu duten langileak zoriondu ditu egindako lanagatik. Zerbitzu karta, Ogasunak zergadunekiko hartzen dituen konpromisoak jasotzen dituen dokumentua, erabili du zuzendariordeak aitorpena argudiatzeko. Horrela, nabarmendu du zailtasun ertain edo altuko 31.829 telefono dei jaso direla kanpainan zehar, eta hauetatik 39 bakarrik galdu direla (%0,1). Itzulketen batez beste epea 1,6 izan da proposamenen kasuan, eta 1,32 mekanizatuenean. “Zenbakiok esanguratsuak dira benetan”, azpimarratu du. 

  

1737