Gipuzkoak Lourdes Iriondori emango dio Urrezko Domina haren heriotzaren 20. Urteurrenean
Gipuzkoak Lourdes Iriondori emango dio Urrezko Domina haren heriotzaren 20. Urteurrenean
Aitorpen ekitaldia abenduan egingo da, eta omenaldi hunkigarria eta berezia izango da, sortzaile eta irakasle urnietarraren familia eta ingurukoekin elkarlanean antolatua

Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937 – Urnieta, 2005) emango dio aurten, haren heriotzaren 20. urteurrenean. Ekitaldia abenduan egingo da, eta omenaldi hunkigarria eta berezia izango da, Aldundia omenduaren familiarekin eta gertukoekin elkarlanean prestatzen ari dena. Hain zuzen, foru erakundeak ematen duen hilondoko bigarren Urrezko Domina izango da hau, 2008an Mikel Laboa zenari eman ostean.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, oraingo asteko Gobernu Kontseiluak onartutako errekonozimendu honen bidez “Lourdes Iriondok euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpen aitzindaria aitortu nahi da, hala nola garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea ere”.
Era berean, bozeramaileak adierazi du Urrezko Dominaren bidez “Iriondok euskararen biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean egindako lan mamitsu eta berritzailea gaurkotzea, justizia egin, eta behar duen lekuan kokatzea” dela helburua, “gure Herriaren eta lurraldearen historian merezi duen tokia izan dezan”.
Lourdes Iriondo kantagile, idazle eta irakaslea izan zen, eta Ez dok amairu mugimendu abangoardistaren sortzaile eta kideetako bat. Mugimendu horrek euskal kantagintza eraldatu eta euskal kulturaren susperraldian eragin handia izan zuen. Bere ahotsak eta irudiak –plazaren erdian emakume kantari bat, gitarra lagun zuela– arrasto sakona utzi zuen belaunaldi askotan. Bakarka, zein bikotekide zuen Xabier Leterekin batera ala beste hainbat artista handirekin, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan euskal herritarren memorian txertatuta geratu diren hainbat abesti sortu zituen, kontzientziak piztuz eta miresmena eraginez.
“Bere ibilbidea aitzindaria izan zen berdintasunaren ikuspegitik ere, emakume sortzaileak plazaren erdigunean kokatzeko ausardia eta gaitasuna izan baitzuen, gizarte hertsi batean”, azpimarratu du Berasaluzek. “Bere abestietan euskaltzaletasuna, herrigintza, kritika soziala eta politikoa, nahiz espiritualtasuna uztartu zituen, eta, horrela, ondoren etorri diren emakume musikari eta kulturgileentzat bidea urratu zuen”.
Halaber, Iriondok ekarpen oparo eta aitzindaria egin zuen haur literaturan ere, eta hainbat aditu eta jakitunen esanetan, mugarri izan zen euskararen transmisioa belaunaldi berrietara zabaltzeko ahaleginean. Bizitza osoan zehar Euskal Herriarekin, euskararekin, haurrekin eta gazteekin zein bere gertuko komunitatearekin konprometitutako pertsona izan zen.
Foru bozeramaileak aitortza honen muina hitz hauetan laburbildu du: “Gipuzkoak omenaldia egiten dio Lourdes Iriondori zor diogun guztiagatik, emakume sortzaile gisa urratutako bideagatik, eta justiziaz haren izena eta ondarea gure lurraldearen historian idatzita gera daitezen”.
Gipuzkoako harrera familiak
Era berean, foru bozeramaileak Gipuzkoako harrera familien beharren egoera eguneratu du gaur goizeko agerraldian, hil honen hasieran egindako urgentziazko deia berresteko. “Une honetan, Gipuzkoan 28 harrera familia behar ditugu lehenbailehen: 0 eta 3 urte arteko haurrak artatu ditzaketen 10 familia eta 6 urte arteko adingabeentzako beste 18”, zehaztu du Irune Berasaluzek.
Kanpaina aurkeztu zenetik, 39 pertsonak interesa agertu eta informazioa eskatu dute, bai telefonoz, bai foru webgunean prestatutako formularioaren bidez. Gaur egun, 85 haur eta nerabek familian bizitzeko beharra dute Gipuzkoan. Oro har, Aldundiak 885 adingabe ditu tutoretzapean; horietatik 556 zentroetan bizi dira, eta 329 harrera-familiekin bizi dira.
Bozeramaileak azpimarratu duenez, familia-harrera “funtsezkoa da zaurgarritasun egoeran dauden adingabe horien ongizatea bermatzeko”. "Ez da bide erraza, zalantzak, erronkak eta beldurrak baitakartza; baina ilusioa, ausardia, konpromisoa eta, batez ere, maitasun handia ere badakartza". “Etxeko ateak irekitzeak gehien behar dutenei afektua eta egonkortasuna eskaintzea esan nahi du, eta Gipuzkoako komunitatearen gaitasun solidario eta arduratsua islatzen du”, gaineratu du.
Baliabide honen helburua egonkortasuna, ongizatea eta afektua ematea da, adingabeen behar emozional, fisiko eta sozialei erantzunez. Aldi baterako integrazioko ekintza altruista da, administrazioarekin lankidetza estuan egindakoa, haur bakoitzaren historia errespetatzen duena eta, haientzat positiboa bada, jatorrizko familiarekiko lotura mantentzea ahalbidetzen duena. Harrera ez da adopzioa, ezta horren aurreko urrats bat ere, egoera bakoitzera egokitutako babes neurri bat baizik.
Gipuzkoan hiru harrera-modalitate daude: presakoa, sei hilabetera artekoa, berehalako ebaluazioa behar duten kasuetarako; aldi baterakoa, bi urtera artekoa, jatorrizko familiak errekuperatzeko aukera duten adingabeentzat; eta iraunkorra, epe laburrean etxera itzultzea aurreikusten ez denean.
Azkenik, Berasaluzek gogorarazi du interesatuek 682 554 433 telefonoan edo www.gipuzkoa.eus webgunean lor dezaketela informazioa.
2479