Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak Gastronomia digitalari buruzko munduko feria garrantzitsuenetako batean hartuko du parte

Gipuzkoak Gastronomia digitalari buruzko munduko feria garrantzitsuenetako batean hartuko du parte

Eragile ezberdinekin elkartuko da Ainhoa Aizpuru foru diputatua buru duen LABe estrategiaren ordezkaritzak Smart Kitchen Summit 2019 kongresuan

LABe Gipuzkoako gastronomia digitaleko estrategiaren ordezkaritzak datorren astean egingo den Smart Kitchen Summit 2019 kongresuan hartuko du parte, gastronomia eta teknologia alorretako munduko topaketarik garrantzitsuenetakoa. Aurtengoa urriaren 7 eta 8an egingo da Seattle-n (Estatu Batuak). Proiektu Estrategikoetako foru diputatu den Ainhoa Aizpuru izango da Gipuzkoako ordezkaritzaren burua, eta berarekin egongo dira Basque Culinary Center (BCC), Euskadiko Elektrotresna Klusterra (ACEDE) eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko ordezkariak.
Bidaiaren helburua, Aizpuruk azaldu duenez, LABe-ren  kontaktu sarea indartzea da, elikaduraren balio kate osoko nazioarteko erreferenteekin. LABe Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan sortu da, sektoreko eragileekin lankidetzan. Kongresuan estrategia hau ezagutaraziko dute Gipuzkoako ordezkariek, lurraldeak dituen esperientzia eta potentzialarekin batera. “Onenengatik ikastea da helburua, aliantza eta sinergia berriak eraikitzea nazioartean, lurralde bezala aurrerapausoak ematen jarraitzea ahalbidetuko digutenak,” esan du foru diputatuak, Gipuzkoa sektore honetan mundu mailako erreferentea dela nabarmenduz. 
Proiektu Estrategikoetako departamentuaren arduradunak ordezkaritza gipuzkoarraren osaketan ere jarri du azpimarra, elikagaien balio katearen alor guztietako ordezkariak biltzen dituelako. “Seattle-n ordezkaritza izango du gure ostalaritzak, gure ezagutza zentroek, gure osagaien industriak… Hau da, LABe-ren aterkipean, gure lurraldeko gastronomiaren sektorearen den bezala aurkeztuko dugu: jarduera ekonomiko aurreratua, eta lankidetzan ari dena Gipuzkoaren interesen defentsan”, aldeztu du Aizpuruk. Gaineratu duenez, lankidetza eta eragileen arteko elkarlana dira hain zuzen ere LABe-ren ezaugarri nagusietako bat.
Aizpuruk adierazi du estrategia honen helburu nagusia dela Gipuzkoako gastronomia sektorearen transformazioa sustatzea, digitalizazioarentzat egiteko. “Industria honetako balio katean aldaketak eta hobekuntzak sartzea da gure xedea”, esan du. Gaineratu duenez, LABeren jomugen artean dago baita ere zerbitzu osagarrien familia-negozioek aurrera egitea, eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz negozio eredu berriak identifikatu eta egun sektorean lanean diharduten eragileen formakuntza maila hobetzea.  
“Helburu nagusia, beraz, XXI. mendean Gipuzkoa gastronomia arloko mundu mailako erreferente izaten jarraitzea da, bai kalitatearen ikuspegitik zein elikadura osasuntsu eta jasangarritasunaren ikuspegietatik. Sektoreak teknologia berriak baliatzeko gai izan behar du, soluzioak eta negozio eredu berriak aurkitzeko”, azaldu du Aizpuruk. Honela, LABe estrategia martxan jarrita, gastronomiak etorkizunean izango dituen erronkei aurrea hartu nahi zaie, Gipuzkoako sektoreko balio kate osoan teknologia berrien erabilera sustatzeko. 

SKS, mundu mailan punta-puntakoa
Smart Kitchen Summit kongresuak bosgarren edizioa izango du aurtengoa. Mundu mailan punta-puntako topaketa da, eta gastronomia-ekosistema osoko nazioarteko erreferenteak biltzen dira bertan, teknologia berriak ezagutu, soluzioak esploratu, ondo funtzionatzen ari diren eredu berriekin hartu-emana izan eta elikaduraren balio kate guztiko eragileekin aliantzak erdietsi eta lankidetza bideak irekitzeko. Entzute handiko hizlariak ditu ekitaldiak, tartean gastronomia eta teknologien arloko enpresa liderretako exekutiboak; adimen artifiziala, robotika edota agro-berrikuntza bezalako arloetako ekintzaileak; elikadura eta sukaldaritzaren etorkizunean adituak; inbertsoreak; erreferente diren kazetariak; edota mundu mailan ezagunak diren sukaldariak. 
50 topaketa, mintegi interaktibo edota erakustaldi baino gehiago aurreikusten ditu kongresuaren programak, gerturatzen direnei etorkizuneko gastronomia ezagutzeko aukera emango dietenak. “Parte hartzen dutenen garrantziagatik eta batez ere bertaratzen direnen garrantzia dela eta, Gipuzkoak ezin zuen huts egin SKS bezalako topaketa batera. Urrezko aukera da gure kontaktu sarea hedatu eta gure lurraldeak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko. Egun mundu mailako gastronomia erreferentea gara, baina ezerk ez digu ziurtatzen bihar hala izaten jarraituko dugunik. Horregatik lanean jarraitu behar dugu, gure posizioa indartu eta etengabeko hobekuntzaren alde egiteko”, amaitu du.

  

2262