Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak 55 milioitan hobetu du aurreko urteko emaitza 2015eko Errentaren kanpainan

Gipuzkoak 55 milioitan hobetu du aurreko urteko emaitza 2015eko Errentaren kanpainan

Foru Ogasunak 203 milioi euro jaso ditu, eta 278 milioi itzuli zergadunei

2016/07/17

Gipuzkoako foru Ogasunak 76 milioi euroko saldo negatiboarekin itxi du 2015eko Errentaren kanpaina, 55 milioi euroko hobekuntza aurreko urtearekiko (+42%). Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, begi onez hartu du datua, azaldu duenez, agertoki ekonomikoaren indartzearen ondorio delako. “Hobekuntza, batez ere, 2015ean bai enpleguetan zein soldatetan izandako hazkundeek eragin dute”, adierazi du.

Larrañaga Donostian agertu da 2015eko Errentaren kanpainaren emaitzak aurkezteko, Ogasuneko zuzendari nagusia, Jokin Perona, eta Zerga Kudeaketako zuzendariorde nagusi den Yolanda Dominguezekin batera. Foru arduradunek 372.698 aitorpen aurkeztu direla zehaztu dute, pasa den urtean baino 593 gutxiago, azken urteetako beheranzko joerari jarraipena emanez.

Foru diputatuak esker oneko hitzak izan ditu herritarrentzat, eta kanpaina normaltasun osoz burutu dela nabarmendu du. Larrañagak gogoratu du zergek finantzatzen dituztela erakunde publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuak: “Foru Aldunditik, esaterako, 13.752 diru-laguntza eskaintzen ari gara mendekotasun egoeran dauden herritarrei, eta gure gizarte zerbitzuek 9.873 gipuzkoarri laguntze diete”. Hori dela eta, zerga alorreko betebeharren borondatezko betetzearen inguruko gizarte kontzientzia zabaltzeko lanaren garrantzia azpimarratu du. 

Kanpainaren emaitzaren inguruan, foru diputatuak azaldu du foru Ogasunak 278 itzuli dizkiela zergadunei eta 203 jaso. Honenbestez, saldoa -76 milioi eurokoa izan da, pasa den urtekoa baino 55 milioi hobeagoa da. “Hobekuntza enpleguen eta soldaten hazkundeek azaltzen dute”, azaldu du Larrañagak, triunfalismoak ekidin eta lanean jarraitzeko dei eginez. “Bide onetik goazela adierazten duten zantzuak dira, baina lan asko daukagu egiteko agertokia egonkortu ahal izateko”.

Zentzu honetan, foru diputatuak gogoratu du ekonomia sustapenak Foru Aldundiaren apustua izaten  jarraitzen duela helburu honetarako. “Lurraldeko ekonomia suspertu nahi dugu, aberastasun sortzaile baita, kalitatezko enplegu sortzaile. Hemendik lortu dituzte erakunde publikoek hain beharrezko dituzten baliabideak, gero ahalik eta gizarte ezberdintasun txikieneko gizartearen eraikuntzan eragiteko”, defendatu du. 

Peronak, bere aldetik, zehaztu du 217.744 aitorpen onartu direla, zergadunei bidalitakoen %87. Modalitate hau jada aitorpen guztien %60ra gerturatzen da, eta urtetik urtera goraka egiten ari da. “Modalitaterik erosoena da herritarrentzat. Jakitun gara hobekuntza abaguneak gero eta estuagoak direla, baina lanean jarraituko dugu proposamenak hobetu eta aldaketak egiteko aukerak zabalduz”, azaldu du. Aitorpen mekanizatuak, bere aldetik, 70.447 izan dira, eta Internet bidez aurkeztu direnak 84.507. Azken hauetatik 65.164 aholkulariek aurkeztu dituzte, eta 19.343 norbanakoek.

"Bide onetik goazela adierazten duten zantzuak dira, baina lan asko daukagu egiteko agertokia egonkortu ahal izateko", adierazi du Larrañaga diputatuak

Emaitzaren arabera, foru zuzendariak azaldu du 269.421 aitorpen itzultzera izan direla (pasa den urtean baina 9.044 gutxiago) eta 103.277 ordaintzera (2014ean baino 8.451 gehiago). “Itzultzeko aitorpenak guztiaren %72,3 dira, eta batez beste 1.034 euro itzuli zaizkio zergadun bakoitzari”, xehatu du Peronak. Ordaintzeko likidazioak, bestalde, %27,7 dira, aitorpeneko 1.962 euroko batez beste.

 

Aberastasuna eta Fortuna Handiak

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergari dagokionez, foru Ogasunaren diru-bilketa 64,3 milioi eurokoa izan da, pasa den urtean baino 5 milioi gehiago. Zerga honen araudia pasa den urteko udazkenean aldatu zen, Larrañagak gogoratu duenez, ekonomia sustapenari “oztopoak kentzeko”, hori baita Foru Aldundiaren apustu estrategikoa legealdi honetarako. Berrikuntzen eraginez 7.432 aitorpen aurkeztu dira, 2014ean baino 623 gutxiago, baina zerga-bilketa hazi egin da. “Zenbakiek arrazoia eman digute: helburu berdinera bide ezberdinetatik heldu gaitezke”, defendatu du foru diputatuak.

Azkenik, Dominguezek kanpainan parte hartu duten langileak zoriondu ditu egindako lanagatik. Zerbitzu karta, Ogasunak zergadunekiko hartzen dituen konpromisoak jasotzen dituen dokumentua, erabili du zuzendariordeak aitorpena argudiatzeko. Horrela, nabarmendu du zailtasun ertain edo altuko 21.992 telefono dei jaso direla kanpainan zehar, eta hauetatik 28 bakarrik galdu direla (%0,1). Itzulketen batez beste epea 1,17 izan da proposamenen kasuan, eta 1,27 mekanizatuenean. “Zenbakiok esanguratsuak dira benetan”, azpimarratu du. 

  

2163