Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak astean gutxienez lau irteera eta bi bisita egiteko aukera emango du egoitzetan

Gipuzkoak astean gutxienez lau irteera eta bi bisita egiteko aukera emango du egoitzetan

Euskadiko COVID-19aren Koordinazio Soziosanitarioko Organoak protokolo partekatua adostu du hiru foru aldundientzat, eta bihar sartuko da indarrean Gipuzkoan

Hainbat lan asteen ostean, Euskadiko COVID-19aren Koordinazio Organoak protokolo partekatu bat adostu du hiru lurraldeetan aplikatzeko. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakitera eman duenez, akordio horri esker, bihartik aurrera, Gipuzkoako egoitzek gutxienez lau irteera eta astean bi bisita egiteko aukera izango dute, erabiltzaile bakoitzeko, "senideekin eta gertukoekin harremana sendotzeko, hain beharrezkoa dena".

Hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jarduera-protokolo bat landu eta adostu dute adinekoen eta desgaitasuna dutenen egoitza-zentroetako bisitei eta irteerei dagokienez; izan ere, zentro horietako egoera "nabarmen" hobetu da azken asteetan, alde batetik, erabiltzaileen eta langileen txertaketaren ondorioz, eta, bestetik, komunitateko egoera epidemiologikoak bilakaera ona izan duelako.

Peñak azaldu duenez, erakundeak azken asteetan lantzen ari diren protokoloak adinekoen eta egoitza-zentroen "beharrei eta gaitasunei" erantzuten die. Hori dela eta, "gutxieneko kontaktuak" ezartzeko erabakia hartu da; izan ere, egoerak ahalbidetzen badu, bisitak eta irteerak egunero egin daitezke. Gainera, diputatuak adierazi du orain arte pertsona bakarra sar zitekeela, eta protokolo horrek bi pertsona aldi berean izatea aurreikusten du, eta ez dute beti berberak izan beharko.

Protokoloan planteatzen diren baldintza berriak etenda geratuko lirateke egoitza dagoen udalerriak 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako 14 eguneko intzidentzia metatua gainditzen duenean. "Gipuzkoaren kasuan, irteerak lurraldeko egoitza guztien ondoan sortutako gune seguruetan egiten jarraituko lirateke, paseo horiek modu seguruan eta kontrolatutako gune batean egitea ahalbidetzen dutelako", azpimarratu du Maite Peñak.

Diputatuak joan den ostiralean iragarri zuenez, protokoloaren proposamena martxoaren 5eko LABIra eramango da, berrets dezaten, baina bihar bertan Gizarte Politikako foru diputatuak dekretu bat sinatuko du protokolo berrian adostutako neurri berriak bihar bertan indarrean jar daitezen.

  

1257