Gipuzkoak gizarteratzearen ibilbide orria indartu du II. Elkar EKIN Planarekin
Gipuzkoak gizarteratzearen ibilbide orria indartu du II. Elkar EKIN Planarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar-EKIN Gizarteratze Planaren lehen bi urtetako balantzea aurkeztu du hirugarren sektoreko erakunde, entitate eta eragileen aurrean

Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar-EKIN (2022 – 2026) Gizarteratze Planaren lehen bi urteetako balantzea partekatu du Orona Aretoan, erakundeetako ordezkarien, hirugarren sektoreko eragileen, gizarte erakundeen, gizarte-zerbitzuetako profesionalen eta herritar interesdunen aurrean. Egindako ibilbideaz gain, Gipuzkoan, gizarteratzearen arloan, datozen bi urteetako ibilbide orria markatuko duten lan ildo nagusiak aurkeztu dira.
Konpromiso kolektiboa
Topaketari esker, aldi horretan lortutako aurrerapenak ikusarazi eta erakunde publikoen eta gizarte erakundeen arteko elkarlanari balioa eman ahal izan zaio. Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azaldu duen moduan: "ebaluazio jardunaldi bat ez ezik, konpromiso kolektiboa aitortzeko gune bat ere bada, lurraldean gizarteratzeko eta enplegua lortzeko aukerak zabaltzeko lankidetza sare sendo bat ehuntzeko aukera ematen ari dena".
Elkar-EKIN Gizarteratzeko II. Plana Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoarekin eta Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuaren 20-30 Agendarekin bat datorren apustu estrategikoa da. Helburu nagusia da bazterketa egoerak prebenitzea eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuak sustatzea, lankidetza publiko sozialaren, erakundeen arteko koordinazioaren eta gizarte berrikuntzaren bidez.
Jardunaldian zehar, zortzi proiektu zehatz aurkeztu dira, bi mahai ingururen barruan, planaren eraldaketa proiektua gorpuzteko. Horri esker, parte hartzaileei esperientzia errealak hurbildu ahal izan zaizkie, publikoaren eta gizartearen arteko elkarlanetik bultzatuta.
Estrategia egituratua eta ebaluagarria
II. Elkar EKIN Plana lau ardatz estrategikotan eta ondo egituratutako plangintza operatiboan oinarrituta antolatzen da, bi urteko planetan banatuta. Jasotako ekintzak trakzioneurrien, proiektu berritzaile eta/edo berezien eta jarduketa osagarrien inguruan biltzen dira, eta horrek esku hartze integrala, eraldatzailea eta ebaluagarria errazten du.
Trakzio neurrien artean, epe luzera egiturazko ondorioak eragiten dituztenak daude, gizarte zerbitzuen sistema osoan eragina izateko gaitasuna dutenak. Bestalde, proiektu berritzaile eta bereziek ikuspegi berritzaileak eskaintzen dituzte, batez ere hirugarren sektoreko erakundeek bultzatuta, Aldundiarekin lankidetzan. Azkenik, jarduera osagarriek, zehatzagoak badira ere, gobernantza, ebaluazioa eta sistemen arteko artikulazioa indartzen la-guntzen dute.
Planak arreta berezia jartzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoa indartzean, ibilbideak pertsonalizatzean, enplegua, etxebizitza, diru sarrerak, osasuna edo hezkuntza bezalako eskubideak eskuratzeko aukera hobetzean, eta komunitatea bazterkeriaren aurkako borrokan aktiboki inplikatzean.
2022–2024 aldiko balantzea
2022 – 2024 Plan Operatiboaren lehen balantze honetan, Zainketa eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin sustatutako, finantzatutako edo garatutako 35 ekintza identifikatu dira. Horietatik 13 trakzio neurriei dagozkie, 14 proiektu berritzaileei eta 8 jarduera osagarriei.
Aldi horretan aurrerapen nabarmenak izan dira aktibazioko eta enplegagarritasuneko oportunitateen sorreran. Beste ekimen batzuen artean, Elkar EKIN LANEAN estrategia zabaldu da, duela gutxi ekainaren hasieran egindako jardunaldi batean ikusarazi dena. Estrategia hori posible izan da administrazio publikoek, gizarte erakundeek, unibertsitateek eta beste eragile batzuek bat egiten duten gizarteratze eta laneratze ekosistema bati esker.
Gobernantza eta partehartzea
Planaren gobernantza jarraipen batzorde baten eta aholkularitza talde tekniko baten bidez egituratzen da, eta Aldundiak berariaz eskertu die plana ematea. Gizarteratze Sareko profesionalen lana ere aintzat hartu da, eta berriki topaketa bat egin da sarearen etorkizuna kolektiboki marrazteko.
"Aurrean ditugun lorpenei eta erronkei buruz hausnartzeko espazioak sortzen jarraituko dugu, Gipuzkoa inklusiboagoa, kohesionatuagoa eta bizi dugun une sozialarekiko sentikorragoa eraikitzeko konpromiso irmoarekin", esan du Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak.
4805