Gipuzkoak bat egin du Alzheimerraren Munduko Egunarekin, AFAGIren eskutik: "Ahanztura bakoitzerako, esku lagun bat"
Gipuzkoak bat egin du Alzheimerraren Munduko Egunarekin, AFAGIren eskutik: "Ahanztura bakoitzerako, esku lagun bat"
Gipuzkoak bat egin du Alzheimerraren Munduko Egunarekin, AFAGIren eskutik: "Ahanztura bakoitzerako, esku lagun bat"
Irailaren 20an, larunbata, giza katea egingo da, kanpainaren ekitaldi nagusia: Kontxako barandan, lehenengo arrapalaren parean izango da, 12:00etatik 12:20ra. Aurtengo kanpainaren helburua da Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta inplikatzea, Alzheimerra duten pertsonei eta haien familiei laguntza humanoa, hurbila eta etengabea ematearen garrantzian azpimarra jarriz.

Alzheimerraren Munduko Eguna dela eta, AFAGIk, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten Gipuzkoako senide, lagun eta pertsonen elkarteak, urteroko kanpaina aurkeztu du gaur, "Ahaztura bakoitzerako, esku lagun bat" lelopean. Prentsaurrekoan Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta Iñaki Olalde AFAGIko presidentea izan dira.
‘Ahanztura bakoitzerako, esku lagun bat’
Agerraldian, Maite Peñak aurtengo leloaren esanahia nabarmendu du, "arreta Alzheimerraren eta beste dementzia batzuen errealitatea bizi dutenen languntzaileetan jarri nahi dugu, gertukoa, gizatiarra eta etengabea den laguntzan". Diputatuak gogorarazi du zaintzaileek funtsezko zeregina dutela, "noizbehinkako laguntza izaten hasten dena ia etengabeko asistentzia bihurtzen baita". Horregatik, azpimarratu du funtsezkoa dela komunitatea aktibatzea, laguntza-sare sendo bat izatea, gaixoei, senideei eta ingurukoei eusteko, orientatzeko eta laguntzeko.
Alzheimerraren 2025eko Munduko Egunaren aldeko kanpainak, aurten ere, Gipuzkoako gizartea sentsibilizatu, kontzientziatu eta inplikatu nahi du giza laguntza horren garrantziaren inguruan, eta, aldi berean, elkarrekin lan egiteko beharra islatzea du helburu. Ildo horretan, Peñak azpimarratu du: "konpromisoak komunitarioa izan behar du: funtsezkoa da gure politiken diseinuan, erakunde publikoetatik kontuan hartzea inplikatutako pertsona eta eragile guztien ahotsak".
Diputatuak herritarren konpromiso indibidual eta kolektiboa ere eskatu du, gure lurraldearen izaera solidarioa indarrean jarriz: "Gipuzkoako gizarteak beti erakutsi du gertukoa eta konprometitua dela. Gaur, beste behin ere, Alzheimerrarekin bizi direnei eta haien familiei laguntzeko aukera dugu. Indarrak batuz, kontzientzia hartuz eta erantzukizunak partekatuz, behar duten laguntza humanoa eta etengabea eskain diezaiekegu. Horregatik, herritar guztiak hilabetean zehar egingo diren ekintzetan parte hartzera animatzen ditut, bereziki irailaren 20an, larunbata, Kontxako barandan egingo den giza katean ".
Gainera, agerraldian, Peñak AFAGIk Gipuzkoan hiru hamarkada baino gehiagotan egin duen lanaren balioa nabarmendu nahi izan du, "konpromisoaren eredu izan zarete eta zarete, Alzheimerrarekin eta beste dementzia batzuekin bizi diren pertsonei eta familiei lagunduz. Erreferente bat zarete, guztiontzako etxea eta babeslekua zarete". Diputatuak bereziki eskertu du elkartearen lana, eta nabarmendu du bere ibilbidea antolatzen dakien eta gehien behar dutenei laguntzen dien gizartearen isla ere badela.
Hiru segundoan behin, dementzia diagnostiko bat
Bestalde, Iñaki Olalde AFAGIko presidenteak gogorarazi du: "hiru segundotik behin pertsona bati dementzia diagnostikatzen zaio munduan. Gipuzkoan, 13.000 pertsona baino gehiago bizi dira Alzheimerrarekin edo beste dementzia batzuekin, eta zifra hori handituz doa biztanleriaren zahartzearen ondorioz. Osasunaren Mundu Erakundeak XXI. mendeko izurritetzat jotzen du gaixotasun hori, eta gaixotasun hori duen pertsonari ez ezik, haren senide zaintzaileei ere eragiten die, askotan desegituratuta ikusten baitituzte beren bizitza pertsonalak, sozialak eta lanekoak".
Ildo horretan, familiek aurre egin beharreko erronketan jarri du arreta: "Portaera zailak kudeatzea, ingurune seguruak mantentzea, aurretiazko dolu batekin bizitzea, estresa edo desgaste emozionala. Zaintzea maitasun-ekintza da, baina baita entrega, higadura eta, askotan, bakardade-ekintza ere. Gaur, AFAGItik, Gipuzkoan dauden 40.000 senide zaintzaile baino gehiagoren ahalegina aitortu nahi dugu, euren lana baloratu eta, komunitate osoaren izenean, egindako lan isil eta jarraitua eskertu. Baina ez da nahikoa: zaintzaileek laguntza gehiago behar dute. Laguntza-sare sendoa, hurbila eta etengabea behar dute, egunerokoan eusteko, orientatzeko eta laguntzeko ".
Olaldek gogorarazi duenez, AFAGIk 30 urte baino gehiago daramatza "Alzheimerra duten pertsonei eta haien zaintzaile nagusiei laguntza integrala ematen: informazioa, orientazioa, prestakuntza, arreta psikologikoa eta laguntza. Horregatik, aurtengo goiburuarekin, ‘Ahanztura bakoitzarentzat, esku lagun bat’, Gipuzkoako gizarte osoa sentsibilizatu, kontzientziatu eta inplikatu nahi dugu errealitate honekin bizi direnentzat etengabeko giza laguntzaren garrantziaren inguruan".
"Alzheimerraren diagnostikoak bizitza asko eraldatzen ditu: isolatu egiten du. Zaintzaileek — senideek, ezkontideek, seme-alabek — erantzukizun handia hartzen dute beren gain, askotan baliabide eta laguntza nahikorik gabe. Alzheimerrak guztioi eragiten digu. Horregatik, enpatia soziala, boluntariotza eta konpromiso partekatua funtsezkoak dira isolamendu hori hausteko. Herritar guztiak informatzera, laguntzera eta kontzientzia hartzera gonbidatzen ditugu, keinu bakoitzak balio baitu. Gizartea kide ahulenak zaintzeko batzen denean hasten da benetako aldaketa".
Azkenik, erakundeei eta sektore pribatuari ere dei egin die: "Alzheimerra erantzun gehiago eskatzen dituen erronka soziala da. Laguntzan inbertitzea gizarte gizatiarrago baten alde egitea da. Laguntza ekonomikorik eta lankidetza aktiborik gabe, ezin da arreta duina, iraunkorra eta kalitatezkoa bermatu".
Jarduera egitaraua
Alzheimerraren Munduko Eguna dela eta, AFAGIk herritarrei irekitako jarduera-programa zabala antolatu du. Irailaren 20an, larunbata, giza katea egingo da Kontxako barandan, lehenengo arrapalaren parean, 12:00etatik 12:20ra.
Gainera, irailean zehar informazio-mahaiak jarriko dira Gipuzkoako hainbat herritan: Pasaia Donibanen (irailaren 14an), Errenterian (irailaren 15ean), Orion (irailaren 18an), Arrasaten, Irunen, Mutrikun eta Zarautzen (irailaren 19an), Donostian (irailaren 20an) eta Ordizian (irailaren 21ean).
Era berean, hainbat hitzaldi programatu dira: irailaren 23an, Donostian, 18:00etan, AFAGIko bazkideei zuzenduta, eta irailaren 25ean, Irunen, 18:30ean, Palmera Monteron, biak UPV/EHUko Zuzenbide irakasle Lourdes Labacak emanda, Alzheimerrari buruzko lege-zalantzak argitzeko. Egun horretan bertan, 17:00etan, Aretxabaletako GSR Debagoiena Egoitzan "Alzheimerrarekin elkarbizi" hitzaldia emango dute.
2344