Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak adimen artifizialeko startaupen ekosistema sustatuko du: abian da CDL-Donostia AI for Startups 2025 programaren lehenengo deialdia

Gipuzkoak adimen artifizialeko startaupen ekosistema sustatuko du: abian da CDL-Donostia AI for Startups 2025 programaren lehenengo deialdia

Programaren lehen edizioa 2025eko irailaren 30ean hasiko da, eta helburu du nazioarteko bokazioa duten adimen artifizialeko oinarri zientifiko-teknologikoko startupak bultzatzea. CDL-Donostia San Sebastián AI for Startups 2025 programak mentoretza estrategikoa, sare globaletarako sarbidea eta ikerketak enpresa-proiektu eskalagarri bihurtzeko laguntza egituratua eskainiko ditu.

Donostian Creative Destruction Lab (CDL) abian jarri ondoren, Gipuzkoak beste aurrerapauso bat eman du bere berrikuntza-estrategian, CDL-Donostia AI for Startups 2025en lehen deialdia abian jarrita. Ekimen hori BIC Gipuzkoak eta IESE negozio-eskolak kudeatzen dute, eta helburu nagusia da adimen artifizialaren (AA) esparruan mentoretza eskaintzea eta startupak bizkortzea, arreta berezia jarrita hizkuntza naturalaren prozesamenduan eta hizkuntza-ereduetan. Osagarri gisa, CDL-Donostia San Sebastián, CDL Quantum nazioarteko sarean ere txertatuta dago, eta horrek indartu egiten du lurraldeak teknologia emergenteen eremuan duen posizioa, eta Donostia, Calgary, Toronto eta Montrealekin batera, programaren garapeneko parte aktibo gisa kokatzen du.

Deialdia, oinarri zientifiko-teknologikoa duten, AAko, NLPko (Natural Language Processing) edo eredu eleaniztunetako soluzioak garatzen dituzten eta inpaktu handiko produktu eta zerbitzu eskalagarriak sortu nahi dituzten startupei zuzentzen zaie. Deialdia 2025eko irailaren 30eko 23:59 arte egongo da irekita, eta munduko edozein lekutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira, ez dute nahitaez Europar Batasunean eratuta egon behar.

Hautatutako startupek programa hibrido batean parte hartuko dute, aurrez aurreko eta online saioak uztartuko dituena, eta helburua haien hazkundea bultzatzea izango da. Nazioartean ospea duten ekintzaile, zientzialari eta inbertitzaileen mentoretza pertsonalizatua izango dute, bai eta CDLren sare globalerako sarbidea ere, akzio-partaidetzarik laga gabe. Laguntza horri esker, beren ikerketak nazioarteko proiekzioa izango duten produktu eta zerbitzu bihurtu ahal izango dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Anduezak hau adierazi du: “Lehen deialdi honekin, Gipuzkoak bere estrategia sendotu du sortzen ari diren eragin handiko teknologietan abangoardian kokatzeko, hala nola adimen artifizialean eta konputazio kuantikoan. Programa hau aurrerapauso erabakigarria da, lurraldearen gaitasun zientifiko eta teknologikoa indartu, startupen sorrera bultzatu eta kalitatezko enplegu kualifikatua sortzen lagunduko duen ekosistema bat sendotzeko.”

CDL- Donostia San Sebastian AI for Startups 2025 programa Gipuzkoa Quantum estrategiaren baitan jarri da abian. Estrategia horren helburua da adimen artifizialaren eta konputazio kuantikoaren inguruko nazioarteko berrikuntza-ekosistema bat finkatzea. Programa honekin, Gipuzkoak deep tech teknologien garapenean erreferentziazko espazio gisa duen posizioa indartzen du, bere ekosistema zientifiko, akademiko eta enpresarialaren sendotasunari esker. Gainera, konputazio kuantikoko tokiko azpiegiturak balio erantsia ematen die muga teknologiko horretan lan egiten duten startupei. Testuinguru horretan, datorren urriaren 15ean IBM Quantum System Two instalatuko da IBM – Euskadi Quantum Computational Centre-n, eta hori lehen mailako baliabide estrategikoa izango da.

- Eskaerak aurkezteko esteka: https://creativedestructionlab.com/application-triage/

- Programari buruzko informazio gehigarria: https://creativedestructionlab.com/program/

  

2881