Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak bere posizio ekonomikoa finkatzen du, salmenta datu “bikainak” ezagutu ondoren

Gipuzkoak bere posizio ekonomikoa finkatzen du, salmenta datu “bikainak” ezagutu ondoren

Markel Olanok Gipuzkoako enpresen salmenta datuen urteko laburpena aurkeztu du Cometelera egindako bisitan.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak honela laburbildu du, “salmentak, inportazioak, enplegua eta soldata-masa hazi egin dira 2018an, eta horiei esker, bigarren urtez jarraian, datu bikainak lortu ditugu”. Elgoibarko Cometel enpresara egindako bisita aprobetxatuz, diputatu nagusiak bere adierazpenetan azaldu du salmenten guztizkoa 6,6 puntu hazi dela, 5,8 puntu barruko salmentak eta 8 puntu esportazioak, 2017 datuekin alderatuta.

Sektoreka, Gipuzkoako Ogasuneko datuen arabera, industriako salmentak 6,5 puntu hazi dira, 0,7 puntu eraikuntzan eta 7,4 puntu zerbitzuen sektorean. Inportazioak 10,5 puntu hazi dira, enplegua 3,6 puntu eta soldata-masa 4,6 puntu. Datu horiek eman ondoren, hauxe azpimarratu du Olanok: “Zifrak adierazle guztietan igo dira eta horrek erakusten du Gipuzkoa ekonomikoki indartsua dela”.

            Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak argitaratutako Gipuzkoako enpresen salmenten urteko txostenak erakusten du, diputatu nagusiaren hitzetan, “datuak urteko azken hilabetean ere oso onak izan direla, eta urte bikain bat borobildu dutela. Hazkundea 2017an baino zertxobait txikiagoa izan da, batez ere, barruko salmenten hazkundea txikiagoa izan delako. Alabaina, esportazioen hazkundea handiagoa izan da. Nolanahi ere, adierazle guztien zifrak bikainak dira bigarren urtez jarraian, eta horrek Gipuzkoako ekonomiaren indarra erakusten du”. Gainera, enpleguari eta soldatei dagokienez, zera erantsi du, “erregistrorik onenak dira krisia hasi zenetik”.

            “Mundu zabaleko gertaera politiko eta komertzialek sortzen dituzten egoeren aurrean, gure industriaren lehiakortasuna garatzen jarraitzeko gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu. Beti ere zuhurtziaz, baina determinazioz”, baieztatu du Olanok, zeinak ziurtatu duen Aldundiak industria sustatzeko programak babesten jarraituko duela, lurraldearentzat “ezinbesteko sektorea” delako, kalitatezko enplegua sortzeko eta beste sektore batzuk bultzatzeko duen gaitasunagatik.

            Diputatu nagusia Cometel enpresara joan da Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin eta Ana Beitia Elgoibarko alkatearekin batera. Foru arduradunei harrera egin diete enpresako zuzendari den Sandra Montesek, kontseilari delegatu den Miguel Angel Montesek, enpresaren sortzaileetako bat den Miren Pérezek eta negozio garapeneko arduradun den Oihana Telleriak. Lan bilera bat egin ondoren, foru arduradunak eta Cometeleko arduradunak enpresak Elgoibarren dituen instalazioak bisitatu dituzte, eta gertutik ezagutu ahal izan dute Cometelek egiten duen lana soluzio adimendunak diseinatuz eta fabrikatuz, mekanizatuko txirbilak, estanpazio-ebakinak eta hondakin metalikoak garraiatu eta tratatzeko; ekonomia zirkularrean sakontzen duen enpresa delarik.

            Cometelek 30 urtetik gorako esperientzia du, 40 langile ditu, eta beste produkzio planta bat ere badauka Mexikon, beste sei langilerekin. Bere ezaugarri nagusia da “apustu irmoa” egitea internazionalizazioaren, berrikuntzaren, eta produktuaren dibertsifikazio eta garapenaren alde, Sandra Montes zuzendari nagusiak adierazi duen moduan.

Cometel, Gipuzkoaren indar ekonomikoaren adibide

Cometel ibilbide eta ospe handiko familia-enpresa bat da, 30 urteko ibilbidea bete berri du, eta hasieratik makina-erremintaren sektorean aritu da. Lehenengo urteetan, Cometelek makina-erremintarako osagarriak diseinatzen eta fabrikatzen zituen, eta 1993az geroztik, bere ahaleginak ekipoen azken erabiltzailearentzako soluzio osoak ekoiztera bideratuta daude.

Cometel enpresaren “espiritu globala” dela eta, Elgoibarko eta Mexikoko plantetatik egiten dute lan bost kontinenteetara, “erabiltzeko prest dauden soluzioak” eskaintzeko. Cometelek 20 herrialdetan baino gehiagotan du presentzia, eta bere bezero nagusiak dira automozio enpresa handien tier 1 eta tier 2 hornitzaileak, eta piezen fabrikazio-prozesuan sortzen diren metalen birziklatzaileak. Hain zuzen ere, nazioarteko orientazio handia duen enpresa bat da, bere salmenta guztien % 85a esportatzen baitu, zuzendari nagusiak adierazi duenez. Enpresaren beste apustu sendo bat berrikuntza da: “Berrikuntzak Cometelen lan prozesu guztiak hartzen ditu, diseinu eta ingeniaritzako hasierako faseetatik produkzio eta instalazioko faseetaraino”. “Pertsonalizazioa ere funtsezkoa da. Gure gaitasun teknologikoak eta malgutasunak aukera ematen digute planteatutako premia bakoitzerako soluzio espezifikoak diseinatzeko”, gaineratu du Montesek.

            Diputatu nagusiaren hitzetan, “Cometel bezalako enpresak Gipuzkoaren izaera ekonomiko eta industrialaren adibide garbiak dira: etengabeko hobekuntzaren eta berrikuntzaren alde ari diren eta munduari begira dauden enpresak dira”. Horrez gain, “bigarren urtez jarraian lortu ditugun salmenta datu onek agerian jartzen dute Cometel bezalako enpresek egiten duten lan bikaina; eta erakusten dute Gipuzkoa gero eta indartsuagoa den industria-lurralde bat dela”, adierazi du diputatu nagusiak.

  

2005