Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Gipuzkoak kualifikazio handiko 62 profesional erakarri ditu talentua erakartzeko zerga araubideari esker

Gipuzkoak kualifikazio handiko 62 profesional erakarri ditu talentua erakartzeko zerga araubideari esker

POLYMAT bisitatu du diputatu nagusiak, polimeroak ikertzen dituen nazioarteko ikerketa zentroa, aurten hamar urte betetzen dituena.

Foto Gipuzkoak kualifikazio...

Kualifikazio handiko 62 profesional iritsi dira Gipuzkoara, talentua erakartzeko zerga araubide bereziari esker. Araubide hori indarrean dago lurralde historikoan 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera. Gainera, pizgarriaren bilakaera positiboa da: 3 profesionalek erabili zuten eskema fiskal hori 2018an, neurria abian jarri zen lehen urtean, 23 profesionalek 2019an, eta 39k 2020an. Halaber, hurrengo Errenta kanpaina amaitu ondoren jakingo dira 2021eko emaitzak, kanpaina horretan egingo baita azken ekitaldiaren likidazioa. Gainera, berrikuntza gisa, Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi berdea eman berri diote araubide berezi horren funtsezko hobekuntza bati, araubide horrek aurreikusten dituen pizgarrien intentsitatea areagotuz.

          Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur goizean azaldu ditu zifra horiek, emaitzak zein onartu berri diren hobekuntzak, Donostiako POLYMAT ikerketa institutura egindako bisitan; izan ere, institutu horrek aipatutako araubide bereziari atxikitako hainbat profesional ditu plantillan. Hain zuzen ere, aurten 10 urte betetzen ditu UPV/EHUk eta Ikerbasquek bultzatzen duten zentroan, eta Aldundia bere erakundearen Patronatuan dago. XXI mendeko erronkei aurre egiteko oinarrizko ikerketa egiten du azpiegiturak, hala nola osasuna, energia eta jasangarritasuna. POLYMATek neurrira egindako polimeroak garatzen ditu, baliabide naturalen erabilera sustatuz, eta aplikazio ugari dituztenak baterien, elektronikoaren, inplanteen (osasuna), pinturen edota itsasgarrien arloetan, besteak beste. Borobilduz, heldutasun teknologikoko maila guztiak barne hartzen dituen ikerketa egiten du POLYMATek, ideiaren jatorritik hasi eta merkatura transferitu arte.

          Talentua erakartzeko zerga araubidearen emaitzetara itzuliz, 62 profesionaletatik 24 emakumeak dira eta 38 gizonak. Jatorriari dagokionez, 36 Estatukoak dira (Gipuzkoa barne), eta 26 atzerritarrak. Izan duten lan destinoari dagokionez, 4 profesionalek enpresa publikoetan egiten dute lan, 36k entitate pribatuetan eta 22k elkarteetan, eta 64.756 euroko batez besteko soldata dute. Gainera, profesional horien adina kontuan hartuta, 40 urtetik beherako 51 pertsona daude, 41-50 urteko 8 pertsona, eta 50 urtetik gorako 3 pertsona. Azkenik, lan egiten duten sektoreei dagokienez, gehienak ikerketa zientifikoan eta teknikoan aritzen dira (22), ikerketa tekniko industrialean (5), programa informatikoei buruzko aholkularitza eta hornidura lanetan (5), produktu farmazeutikoen fabrikazio arloan (4), ingeniaritzako zerbitzu teknikoetan (3) eta handizkako merkataritzan (3); gainerako profesionalek ia hogei sektoretan egiten dute lan.

 

Araubide hobetua

Kualifikazio handiko pertsonak erakartzeko eskema fiskala zuzenduta dago, hain zuzen, azken 5 urteetan atzerrian bizi izan diren eta lan arrazoiengatik Gipuzkoara etortzea erabaki duten bertako edo kanpoko pertsonei. Gainera, lan berri hori Estatuan garatu behar dute eta estatuko enpresa batentzat, baina Gipuzkoan izan beharko dute egoitza fiskala. “Helburua da eskema erakargarri bat eskaintzea fiskalitateari dagokionez, gure enpresek, ikerketa zentroek eta unibertsitateek mundu mailako profesional onenak izan ditzaten”, adierazi du diputatu nagusiak, eta, halaber, nabarmendu du orain gutxi hobetu egin direla pizgarrien ezaugarriak.

          Hala, Batzar Nagusiek joan den asteko osoko bilkuran onartutakoaren arabera, neurri horren aplikagarritasuna 5 ekitalditik 10era zabaldu da, eta lan-etekinen salbuespenaren ehunekoa ere gehitu egin da, aurreko % 15etik egungo % 30era igaro baita. Horrekin batera, zerga araubide horri atxikitako profesionalek gastuak kendu ditzakete, lan errendimenduaren % 20ko mugarekin: bidaiari eta etxe-aldaketari lotutako gastuak, eskolatzeak eragindakoak, euskara eta gaztelaniazko ikastaroek sortutakoak eta ohiko etxebizitzaren errentamendutik eratorritakoak, besteak beste.

          Diputatu nagusiaren iritziz, araubide bereziak orain arte eman dituen emaitzak “oso onak” izan dira, eta defendatu du pizgarriak areagotzeak “aldeko puntu bat gehiago ekarriko duela” Gipuzkoa mundu mailako lan-destino erakargarri gisa saltzeko. “Ikerketaren eta berrikuntzaren arloan puntako zentroak ditugu, eta administrazioek horiei lagundu behar diegu eszenatoki globalean lehiatzen jarrai dezaten. Ildo horretan, eskumen fiskalak aukera ematen digu goi mailako profesionalak erakartzera bideratutako pizgarri gehigarri bat eskaintzeko, eta, horrela, profesional horien lana lurralde osoaren onerako izango da”, azpimarratu du.

 

I+G proiektuak:

POLYMATera egindako bisitak balio izan du, halaber, Foru Aldundiko ordezkariek ikerketa-proiektuak “in situ” ezagutzeko, zentroak Aldundiaren laguntzarekin gauzatzen dituenak, hain zuzen. Horien artean nabarmentzekoa da egoera solidoko baterietarako hibrido berritzaileen garapenari lotutakoa, proiektu horrek baloraziorik onena lortu baitzuen I+G+Bko ekosistemarako laguntzen iazko foru deialdiaren barruan; guztira, 98.913 euroko dirulaguntza jaso zuen. Ekimen horrek erantzuten dio bateria seguruagoak, kostu gutxiagokoak eta energia-dentsitate handiagokoak ahalbidetuko dituzten materialak garatzeko beharrari. Deialdi horren barruan, ekipamendu aurreratuen erosketa finantzatzera bideratutako lerroari esker, zentroak gaikako bereizketa-plataforma bat erosi zuen material (makro)molekularretarako, Foru Aldundiaren 52.475 euroko laguntzarekin.

Era berean, Aldundiak laguntza ekonomikoa eman du Irune Villaluenga ikertzailea kontratatzeko Fellows Gipuzkoa programaren bidez. Programa horren helburua da goi mailako talentua eta nazioartean garrantzia duten ikerketa taldeetan esperientzia dituzten langileak Gipuzkoako ikerketa taldeetara bideratzea, eta, horrela, haien maila zientifikoa handitzea. Villaluengak bateria hibrido berrietan (elektrolitoak eta elektrodoak) aplikatzeko materialak ikertzen ditu.

Bestalde, POLYMAT ekosistematik abiatuta, oinarri teknologikoko hiru enpresa berri sortu dira azken urteotan: Polimerbio, bizi-kalitatea eta medikuntzaren eraginkortasuna hobetzen dituzten gailu biomedikoetarako materialak garatzen dituena; Surphase, uraren tratamendu jasangarrirako monitorizazio adimendunean espezializatua; eta Polikey, polimeroen kimikatik abiatuta material jasangarri berritzaileak eskaintzen dituena. Horiek guztiek Aldundiaren laguntza ekonomikoa izan dute Txekintek ekintzailetza teknologikoa bultzatzeko programaren bitartez. Polikey enpresaren kasuan, plastikoen birziklatze kimikorako proiektu bat hedatzen ari da, eta Aldundiaren laguntza du ekonomia zirkularra bultzatzeko lerroaren barruan. Azkenik, aipatu behar da POLYMAT zentroa Erantzunkide Sarearen parte dela 2018az geroztik; sare horren barruan daude berdintasunarekin eta kontziliazio arduratsuarekin konprometitutako hainbat enpresa eta eragile. Urte horretatik baita ere, ikerketa zentroak zientzia arloko emakumeen lidergoaren alde egiten du Emakiker bekaren eskutik, urtero ateratzen dena eta esklusiboki polimeroak ikertzen dituzten emakume ikerlari seniorrei zuzenduta dagoena.

Olanok azpimarratu duenez, “Gipuzkoak talentu ikertzailearen eta ezagutza aurreratua sortzearen alde egiten duen apustuaren barruan dago zentro hori, talentua eta ezagutza funtsezkoak baitira gure ekonomia indartzeko eta gure ongizatea eta bizi-kalitatea hobetuko dituzten aurrerapenak egiteko”. Gaineratu duenez, “material berritzaile eta jasangarrien garapenean POLYMATek egiten duen lanak, kimika berdearen erreferente gisa, funtsezko esparruetan ditu aplikazioak, hala nola energiaren biltegiratzean, eta industrian eta osasunean, eta, beraz, guztiz lerrokatuta dago Europak ezarritako trantsizio ekologikoarekin eta Gipuzkoaren oraina eta etorkizuna eraiki nahi ditugun sektore estrategikoekin”.

  

455