Gipuzkoak etorkizuneko mugikortasun autonomo eta adimentsuaren prototipoetan sakondu du Hanburgon
Gipuzkoak etorkizuneko mugikortasun autonomo eta adimentsuaren prototipoetan sakondu du Hanburgon
Unai Andueza eta Igor Villarreal, erakundeetako ordezkariekin elkartu dira, LandaGO proiektuaren testuinguruan gogoeta egiteko eta mugikortasun autonomoak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du, eta goitik behera aldatuko du landa mugikortasunaren eredua etorkizunean. Topaketa funtsezkoa izan da, halaber, MUBILek eta Gipuzkoako ekosistema teknologikoak mugikortasun autonomoaren eta hiri plangintza adimendunaren Europako erreferente gisa duten posizionamendua indartzeko.

Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatua eta Igor Villarreal, MUBIL, Gipuzkoako mugikortasun adimendun eta konektatutako erreferentziako zentroko zuzendari nagusia, UITP 2025 goi bileran izan dira, garraio publikoaren etorkizunari eta mugikortasunaren automatizazioari buruzko Europako foro nagusian. Foru ordezkariez gain, Vicomtech eta BasqueCCAM enpresetako adituak ere izan dira Hanburgon. Gaur egun, bi enpresa horiek MUBIL poloaren barruan ibilgailu autonomo eta adimendunen garapenean eta LandaGO, landa mugikortasun autonomoko proiektuan parte hartzen dute.
Kongresuan bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte mugikortasun autonomo, konektatu eta datuetan oinarritutako irtenbideen hedapenari buruzko Europako joerak, eta sektoreko liderrekin eta Europako arduradun publikoekin harremanetan jarri dira. Era berean, MOIA ibilgailu autonomo, jasangarri eta partekatua aurrez aurre ikusteko aukera ere izan dute ordezkariek, bisita pribatu bat egin baitute, Alemaniako erakunde ordezkariekin batera, prototipoa garatzen ari den Volkswagen enpresaren instalazioetara.
Bisita hori eta UTIP 2025ean parte hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategiaren barruan sartzen dira. Izan ere, estrategia horrek mugikortasun adimenduna garatzearen alde egiten du, «ez bakarrik Gipuzkoako udalerri txikietan kalitatezko garraio zerbitzu autonomo eta jasangarri bat emateko (LandaGO), baita Gipuzkoa osoan ere, eta, gainera, kalitatezko enplegu aukera berriak sortzeko, etorkizuneko sektoreak bultzatuz, hala nola mugikortasuna; bi kasuetan, Gipuzkoako herritar guztien ongizate integralaren mesedetan», adierazi du Anduezak. Hala, foru diputatuak nabarmendu duenez, "bidaia baliagarria izan da beste herrialde batzuetan egiten ari diren proiektuak hobeto ezagutzeko, nazioarteko adituekin batera hausnarketa egiteko eta lurraldeko mugikortasun estrategian aurrera jarraitzeko ideiak hartzeko". Halaber, "gure MUBIL azpiegitura teknologikoa nazioartean kokatzeko aukera izan dugu".
MUBIL
Gipuzkoak MUBIL azpiegitura estrategikoa du, etorkizuneko mugikortasunari aplikatutako teknologien garapena bultzatzeko sortua. Gainera, lankidetza publiko-pribatuko eta berrikuntza irekiko nodo gisa jarduten du, funtsezkoa baita sektorearen eraldaketan.
Berrikuntzaren aldeko apustu horretan, City Science Lab Gipuzkoa (CSL Gipuzkoa) jarri da abian duela gutxi. Laborategi hori MIT Media Lab (Massachusetts Institute of Technology) erakundearekin elkarlanean sortu da, eta Nafarroako Unibertsitatearen Tecnun Ingeniaritza Eskolaren partaidetza izan du. Espazio honek hiri plangintza adimendunaren forma berriak esploratzeko aukera ematen du, simulazio digitalak, bistaratze aurreratua eta datu konplexuak bitarteko direla.
Horrela, Gipuzkoa CSL MUBIL ekosistemako beste aktibo estrategiko batzuei batzen zaio, hala nola energia biltegiratzeko laborategiei, trakzio elektrikoari eta hidrogeno pilei. Elkarrekin ingurune bakarra osatzen dute Europan, ezagutza kontzentrazioa, entsegu gaitasuna eta garapen teknologikoa dela eta.
MUBIL Center 48.000 m²-ko lurzati batean dago kokatuta, Donostian, eta 25 milioi euroko inbertsioa egin da, enpleguaren eta espezializazioaren eragile izan dadin. 2026rako 350 lanpostu kualifikatu baino gehiago sortzea aurreikusten da, eta Gipuzkoa funtsezko aktore bihurtzea etorkizuneko mugikortasun jasangarria eta konektatua diseinatzeko.
LandaGO
LandaGO Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako landa eremuetan mugikortasuna hobetzeko sustatu duen Europako proiektu aitzindaria da. LandaGO proiektuaren lehen fasea 2024ko azaroan hasi zen, teknologiaren bideragarritasuna aztertzeko eta datu kritikoak ateratzeko lehen probekin, bai Abaltzisketa eta Amezketa arteko ibilbidean, bai antzeko beste bide batzuetan, meteorologia eta argiztapen baldintza desberdinetan. Ikuspuntu teknikotik, datozen hilabeteetan posizionamendu sistemen zehaztasuna hobetzeko eta maniobren plangintza optimizatzeko lanean jarraitzea aurreikusten da, erosoagoak izan daitezen. Gainera, frenatze automatikoaren lehenengo probei ekingo zaie, mota horretako errepideetan oztopo prototipo batzuk jarrita, sistemaren segurtasunean aurrera egiteko.
Mugikortasun autonomoko proiektuetan identifikatutako erronka nagusietako bat haien onarpen soziala da. Ildo horretan, ibilgailu autonomoa herri txikietako jendearen beharretara egokitzeko, inkestak egiten hasi dira, eta proiektua zein haren euskarri den teknologia gizarteratzen, herritarrak garraio mota horren onurez jabetzeko eta sor litezkeen mugikortasun eskaerei erantzuteko. Egindako lehen inkesten emaitzek erakusten dutenez, Abaltzisketako eta Amezketako biztanleen % 63k begi onez edo modu neutroan ikusten du mugikortasun autonomoko proiektua eta % 16k, berriz, nolabaiteko beldurra edo mesfidantza sentitzen du.
Abaltsizketa eta Amezketa artean egiten ari diren probez gain, aurreikusten da uda honetan hasiko direla tarte horretan ikasitakoa aplikatzen, Zerain eta Segura artean egingo den beste proba batean. Horrela, datu gehiago biltzea espero da, zerbitzu honen egokitzapenean aurrera egiteko eta fase bakoitzean eredua optimizatzeko.
Hanburgoko UITP 2025 kongresura egindako bisita funtsezko aukera izan da MUBIL Gipuzkoako erreferentziazko azpiegitura teknologikoaren eta LandaGo landa mugikortasun autonomoko proiektuaren posizionamendua indartzeko eta bultzada emateko. Biak ere lurraldearen apustu estrategikoak dira etorkizuneko mugikortasunaren erronkei aurre egiteko.
Argi dago zein den helmuga: garraio zerbitzuak garatzea, herritarren behar berriei erantzuteko, lurralde kohesioa indartzeko eta Gipuzkoan bizi diren pertsonen ongizate sozial eta ekonomikoa hobetzeko.
Proiektua aitzindaria da Europan, eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetza du, Segurtasun Sailaren bidez (MUBIL, Vicomtech, BasqueCCAM eta Eurogap Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren Poloa). Hala, lehen fasean aurrera egiten du, herritarren iritziak ezagutzeko eta proiektua kolektibo horren eskakizunetara egokitzeko.
4582