Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Gipuzkoak 60 harrera-familia behar ditu

Foto Gipuzkoak 60 harrera-familia behar ditu

Gipuzkoak 60 harrera-familia behar ditu

‘Ikusezinak’ kanpaina aurkeztu du Aldundiak, babesgabetasun egoeran dauden haurrak ikusgarri egiteko eta harrera-familia gehiago lortzeko helburuz.

Gipuzkoak 60 harrera-familia behar ditu

Gaur goizean, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak ‘Ikusezinak’ kanpaina aurkeztu du. Kanpaina honen bidez, 60 harrera-familia lortu nahi dira hainbat arrazoi direla medio beren familietan bizi ezin dutelako harrera-familia bat behar duten haurrentzat. Gaur egun, Gipuzkoan, 414 haur eta gazte bizi dira harrera-familietan; horietatik 338 adingabeak dira, eta beste 76k harrera-familietan bizitzen jarraitzen dute adin nagusikoak izanagatik.

          “Askotan –azaldu du Peñak–, ez dugu ezagutzen neska-mutiko horiek bizi duten egoera, eta, horregatik, ikusezinak dira gizartearentzat. Kanpaina honen bitartez, ikusgarri egin nahi ditugu, eta, horri esker, beren etxeetan hartuko dituzten harrera-familiak bilatu”. Familiako harrera Gipuzkoan “egonkortuta” dagoen babes figura bat da, adingabeei alternatiba “ezin hobe” bat eskaintzen diena.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren familia-harrerako programak 31 urte betetzen ditu aurten. Lurraldean babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeek zailtasun handiko errealitateak dituzte beren familietan. Batzuetan, arazo horiek hain dira larriak, ezinbestekoa baita adingabe horiek beren familiatik kanpoko ingurune batean zaintzea. Guztiek ez dituzte behar berberak, baina familia baten berotasuna behar dute, eta, aldi berean, familia biologikoarekin harremana izaten segi, haiekin bizi ezin badute ere.

          Peñak azaldu duenez, kanpaina honetako protagonistak harrera-familiak berak dira (haurrak, gurasoak, anaia-arrebak), eta baita Izeba proiektuan parte hartzen duten familiak ere. “Sekulako balioa du familia eta haur horiek guretzako denbora hartu izanak, eta, horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu lankidetzan aritzeagatik, horrek indarra eta benetakotasuna ematen dizkiolako mezuari”, nabarmendu du Peñak, eta honela jarraitu du: “Saiatu gara erakusten, ikusgarri egiten, badaudela harrera-familia baten beharrean dauden haurrak, eta laguntzeko hainbat modu dagoela, gainera”. Izeba proiektuaren bitartez, adibidez, familiek izeba-osaben rola hartzen dute, egoitza-harreran bizi diren adingabeek dituen prozesuei laguntzeko. Programa hori 2009an sortu zen, eta gaur egun 158 harreman daude aktibo.

          “Beti behar dira harrera-familiak”, nabarmendu du Peñak, eta kanpaina zabaltzen laguntzera eta guztion artean “Gipuzkoaren aurpegirik onena erakustera” animatu ditu herritarrak, “olatua” interesatuta egon litezkeen familia guztiengana irits dadin, eta behar diren 60 familiak lor ditzagun.  Gogorarazi du, halaber, familia guztiek jasotzen dutela beharrezko laguntza eta babesa: “Profesional talde bat daukate, harreraren jarraipena egiten duena, eta profesional horiek beharrezko erabakiak hartzen dituzte familiaren eta adingabearen ongizatea zaintzeko. Horrez gain, familiek laguntza ekonomiko bat jasotzen dute ohiko gastu guztiak estaltzeko, baita kasuan-kasuan aztertzen diren laguntza bereziak ere”.

          Peñak eskerrak eman nahi izan dizkie egunez egun “lan bikain eta hain beharrezkoa” egiten duten harrera-familiei eta arlo horretan lan egiten duten Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik elkarteei. “Familiek kontatzen digute egunerokoa maiz zailtzen dela eta erronka handiei egin behar izaten dietela aurre, baina aldi berean esperientzia ona eta oso positiboa dela”.   Horregatik aitortu nahi izan du familia horien lana, ardura eta elkartasuna, eta gogorarazi du edozein pertsona izan daitekeela harrera-familia. Interesatuta egon litezkeen familiak deitzera eta informazioa eskatzera animatu ditu, “hori baita egin beharreko lehen urratsa eta, askotan, zailena”.

gipuzkoa.eus

familiaharrera@gipuzkoa.eus

943 112522