Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak herritarrek oinarrizko zientziari ekarpenak egitea sustatuko du

Gipuzkoak herritarrek oinarrizko zientziari ekarpenak egitea sustatuko du

Foru Arau aurreproiektua aurkeztu du, lurraldeko oinarrizko ikerkuntzaren mezenasgoa sustatzeko kenkari berri eta indartsuen bitartez.

2022/05/30
Markel Olano diputatu nagusia eta Jokin Perona Ogasuneko diputatua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Foru Arauaren aurreproiektu berria aurkeztu du, oinarrizko ikerketaren mezenasgoari bultzada emateko. Mekanismo horren bidez, foru erakundeak pizgarri berri eta indartsu batzuk aktibatuko ditu, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), bai Sozietateen gaineko Zergan, herritarrek zein eragile ekonomiko eta sozialek ikerketa zientifikoari egin nahi dizkioten ekarpenak sustatzeko. “Herritarrak ikerketa zientifikoaren parte egin nahi ditugu. Gure lurrandean, GKEei ekarpenak egiteko ohitura oso zabalduta dagoen bezala, neurri honekin zientziari ekarpen ekonomikoak egiteko antzeko kultura sustatu nahi dugu”, esan du Markel Olano diputatu nagusiak.

Foru Aldundiko arduradunak agerraldia egin du gaur Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera, Gipuzkoako foru Ogasuna prestatzen ari den araudi fiskalaren berri emateko. Aurreproiektua aste honetan bertan jarriko da jendaurrean, eta ekarpenetara irekita egongo da. Ondoren, Diputatuen Kontseilutik igaroko da, eta, hemen onespena jaso ostean, Batzar Nagusietan izapidetzen jarraituko du. Lehenik, batzordean aurkeztuko da, eta, ondoren, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da. Aurreikuspenen arabera, urte amaierarako izan liteke hori. Nolanahi ere, arauaren indarraldia 2023ko urtarrilaren 1ean hasiko da.

Oinarrizko ikerketaren mezenasgoa modalitate hauen bidez egin ahal izango da: dohaintzak, ekarpenak eta legatuak, edo enpresa-lankidetzako hitzarmenen bidez. Horrela, oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren hartzailetzat hartuko dira Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutako Ikerketa eta Bikaintasuneko Zentroak (BERC programa), bai eta Gipuzkoan kokatutako unibertsitateetako ikerketa-taldeak ere. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, mezenasgoa ikerketa zientifikoa bultzatzeko baliatzea eskema fiskal abangoardista, aitzindari eta berritzailea da, eta ez da antzeko kasurik ezagutzen.

Mezenasgo horrek sortutako onura fiskalari dagokionez, pertsona fisikoen kasuan % 35eko kenkaria ekarriko du PFEZean. Adibidez, ikerketa-talde bati 1.000 euroko laguntza ematen dion herritar batek 350 euroko kenkaria lortuko du. Pertsona juridikoen kasuan, mezenasgo mota honetan inbertitutako zenbatekoak gastu kengarritzat hartuko dira Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria zehazterakoan, eta, gainera, zergaren kuota likidoaren % 20ko kenkaria izango dute. Adibidez, ikerketa-talde bati 1.000 euroko laguntza ematen dion enpresa batek 1.000 euroko gastu kengarria izango du (240 euroko kuota) eta 200 euroko kenkaria. Hau da, guztira 440 euroko onura fiskala ekarriko du.

Diputatu nagusiaren ustez, neurria "anbizio handikoa" da eta honekin, Gipuzkoak argi uzten du, beste behin ere, berrikuntzaren eta zientziaren aldeko apustua, etorkizuneko ikuspegiarekin jardunda. “Mundu-mailan, oinarrizko zientzia produktibo eta emankorra duten lurraldeak dira aurreratuenak. Beraz, oinarrizko zientzia bultzatzea funtsezko zutabea da ekonomia indartsua izateko eta lurralde berritzailea izaten jarraitzeko”, aldeztu du. Bere ustez, neurri honekin, Gipuzkoak funtsezko finantzaketa-tresna jarriko du lurraldeko ikerketa taldeen eskura, beren ideiak eta ikerketak garatzeko. “Oso ate interesgarria irekitzen diegu, eta, aldi berean, maila goreneko zientzialariak erakartzeko aukera ere irekitzen diegu mezenasgoa jasotzen duten ikerketa-taldeei”, adierazi du.

Abiapuntu ona

Diputatu nagusiak gogoratu du, halaber, berrikuntza eta ikerketa zientifikoa Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren ezaugarri nagusietako bi direla, eta bietan lurraldea ondo kokatuta dagoela. Gogorarazi duenez, 2020an I+Gko gastua BPGrekiko % 2,63koa izan zen Gipuzkoan (Euskadi % 2,08; Espainia % 1,25; EB28 % 2,15) eta, urte berean, 12.503 pertsonak egiten zuten lan berrikuntzan Gipuzkoan, horien % 65,7 ikertzaileak zirelarik (8.222 pertsona). “Bi kasuetan, azken urteetan hazkunde joera positiboa izan duten bi adierazle dira”, nabarmendu du. Horrekin batera, lurraldeak agente sare oso indartsua duela azpimarratu du: bost unibertsitate, erreferentziazko zentro teknologikoak, BIC Gipuzkoa, oinarrizko berrikuntzako lau zentro (DIPC; Basque Center on Cognition, Brain and Language; Polymat; eta Materialen Fisika Zentroa), berrikuntzako hainbat arlotan punta-puntakoak diren enpresak...

“Gipuzkoa etorkizuneko lurraldea da, eta, horretarako, ezinbestekoa da berrikuntza eta ikerketa bultzatzen jarraitzea. Izan ere, Etorkizuna Eraikiz bera berrikuntza kolektiboko ariketa erraldoia da: guztion artean, gaurtik erantzun nahi diegu biharko erronkei”, gogorarazi du Olanok. Ahalegin horretan, unibertsitateak, zentro teknologikoak, ezagutza sortzea eta aurrerapen zientifikoa prozesua aurrera eramateko funtsezko elementutzat jo ditu. “Aldundiak sentsibilitate handia erakutsi du ikerketa, garapena eta berrikuntza inplementatzeko eta bultzatzeko lanean, bai alderdi ekonomikoan, bai sozialean. Etengabe sustatzen ditugu neurri pizgarriak, bai arlo fiskaletik bai diru-laguntzen bidetik”, gogorarazi du.

Oinarrizko ikerketa finantzatzeko beharra

Zerga-arloan, foru arduradunek nabarmendu dute ikerketa programak edo jarduerak lehentasunezkotzat jotzen direla urtez urte, Gipuzkoako Lurralde Historikoan garatutako proiektuetarako finantzaketa pribatua lortzeko (3/2004 Foru Araua). Lehentasunezko jarduera horiei egindako ekarpenek zerga hobariak dituzte, eta, neurri hori aplikatu den urteetan lortutako esperientziaren ondorioz, Aldundiak ikusi du I+G+Bren esparruan oinarrizko ikerketa dela finantzaketa zailtasun gehien dituen adarra.

“Horregatik, ahalegin handiagoa egin behar da bikaintasuneko oinarrizko ikerketa sustatzeko, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroen bidez eta unibertsitateetako ikerketa taldeen bidez; hauek, irakaskuntzarekin batera, bikaintasuneko ikerketa zientifikoko berezko lanak garatzen baitituzte”, esan du foru arduradunak. Helburu horrekin, foru erakundeak egokitzat jotzen du eremu pribatua finantzatzeko bide iraunkorrak irekitzea, eta, horretarako, mezenasgoak erakutsi du tresna erabilgarria dela helburu hori lortzeari dagokionez. “Hortik, gaur aurkezten dizuegun Foru Araua”, azaldu dute.

Azkenik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako ahalegina ere azpimarratu du Olanok. Datuek erakusten dute emakumeek gizonek baino presentzia txikiagoa dutela oro har (% 35,6 eta % 64,4, hurrenez hurren) ikerketaren esparruan, eta, bereziki, ikertzaileen (% 34,9) eta teknikarien (% 34,7) artean. Hori dela eta, Foru Arauaren aurreproiektuak zenbait baldintza ezartzen ditu erakunde hartzaileak mezenasgo bidezko laguntza jaso ahal izateko: BERC zentroen kasuan, berdintasun-plan bat izan beharko dute, eta plan horrek jasoko du zentroak berdintasunaren arloan duen egoera, bai eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko egiten dituen ekintzak ere. Unibertsitateetako ikerketa-taldeen kasuan, A taldekoak izan beharko dute, eta kalifikazio horrek, besteak beste, genero-orekaren maila baloratzen du.

  

3209