Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa hartu behar du eta aktiboki jardun behar du

Gipuzkoak klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa hartu behar du eta aktiboki jardun behar du

Asensio: “Enplegua eta aberastasuna sortzen duen eredu jasangarriarekin bateragarria da klimaren erronka"

2017/12/12

Jose Ignacio Asensio: “Enplegua eta aberastasuna sortzen duen eredu jasangarriarekin bateragarria da klimaren erronka, ekonomia zirkularrean eta energia berriztagarrietan oinarrituta”.

 

Klima Aldaketaren Zentroaren funtsezko helburua da ekonomia zirkularra sustatzea eta enpresei erraztea Europar Batasunak ematen dituen 6.000 milioi euro baino gehiagoko diru-laguntzara eta finantzaziora sarbidea.


Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Diputatuak, gipuzkoar gizarteari aurkeztu dio Gipuzkoa Klima 2050 estrategia, bere Departamentuak prestatu duen aurreproiektua Gipuzkoan klima aldaketari aurre egiteko estrategia garatu eta ezartzeko. Ekitaldian zehar, ezagutzera eman ditu ere Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroaren oinarriak; abiaraztea 2018an aurreikusten da. Zentroa Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektu estrategikoen artean dago, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan. Behatoki bat, ekonomia zirkularra bultzatzeko eremua, trantsizio energetikoa eta energia berriztagarrien garapena landuko dituen departamentua edukiko ditu.

Miramar jauregian ospatu den topaketa honetan bertaratu dira ‘GK Recycling’ Birziklatze Klusterreko kideak; sektoreko berrogei enpresa eta entitate baino gehiago biltzen ditu. Gipuzkoako eragile sozial, ekonomiko eta instituzional ugarik parte hartu dute ere.

 

Asensiok nabarmendu du Gipuzkoako gizarteak klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa hartu behar duela eta horretan aktiboki jardun behar dela. “Enplegua eta aberastasuna sortzen duen eredu jasangarriarekin bateragarria da klimaren erronka, ekonomia zirkularrean eta energia berriztagarrietan oinarrituta”, azpimarratu du Ingurumeneko Diputatuak. Hau dela eta, foru arduradunak  ‘GK Recycling’ bezalako entitateak aintzat hartzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du, “ekonomia zirkularra sustatzeko eta enpleguaren sorrera ingurumenarekiko errespetuarekin eta Lurraren berotzearekin bateragarriak izateko”. Ingurumeneko Diputatuak bertaratu direnei eskatu die proposamenak eta ekarpenak egiteko, partaidetza eredua garatu nahi duela adieraziz, Gipuzkoa Klima 2050 estrategiaren eta Klima Aldaketarako Zentroaren edukiak aberasteko. 

 

Gipuzkoa Klima 2050

Gipuzkoa Klima 2050 Ingurumeneko Departamentuak lurraldean aurreneko aldiz abian jarri duen Klima Aldaketaren Programaren oinarrizko atala da, eta 600.000 euro xedatu dira horretarako. Foru Arduradunak ohartarazi du klima aldaketak gure eguneroko bizimoduan eta lurraldean eragingo duela; “Gipuzkoa erronka horri aurre egiteko prestatu behar da”. “Klimarekin errespetuz jokatzen duen garapen eredu jasangarria behar dugu. Hondamena gainean dagoenean lanean hastea ez da nahikoa”, gaineratu du Asensiok erakundeen zereginari dagokionez.

Gipuzkoa Klima 2050 estrategiak Parisko Klimaren Goi Bilerako akordioak (2015) ditu oinarri. Akordio horien helburua da mende honetan tenperatura igoera 2 gradu baino gutxiagokoa izatea, eta tarte hori murrizteko eta industria aurreko mailei dagokienez 1,5 gradutik behera uzteko lan gehiago egitea. Ildo horretatik, Europar Batasunak 2030 Esparrua onartu du, zeinaren helburu nagusiak hauek baitira: berotegi efektuko gasen isurketa %40 murriztea 1990. urteko datuen aldean; %27ko portzentajea lortzea energia berriztagarrien erabileran; eta energia efizientziaren datuak %27 hobetzea. Klima 2050 euskal estrategia aurrerago joan da, eta berotegi efektuko gasen isurketa %80an jarri du 2050. Urterako.

Testuinguru horretan, Ingurumeneko Departamentuak, Gipuzkoa Klima 2050 estrategia prestatu du, energia berriztagarrien erabilera, ekoindustriak, mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra sustatzeko, karbono gutxiko gizarte eredu baterantz joateko oinarrizko zutabe gisa. Estrategia horren xedea da lurralde eragileak eta herritarrak sentsibilizatzea, eta inplikatzea, isurketak murrizteko eta berotze globala geldiarazteko ezarritako helburuak lortzeko plan eta jardueretan.

Klima Aldaketaren Gipuzkoako Zentroa

Etorkizuneko Klima Aldaketaren Gipuzkoako Zentroak hiru jarduera ardatz izango ditu: behatoki baten sorrera lurraldean berotze globalaren eraginak neurtu eta aztertzeko, ekonomia zirkularraren sustapena; eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko baterako trantsizioa egitea. Zentro berria egiteko, Ingurumeneko Departamentuak 800.000 euroko partida bat ezarri du 2018rako; kopuru horri 2017an politika horietara xedatutako 700.000 euroak gehituta, datorren urtean 1.500.000 euro izango dira guztira.

 

Asensiok inbertsio hori justifikatu du “hondakinen arazoa bideratuta, ingurumen alorrean Gipuzkoak duen erronka handiena klima aldaketa delako. Klima ingurumen erronka izateaz gain, garapen eredu jasangarriagoa garatzeko aukera da ere”. Honen inguruan, Ingurumeneko Diputatuak gogorarazi du Europar Batzordeak 2015eko abenduan onartutako ekonomia zirkularraren neurri-sortak 6.000 milioi euro baino gehiagoko diru-laguntza eta finantzazioa duela, eta Klima Aldaketaren Gipuzkoako Zentroaren helburu nagusia dela aukera berri hauen parte izatea.

  

1210