Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak aurrera egiten du bioekonomian, Aldundiaren eta CEITen arteko hitzarmen berri baten bidez

Gipuzkoak aurrera egiten du bioekonomian, Aldundiaren eta CEITen arteko hitzarmen berri baten bidez

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 165.000 euroko zuzkidura izango du akordio horretan, 2023an hasitako ikerketa-ildoarekin jarraituko du, eta biometano-biofindegi baten garapenean, biomasaren balorizazioan eta hondakinak kudeatzeko teknologia berrien ezarpenean oinarrituko da.

2024/07/22
CEIT

José Ignacio Asensio: "Biometanoko biofindegi baten ikerketak eta garapenak eta hondakin organikoen balorizazioak gure baliabideak hobeto aprobetxatzen eta gure aztarna ekologikoa murrizten lagunduko digute. Konpromisoa hartu dugu Gipuzkoa erreferente bihurtzeko bioekonomian eta jasangarritasunean, eta akordio hau hori lortzeko hartu dugun erabakiaren adibide garbia da ".

Lurraldean jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzeko ahaleginean, Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok eta CEIT Teknologia Zentroko zuzendari nagusi Juan Meléndezek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 164.150 euroko inbertsioa egin du akordio horren alde, eta haren helburua da bioekonomiako ikerketak garatzea eta proiektu berritzaileak sustatzea, baliabideen erabilera eraginkorra eta hondakin organikoen balorizazioa indartzeko.

Lankidetza horrek 2023an hasitako ikerketa-ildoari jarraitzen dio, eta 2024rako helburu estrategiko batzuk ditu ardatz. Horien artean sartzen da Gipuzkoako lehen biofindegiaren aurrediseinu integrala, biometanoa ekoiztera bideratua, bai eta hainbat biomasen balorizazio-lerro berrien ikerketa ere. Gainera, biofindegian biomasa berriak sartzeko software bat garatuko da, eta ekoitzitako digestatoa balorizatzeko aukerak aztertuko dira.

Hitzarmen horri esker, enpresen lagin baten hondakinen karakterizazioa 2024an lortzea espero da, lurraldeko industria-hondakin organikoen % 80 inguru baitira. Ahalegin horrek aurreko urtean egindako lana zabaltzen du, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinetara ere zabalduko da, ekoizpen-bolumenari eta ingurumen-arazoei dagokienez duten garrantziagatik.

Akordio honetan aurreikusitako jardueren artean honako hauek daude: nekazaritzako elikagaien sektoreko biomasaren karakterizazioa, nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreko hondakinen karakterizazioa, karakterizatutako hondakinen nahasketa optimoa eta biometanoa ekoizteko duen potentziala zehaztea, prozesuaren eskalagarritasunaren azterketa eta etorkizuneko biofindegiaren industria-aurrediseinua, eta lurraldean biofindegi bat instalatzearen bideragarritasun ekonomikoa ebaluatzeko merkatu-azterketa bat egitea, lankidetza publiko-pribatuko eredu batean oinarrituta.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak adierazi duenez, "hitzarmen hau aurrerapauso esanguratsua da Gipuzkoarako etorkizun jasangarriago baterantz. CEIT Ikerketa Zentroarekin lankidetzan, berrikuntzan eta teknologian inbertitzeaz gain, ingurumena eta ekonomia zirkularra babesten ere laguntzen dugu. Biometano-biofindegi bat ikertu eta garatzeak eta hondakin organikoak balorizatzeak gure baliabideak hobeto aprobetxatzen eta gure aztarna ekologikoa murrizten lagunduko digute. Konpromisoa hartu dugu Gipuzkoa erreferente bihurtzeko bioekonomian eta jasangarritasunean, eta akordio hau hori lortzeko hartu dugun erabakiaren adibide garbia da".

Bestalde, Juan Mélendez CEITeko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “CEITek izugarri eskertzen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak emandako konfiantza. Akordio honek jasotzen du bi erakundeek konpromisoa dugula lurraldeari ekonomia zirkularrean eta birziklapenean aurrera egiten lagunduko dion teknologia ikertzen eta garatzen jarraitzeko”.

Akordio hau 2019-2030 aldirako Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren (GHHKPO 2019-2030) barruan kokatzen da. Plan horren REC-5 ekintzaren bidez, GK Recycling berrerabilpen- eta birziklatze-klusterraren jarduera sustatu nahi da, Gipuzkoan ekonomia zirkularra eta birziklapena sustatzeko. Ekintza horren barruan sartzen da plan estrategiko bat garatzea, I+G+B arloko ekintza pilotuak sustatzea eta klusterra zabaltzea zentro teknologiko, unibertsitate, fundazio eta enpresa gipuzkoar gehiagorekin.

Gaur egun 110 kide dituen kluster horretan unibertsitateek, zentro teknologikoek eta enpresek parte hartzen dute, eta honako helburu hauek ditu: baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea, ingurune naturaleko lehengaien erauzketa murriztea eta hondakinetan dauden materialen berrerabilera edo balorizazioa sustatzea.

CEITek esperientzia zabala du bioekonomiarekin lotutako arloetan, hondakin organikoen kudeaketa eta balorizazioa, hondakin-uren konposatuen berreskurapena eta hainbat tratamendu biologiko aurreratu barne. Esperientzia hori funtsezkoa da lankidetza-hitzarmen honetan planteatutako helburuak lortzeko.

  

11718