Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak nahi ez den bakardadea arintzea helburu izango duen Europako lehen plaza izango du

Gipuzkoak nahi ez den bakardadea arintzea helburu izango duen Europako lehen plaza izango du

• Beasainen kokatua, ongizatea, autonomia eta gizarte-harremanak sustatzeko hiri-espazioaren eraldaketan erreferente bilakatuko da, bereziki adineko pertsonen eta belaunaldi ezberdinen artean. • Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak bultzatutako ekimen honek Beasaingo Udalaren lankidetza izan du; era berean, EHUko zein Caviar-eko hogei ikertzaile eta ikasle baino gehiagoren parte-hartzea izan du. Era berean, elkarlanean garatu da akademiekin, herritarrekin, administrazioekin, hirugarren sektorearekin eta enpresekin.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoak bakardade egoerei aurre hartu eta horiei erantzuteko bereziki pentsatutako Europako aurreneko plaza izango du. Beasaingo espazio publiko berritzaile hau 2026ko urtarrilean hasiko da eraikitzen, eta ongizatea, autonomia eta harreman soziala sustatzeko ingurune urbanoaren eraldaketan erreferente bihurtuko da, bereziki adineko pertsonen eta belaunaldi ezberdinen arteko loturak sendotuz. Barrendain plaza berria izango denaren konfigurazioa gaur aurkeztu dute Eider Mendoza diputatu nagusiak, Leire Artola Beasaingo alkateak, Marian Iriarte EHUko Harreman Instituzional eta Kultura arloko errektoreordeak, Olatz Irulegi arkitektoa eta KALELAGUN proiektuaren ikerketa arduradunak eta Ana Aslak, berrurbanizazio prozesu honen tailerretan parte hartu duen herritarrak.

Kontuan izanda 55 urteko hamar herritarretatik hiru bakarrik sentitzen direla, nahi ez den bakardadeari aurre egitea “lehentasunezko gaia” da Foru Aldundirako, Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, adierazi duenez. Horregatik, beasaindarrak zoriondu ditu desafio sozial hori “berrikuntzatik eta elkarlanetik” heldu izanagatik. “Ongizatearen ardatzetako bat da komunitatean bizitzea, gainontzeko herritarrekin hartu emana edukitzea. Garrantzitsua da jabetzea urbanismoak horretan ere lagundu dezakeela. Plaza berri hau aitzindaria izango da, eredu izango da Gipuzkoa osorako. Batetik, diseinua lantzeko garaian herritarrekin elkarlan estuan gauzatu delako eta, bestetik, herritarren interakzioari, belaunaldi artekotasunari eta ongizateari lehentasuna ematen diolako. Eredu izango da gainontzeko herri eta hirientzat eta, guztion artean, herritarren ongizatean eta osasunean aurrera pausoak ematen jarraituko dugu”, gehitu du.

Kalelagun proiektua

Ekimen hau KALELAGUN proiektutik sortu da, espazio publiko irekiak eraldatzeko eredua proposatzen duen diseinu-gida batetik, bakardadeak arintzeko eta komunitatearen parte-hartzea sustatzeko helburuarekin. Gida hori Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) lan-talde batek garatutako ikerketa multidiziplinarraren emaitza da, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ADINBERRI Fundazioaren bitartez, bultzatu eta finantzatu duena, HARIAK estrategiaren baitan, bakardadeei aurre egitea eta horiek prebenitzea ardatz dituena. KALELAGUN ekimena praktika on gisa aitortu dute KORALE proiektuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ADINBERRIren bidez gidatzen duen ekimena,  eta Europako bost eskualderekin batera garatzen ari da. Helburu da, nahi ez den bakardadea Europako politika publikoen erdigunean jartzea.

Beasaingo Udalaz gain, KALELAGUN proiektuak Arrasateko eta Donostiako udalen lankidetza ere izan du. Gipuzkoako hiru udalerri horiek esperimentazio-laborategi bihurtu dira, diseinu inklusibo, iraunkor eta ongizatera bideratutako irizpideak zehazteko.

Kokreazioa, plaza berriaren motorra

Beasainen gida honek urrats bat gehiago eman du, eta errealitate bihurtuko da, nahi ez den bakardadea aritzena helburu izango duen plaza bat izango baita bertan. Zehazki, Barrendain plazak pertsonen arteko harremanak bermatzea, inguruarekiko elkarrekintza aktiboa sustatzea eta belaunaldien arteko lotura indartzea izango du helburu.

Espazio honen berrantolaketa gauzatzeko prozesuak EHUko eta unibertsitateko Caviar ikerketa-taldeko (Calidad de Vida en Arquitectura) hogei ikertzaile eta ikasle baino gehiagoren parte-hartzea izan du, hainbat eragilerekin batera —unibertsitatea, herritarrak, administrazioa, hirugarren sektorea eta enpresa-sektorea—. Proiektuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ADINBERRIren lankidetza ere izan da. Zehazki, 65 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin hainbat kokreazio-tailer egin dira. Halaber, KORALE proiektuko Europako bazkideek ere hartu dute parte Austria, Belgika, Danimarka, Irlanda eta Portugaldik etorritakoek; 2024ko ekainean bisitatu zuten Beasaingo plaza.

Beasaingo alkate Leire Artolak gaur azaldu duenez, herriko erdigunean kokatutako Barrendain plazaren berrurbanizazio-proiektuak 5.500 metro koadro izango ditu, lanek sei hilabeteko iraupena izango dute eta 1,56 milioi euroko aurrekontua izango du. Proiektuaren helburua da espazio publikoak herritarrentzat berreskuratzea eta ongizatea hobetzea, oinezkoei eta kaleaz gozatzen dutenei lehentasuna emanez, ibilgailuen trafikoaren aurrean. Barrendain plaza, historikoki garraio publikoaren gune nagusietako bat izan dena, orain topagune, atsedenleku eta elkarbizitzarako espazio bihurtuko da: erosoa, irisgarria eta atsegina.

Alkateak azpimarratu duenez, Beasainen eta Gipuzkoan aitzindaria den proiektua da, nahi ez den bakardadea arintzeko helburua duena, Kalelagun programaren baitan sortua, pertsonen arteko harremanak sustatzeko eta komunitatearen sentimendua sendotzeko.

Artolak, halaber, eskerrak eman dizkie kokreazio-prozesuan parte hartu duten erakundeei, elkarteei eta herritarrei, haien ekarpenak funtsezkoak izan baitira proiektuari forma emateko. Bere hitzetan, “Barrendain plaza berria Beasaingo elkarbizitzaren eta komunitatearen ikur izango da, eta herri seguruago, atseginago eta hurbilago baterantz  urrats garrantzitsua emango da.”

Harreman sozialak sendotzeko pentsatua

Zehazki, diseinuak erabilera espontaneoa zein komunitate-jarduerak antolatzeko aukera emango duten eremu moldagarriak aurreikusten ditu, Beasaingo anbulatorioarekin elkarlanean, bakardadeak prebenitzera bideratutako ekimenak garatzeko asmoz. Horrez gain, ingurune natural eta aldakorraren aldeko apustua egin da: mantenduko diren palmondoak, itzalpeko egurrezko plataformak, hosto iraunkor eta erorkorreko zuhaitzak, eta urtaroaren arabera aldatzen diren lore-landa eremuak izango dira.

Altzariak ere bereziki diseinatu dira erosotasuna eta irisgarritasuna eskaintzeko, egurra bezalako material beroak lehenetsiz eta belaunaldien arteko harremanak sustatzen dituen antolamendua bilatuz. Parkean informazio-totem bat ere jarriko da, tokiko informazioa eta jarduerak herritarrengana hurbiltzeko.

Plaza hiri-eredu inklusibo, iraunkor eta humano bihurtuko da, harreman sozialak eta ongizate kolektiboa sendotzeko pentsatua. Gipuzkoak ezagutzaren transferentzian eta egiteko modu berrien sorreran erreferente izatea du helburu, baita hirigintzaren esparruan ere, nahi ez den bakardadearen erronkari aurre egiteko. Horrela, beste erakunde, entitate eta arkitektura-bulego batzuk ere animatzen dira KALELAGUN gida etorkizuneko espazio publikoen proiektuetan aplikatzera, pertsonak politika eta hiri-diseinuaren ardatz nagusi izaten jarrai dezaten.

Gainera, plaza living lab potentzial gisa pentsatua izan da; bertan, pertsonek esperimentatzeko eta berrikuntzak kokreaziorako aukera izango dute, proiektu osoan zehar garatutako partaidetza eta ikerketa-logikari jarraituz. Gaur egun, 14 parametro ingurumeneko neurtzen dituen estazio meteorologiko bat du, hala nola tenperatura, argitasuna eta zarata, besteak beste.

“Hasierako udal-proiektu batetik abiatuta, berrikusitako proposamen bat landu zen, espazio fluido, irisgarri eta eremu bereizketarik gabea sortzera bideratua, jarraikortasun urbanoaren eta ingurunearekiko loturaren alde eginez. Plaza berriak belaunaldien arteko harremanak eta adin ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza sustatuko ditu, aisia, zaintza eta ongizatea orekatzen dituzten atseden, jolas eta jarduera eremuen bitartez”, adierazi du EHUko Harreman Instituzional eta Kultura arloko errektoreorde Marian Iriartek.

  

2883