Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak 420 km ibai berreskuratuko ditu, 228 oztopo kenduta

Gipuzkoak 420 km ibai berreskuratuko ditu, 228 oztopo kenduta

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidaria (2020-2035) aurkeztu du, ibaien konektibitatea hobetzeko xedez. Gipuzkoako ibaien nabigagarritasuna 420 kilometrotik gorakoa izatea ekarriko du, eta 8.5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da horretarako.

Jose Ignacio Asensio: «Plan honek hirukoiztu egiten du gure ibaiek arrain espezieentzat duten iragazkortasuna. Ibaietan oztopoak egotea eta, ondorioz, emaria murriztea ingurumen arazo bat da, eta plan hau oso ekintza eraginkorra da klima-aldaketak espezieen migrazioan dituen ondorioei aurre egiteko».

Obra Hidraulikoen webgunean aplikazio bat gaitu da, 2000. urteaz geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzarekin egin diren ibaiak iragazkortzeko jarduketa guztien xehetasuna jasotzen duena. Jarduketa horiei esker, irtenbidea eman zaie oztopoek sorrarazitako arazoei eta horiek arrain espezie migratzaileetan duten eraginari.

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Enrique Ramosek Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko 2020-2035 aldirako Plan Gidaria aurkeztu dute. Plan horren helburua da zehaztea datozen urteetan ibaien luzetarako konektibitatea hobetzeko, oztopoak kentzeko edo iragazkortzeko eta jarduera horiek lehenesteko jarduerak, horien onura ekologikoaren arabera. Era berean, klima-aldaketak gure ibaietako arrain espezieen migrazioan dituen ondorioak arindu nahi ditu; izan ere, Jose Ignacio Asensio foru diputatuak adierazi duen bezala, «gure ibaietan oztopoak egotea eta, ondorioz, emaria murriztea ingurumen arazo bat da, eta plan hau oso ekintza eraginkorra da klima-aldaketak espezieen migrazioan dituen ondorioak indargabetzeko».

Aurkeztutako plan gidariak Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arro eta ibaiadarretako 228 oztopori eragingo die. «Plan honi esker, arrain espezieentzat iragazkorrak diren tarteen luzera hirukoiztuko da. Aurreikusitako obrekin, 420 km ibai baino gehiago berreskuratuko dira, eta arrain espezieen iragazkortasuna areagotuko». Hautatutako 228 oztopoetatik 4 Bidasoaren arroan daude, 21 Oiartzunen arroan eta 12 Urumearen arroan; erdiak, 114, Oriaren arroan daude, eta Deba eta Urolaren arroetan, berriz, 38 eta 39 oztopo daude, hurrenez hurren.

Jarduera horiei guztiei esker, nabarmen hobetuko dira arrain espezieen migrazio arazoak; izan ere, gaur egun irisgarri diren 193 kilometroetatik 616 izatera igaroko gara 2035. urtean.

Irisgarritasun datuak

Bidasoa

Oiartzun

Urumea

Oria

Urola

Deba

Gipuzkoa

Luzera guztira (km)

32

43

76

376

150

209

886

Luzera irisgarria (km) (2020)

28

30

17

85

12

21

193

Nabigagarritasun ehunekoa (2020)

% 87

% 70

% 22

% 23

% 8

% 10

% 22

Planaren amaierako luzera irisgarria (2035)

32

40

59

274

116

95

616

Nabigagarritasun ehunekoa (2035)

%100

% 93

% 78

% 72

% 77

% 45

% 70

 

Plan gidariak 8,35 milioi euroko aurrekontua du, eta jarduketak hiru fasetan lehenesten ditu 2020. urtetik 2035era arteko aldian, kontuan hartuta, besteak beste, gauzatzeko aukera eta onura ekologikoa, eta alde batera utzi gabe jardueren kostu ekonomikoa.

Gipuzkoako ibaietan 784 oztopo daude inbentariatuta, 2017an egin zen Gipuzkoako ibai sareko oztopo, aprobetxamendu eta jarduketen inbentarioaren eguneraketaren arabera.  Plan honek jasotzen dituen 228 oztopoei 157 gehitu behar zaizkie; horietatik 112 iragazkor bihurtu dira azken 25 urteetan, eta gainerakoetan ez da jarduketarik egin behar, haien eragina oso txikia delako eta guztiz iragazkorrak direlako. Gainerako 399 oztopoak planetik kanpo geratzen dira, dagozkien ibai tarteak jarduketa eremutik kanpo geratzen direlako, teknika-, ingurumen- eta administrazio-faktoreen arabera.

Planean sartutako 228 oztopoetatik erdiak gutxi gorabehera (116 oztopo) gaindiezintzat jotzen dira, % 22k (51 oztopo) zeharkagarritasun moderatua dute, eta gainerako 61 oztopoak gainditzeko modukotzat jotzen dira, baina metatze efektuak eragin nabarmena izan dezake, eta, beraz, planean sartu dira.

Burutu behar diren obrei dagokienez, beti lehentasuna ematen zaio oztopoa behin betiko ezabatzeari, ebazpen horrek baititu ingurumen abantaila handienak; hala ere, hori egin ezin denean, beste soluzio batzuk aztertuko dira, hala nola arrapalak edo alboetako ubideak.  Helburua da oztopo edo gailu bakoitzetik pasatzeko eraginkortasuna %90ekoa edo handiagoa izatea. Horri dagokionez, egungo igarotze gailuen funtzionaltasunari edo eraginkortasunari buruz egindako berrikuspenek erakusten dute igarotze eraginkortasun orokorrak % 60 ingurukoak direla salmonidoen gorako migraziorako, eta % 20 ingurukoak ez-salmonidoetarako.

 

Oztopoak kentzeari buruzko mapa birtuala web orrian

Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak urteak daramatza hainbat lan eta azterlan egiten, oztopoen ondoriozko arazoak eta horiek arrain espezie migratzaileetan duten eragina aztertzeko. Lan horien ondorioz, ibaiak iragazkortzeko lan ugari egin dira; esaterako, oztopoak eraitsi dira, eta arrainak igarotzeko dikeak, arrapalak eta eskalak eraiki dira. Zehazki, 2000. urtetik 112 iragazkortze jarduera egin dira Gipuzkoako ibaietan, eta, horri esker, ibaien nabigagarritasunaren zati handi bat berreskuratu da. Hala, arrain fauna igarotzeko aukerak hobetu dira, bereziki espezie migratzaileentzat –batik bat amuarraina, izokina eta aingira–, eta arrainentzako ugalketa-habitat bideragarria hobetu da.

Lan horren berri emateko, Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak aplikazio bat jarri du herritarren eskura. Aplikazio hori Obra Hidraulikoen webgunean dago, eta 2000. urtetik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak ibaiak iragazkortzeko egindako jarduera guztiak biltzen ditu. Bisore horren bidez, obra horietako bakoitza banaka kontsulta daiteke eta laburpen fitxa bat sor daiteke esku hartze bakoitzaren ezaugarri nagusiekin.

  

1896