Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Gipuzkoak N-I eta A-15 errepideen kanona arautuko duen foru arau berria onartu du

Foto Gipuzkoak N-I eta A-15 errepideen kanona arautuko duen foru arau berria onartu du

Gipuzkoak N-I eta A-15 errepideen kanona arautuko duen foru arau berria onartu du

N-I eta A-15 errepideak foru arau berriak ezartzen duen sistemara egokitzeko lanak egiteko 12 hilabete inguru beharko dira; beraz, dena aurreikusitakoaren arabera badoa, sistema berria 2022ko urte amaieran edo 2023ko hasieran jarriko da indarrean.

Gipuzkoak N-I eta A-15 errepideen kanona arautuko duen foru arau berria onartu du

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, osoko bilkuran, onartu dute Gipuzkoan A-15 eta N-1 errepideetan salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunentzat erabiltzeagatiko kanona ezartzeko foru arau berria. Bi hilabete inguruko izapideen ondoren, Batzar Nagusien gehiengoak argi berdea eman dio errepideen hirugarren foru arauari.N-I eta A-15 errepideak foru arau berriak jasotzen duen sistemara egokitzeko 12 hilabete beharko dira, gutxi gorabehera; beraz, dena aurreikusitakoaren arabera badoa, sistema berria 2022ko urte amaieran edo 2023ko hasieran jarriko da indarrean.

          Bide Azpiegituretako diputatuak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundia hasieratik Batzar Nagusien agindua betetzen ari dela, izan ere, hausnarketa sakon baten ondoren, erabaki zuten erabileragatiko ordainketa ezartzea gure errepideen mantentzeari eta hobekuntzari aurre egiteko. Oiarbidek azaldu duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEJAN) eta Espainiako Auzitegi Gorenak Batzar Nagusiek onartutako 2016ko eta 2018ko foru arauen aurka ebatzi zuten, eta biak eten zituzten kanpoko garraiolarien aurkako ustezko bereizkeriagatik”, eta gaineratu du, Konstituzio Auzitegira babesa eskatzera jo arren, izapidea asko luza daitekeela. “Foru Arauaren proposamen honen helburu nagusietako bat da segurtasun juridikoa duen testu bat onartzea bidesariak finkatzeko. Beraz, beste ezer baino lehen, segurtasun juridikoa da funtsezkoa”, Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu duenez.

          Oiarbidek adierazi du foru arau berriak aurreikusten duela Gipuzkoako N-I eta A-15 errepideen ibilbide osoa osatzen duten 76,352 kilometroak ordainpekoak izatea. “Foru arau berria diseinatuta dago, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, aurreko bi foru arauek jasotzen zuten diskriminazioa saihesteko, eta foru arau berri honek saihestuko du lurraldetik pasadizoan doan garraiolari ororen eta bertako garraiolarien artean diskriminaziorik egitea. Bi errepide horien ibilbide osoa ordainpekoa izango da”, adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak. “Ez dago zuzeneko edo zeharkako diskriminaziorik interpretatzeko inolako aukerarik, lotune eta mugimendu guztiek kanona izango baitute”.

          Foru arau berriak 4 portiko nagusi gehigarri eta 109 portikoerdi instalatzea aurreikusten du. Bideak portiko berri horietara egokitzeak 25,3 milioi euroko inbertsioa eskatuko du.

Kanonak 3,5 tona baino gehiagoko pisua duten salgaien garraioko ibilgailu astunei soilik eragingo die.   Proiektuak gehieneko zenbateko hauek ezartzen ditu ibilgailu motaren arabera: 1. multzoko ibilgailu astunentzat (3,5 tn baino gehiago eta 12 tn baino gutxiago) 0,22 €/ km eta 2. multzoko ibilgailu astunentzat (12 tn edo gehiago) 0,28 €/ km.

Kanonaren zenbatekoak azpiegitura kostuak berreskuratzeko printzipioa oinarri hartuta ezarri dira. Zuzenean lotuta dago azpiegituraren eraikuntza kostuekin eta ustiaketa kostuekin, kanona kudeatzeko kostuekin eta sarea garatu, hobetu eta mantentzeko kostuekin, egitura konpontzekoak barne. Bildutako funtsak N-I eta A-15 errepideetarako izango dira. Horrela, erabilerak eragindako narriadura arindu eta zerbitzu maila ezin hobea mantendu nahi da.

Gogoan izan behar da 1999/62/EE Zuzentarauari jarraiki, informazio hori Batzordeari bidali behar zaiola, nahitaezko irizpena eman dezan. Beraz, foru arau berria txosten horren mende dago.

Indarrean jarri ondoren, Gipuzkoako errepideen lehentasunezko intereseko sare osoa erabileragatiko ordainketa sistema baten mende egongo da; sare hori autobideek eta gaitasun handiko errepideek (AP-8, AP-1, A-15, N-I eta A-636) osatzen dute, eta "Gipuzkoako biribilgunea" izeneko eraztuna osatzen dute.                         Horrela, lurraldea zeharkatzen duten ibilgailu astun guztiek gaitasun handiko bideen mantentze gastua ordaindu beharko dute, hau da, erabileragatiko ordainketa, eta gastu hori ez da gipuzkoar guztien zergen kontura bakarrik izango.

“Ezin da ukatu ebidentzia, eta ebidentziak dio errepideak mantentzeko eta ingurumena zaintzeko, emisio kutsatzaileak murrizteko eta politika jasangarriak ezartzeko Europako politikak erabileragatiko ordainketa eskatzen duela”, Oiarbidek adierazi duenez, eta gaineratu du Europar Batasuneko estatu gehienetan urteak daramatzatela gaitasun handiko errepideak erabiltzeagatik ordaintzen, eta Espainia ere behartuta dagoela hori ezartzera autobide eta autobietan 2024rako. “Gu izan gara lehenak Europako Zuzentaraua estatuan ezartzen, eta garraiolarien erabateko gaitzespena izan dugun arren, nahiz eta Europako gainerako herrialdeetan erabileragatiko ordainketa betetzen duten, eta desengainu judizialen bide konplexu batetik ibili behar izan dugun arren, epai batek ere ez du esan erabileragatiko ordainketaren politikak ezarri ezin ditugunik”, nabarmendu du Bide Azpiegituretako diputatuak.