Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak omenaldia egin die Gerra Zibilean erbestea ezagutu zuten haurrei

Gipuzkoak omenaldia egin die Gerra Zibilean erbestea ezagutu zuten haurrei

Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin egindako azterlan batean identifikatutako 10400 adingabe baino gehiago omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Markel Olano, diputatu nagusia eta bi omendu.

Markel Olano, diputatu nagusia eta bi omendu.


Gipuzkoako Foru Aldundiak, Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin batera, Gerra Zibilean erbestera ihes egin zuten 10.400 gipuzkoar baino gehiago omendu ditu gaur. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, pertsona horiek gerraren izugarrikeria lehen pertsonan bizitzeaz gain, beren etxeetatik eta familietatik urrundu beharraren zigor erantsia jasan zuten. “Gaurko ekitaldi instituzionalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere alea jarri nahi izan du gerrako umeak gure memoria historikoan sartzeko eta aldarrikatzeko”, defendatu du. “Bi urte eta erdi baino gehiago daramatzagu gerrako 10.400 haur baino gehiagoren nortasunak eta istorioak berreskuratzen, gure historiako pasarte ilunenetako bat historain gorde ahal izateko”, azpimarratu du.

650 pertsona baino gehiago hurbildu dira gaur Kursaalean egin den omenaldi-ekitaldira, eta, bereziki, oraindik bizirik jarraitzen duten eta ekitaldian parte hartu duten gerrako 100 haur omendu dituzte. "Memoria historikoa lantzeak pertsona horiei izen-abizenak itzultzea eta memoria aldarrikatzea dakar", adierazi du diputatu nagusiak.

Olanok gogorarazi duenez, Gerra Zibilean zuzenean parte hartu ez arren, gerrako haurrek larriki pairatu zituzten gatazkaren ondorioak, oso adin txikian erbestera ihes egin behar izan baitzuten. “Beldurra, bonbardaketak, senideengandik eta hurbilekoengandik urruntzea eta, azkenik, gurasoen babesa atzean utzita erbesteratu beharra. Asko eta asko ez ziren gehiago itzuli Euskadira. Hemendik aurrera, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak egindako lanari esker, haur hauek gure historiaren zati bezala aitortuak eta gogoratuak izango dira”.

Fernando Bernuések zuzendutako omenaldi hunkigarrian, Iñaki Salvadorren eta Easo Haur Abesbatzaren musika izan dugu eta Kukai dantza taldea, Andoni Egaña eta Maite Arruabarrena bezalako taldeek ere parte hartu dute. Ekitaldia amaitzeko, oholtzara igo diren protagonistek haurrak zireneko testigantzak eman dituzte ezagutzera.

Gerrako haurrak identifikatzeko azterketa.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gerra Zibiletik ihesi erbestean ezagutu zituzten haurren memoria identifikatu eta berreskuratzeko ikerketa amaitu dute. Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Azterketa amaitu bada ere, izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu-basean sartuko dira. Datu base hau datozen asteetan argitaratuko dute foru erakundearen webgunean.

Gerrako umeen memoria berreskuratzeko ahalegin horretarako, duela bi urte lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helburua gerran jaiotako haurrak identifikatzea izan da: jaioterria, izen-abizenekin eta, posible izan den kasuetan, beren argazki bat eta historia labur bat lortzea.

Bi urte eta erdiko lanaren ondoren, Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dira adingabe horien jatorri gisa, eta beste 246 pertsonen inguruan ez dago informaziorik. Erbesteratutako haur gehienak Donostiatik atera ziren (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571) ihes egin zuten. Baina bi kasu ere aurkitu dira Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.

  

3489