Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Gipuzkoak ‘silver economy’-an espezializatzeko oinarriak ezarri ditu

Foto Gipuzkoak ‘silver economy’-an espezializatzeko oinarriak ezarri ditu

Gipuzkoak ‘silver economy’-an espezializatzeko oinarriak ezarri ditu

Dagoeneko lurraldearen BPGaren % 5,5 eta enpleguaren % 9,2 sortzen duen merkatuan lurraldeak duen potentziala nabarmendu du Jabier Larrañagak.

Gipuzkoak ‘silver economy’-an espezializatzeko oinarriak ezarri ditu

Foru Aldundiak, Adinberri zahartze osasuntsuaren estrategiaren esparruan, “silver economy” delakoa bultzatzeko plan bat garatuko du, bost espezializazio nitxotan oinarrituta: zerbitzu soziosanitarioak eta arreta ereduak, etxearen egokitzapena eta laguntza teknikoak, turismoa, ingurune lagunkoiak eta teknologia gaitzaile digitalak. Estrategia horrek ikuspegi soziala eta ekonomikoa bateratuko ditu, horrela, alde batetik, adinekoen bizi kalitatea eta arreta hobetzeko, eta, bestetik, enpresa proiektu berrien sorrera eta hazkundea bultzatzeko. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko diputatuak eta Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak azpimarratu dutenez, zilar ekonomia “hazkunde bete-betean” dagoen merkatua da, Gipuzkoako BPGaren % 5,5 -1.472 milioi- eta enpleguaren % 9,2 -31.885 lanpostu- sortzen dituena, eta lurraldean “potentzial handia” duena.  Espero da 2025ean BPGaren % 32 izatea eta Europar Batasuneko enpleguaren % 38 sortzea.

          Nitxo horien identifikazioa Adinberrik azken urtean Gipuzkoan sektore hori eskaintzaren zein eskariaren ikuspegitik dimentsionatzeko eta zein ezaugarri dituen jakiteko bultzatutako ikerketa sakon batetik abiatzen da; 188 eragilek baino gehiagok parte hartu dute, eta inkesta eta elkarrizketa sakonak egin zaizkie.  Estatu mailan eta nazioartean garrantzitsuak diren erakundeekin ere kontrastea egin da, hala nola Silver Valley (Frantzia), Acció (Katalunia) edo UK Research and Innovation (Erresuma Batua). Azterketak ondorioztatu duenez, bost nitxo horiek baldintza guztiak betetzen dituzte lurralderako aukera gune bihurtzeko: masa kritikoa, 'silver' kolektiboaren beharrekin lerrokatzea, enpresen interesa, eta Gipuzkoan eremu horiei lotutako berrikuntza eta ezagutza gaitasunak izatea.

          Lehen nitxoa, zerbitzu soziosanitarioena eta arreta ereduena, pertsonarengan oinarritutako arreta eredutik abiatuko da, eta arreta berezia jarriko du telemedikuntzan eta telelaguntza aurreratuan, alde batetik, eta estimulazio kognitiboan, bestetik. Telemedikuntza gorantz doan esparrua da, eta funtsezkoa da osasun sistemen jasangarritasunerako. Estimulazio kognitiboari dagokionez, Afagi, Oroi edo Cita Alzheimer erakundeek, besteak beste, abian jarrita dituzte dagoeneko zenbait programa arlo horretan. Bigarrena, etxea egokitzeari eta laguntza teknikoei buruzkoa da, etxebizitza irisgarrien diseinuan zein desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonek etxean bizitzen jarraitzeko eta beren autonomia pertsonala bermatzeko produktuetan oinarritzen da.      Joera hori areagotu egin da pandemiaren ondorioz, eta horrek etxeko arreta zerbitzuen eskaria handitzea eta egoitza eredua egokitzea ekarri du. 

Turismoari dagokionez, helburua Gipuzkoa Europako hegoaldeko lehen mailako helmuga senior gisa finkatzea izango da. Agerikoa da Euskadin turismo seniorrak izan duen gorakada: gurera etortzen diren pertsonen % 47 55 urtetik gorakoak dira –pandemia aurreko garaian–, eta azken 15 urteetan % 13 puntu igo da turismo mota hori. Horrek sasoiz kanpoko turismoa sustatzeko aukera ematen du; izan ere, kolektibo horrek masifikazio handirik ez dagoenean eta tenperaturak muturrekoak ez diren garaietan bidaiatzeko ohitura du, eta lurraldearen turismo eskaintzarekin bat datozen zenbait faktore baloratzen ditu, besteak beste, zerbitzuaren kalitatea, garraiobide onak eta paisaia aniztasuna. Era berean, ingurune lagunkoien nitxoak Gipuzkoak adinekoen egunerokoan eragin positiboa izango duten espazio eta ingurune publikoak sortzeko duen gaitasuna indartu nahi du, hiri eta landa eremuak barne hartuta.  Helburu hori bat dator Osasunaren Mundu Erakundearen Hiri Lagunkoiren Programarekin. Udalerri askok bat egin du programa horrekin, eta abian dira dagoeneko ekimen garrantzitsuak, horien artean, Donostia Lagunkoia programa.

Espezializazio horrek, zeharka, bosgarren nitxoa izango du oinarri, hots, teknologia gaitzaileak, zeinetan Gipuzkoa ondo kokatuta dagoen, hala nola adimen artifizialean, gauzen interneten, hodeian, robotikan edo errealitate birtualean, eta horiek etxean, espazio publikoetan, gailu medikoetan edo telelaguntzakoetan edo zaintzaileen lan inguruneetan dituen aplikazioetan, besteak beste. “’Silver economy’ delakoa bizi dugun eraldaketa digitalerako palanka gehigarri bihurtu nahi dugu”, nabarmendu du Larrañagak, eta lurraldean eremu hori indartzeko “zerbitzuen ekonomiak” duen garrantzia ere azpimarratu du: “Trakzio enpresak ditugu hainbat sektoretan, esate baterako, handizkako banaketan, telekomunikazioetan, finantza zerbitzuetan edo hurbileko beste zerbitzu batzuetan, eta horiek funtsezko zeregina izan dezakete adinekoentzako ekonomia baten bultzatzaile gisa”.

Diputatuaren arabera, “Gipuzkoan adinekoentzako baliozko irtenbideak sortzeko gai den ekosistema bat antolatzeko zumeak ditugu, irtenbide horien bidez, adinekoen eta haien zaintzaileen ongizatea lortzeko, enpresen, sistema soziosanitarioaren, teknologia eta ikerketa zentroen eta gizarte zibil antolatuaren gaitasun teknologikoak eta ezagutza bateratuz, eta, horrela, balioa, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduz, 2030erako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriarekin bat. Biztanleriaren zahartzea erronka bat da, baina baita egungo krisiaren aurrean ekonomia suspertzeko aukera bat ere”. 

Iragarri duenez, laster jarriko da abian esparru estrategiko horri erantzungo dion Jarduketa Plana, eta lurraldeko enpresei parte hartzeko gonbita egin die, “identifikatutako nitxo bakoitzaren balio kateen errealitatean oinarritutako azterketa egiteko”. Planak honako hauek jasoko ditu: sentsibilizazioa, Gipuzkoako enpresek seniorren segmentuak dakarren aukera ekonomikoa eta haren beharrak ikus ditzaten; pertsona horien, zaintzaileen eta eremu soziosanitarioko profesionalen beharrei buruzko ezagutza oinarri bat sortzea, enpresei merkatura bideratutako irtenbideak garatzeko aukera emango diena; garatutako irtenbideekin esperimentatzea, prototipoak egitea eta ingurune errealetan abian jartzea; ekintzailetza  eta ekosistemako eragileen arteko sinergiak eta lankidetza bultzatzea; eta Gipuzkoa Silver Economy delakoaren erreferentziazko eskualde gisa ezagutaraztea, horrela, enpresen nazioartekotzea eta atzerriko inbertsioa erakartzea erraztuz.

«Erradiografia zehatza»

Rakel San Sebastianek, bere aldetik, Adinberrik bultzatutako ikerketaren datuak aletu ditu: “Sektorean dagoen eskaintzaren erradiografia zehatza da, baina eskaritik abiatuta, erantzun behar zaien eta, aldi berean, aukera espazio bat diren behar zehatzen sorta bat identifikatuz. Zuzeneko iturriak erabili ditugu, balio handiko informazioa ematen digutenak.  Horri esker, Gipuzkoako errealitatean oinarritutako ibilbide orri argia marraztu ahal izango dugu”. 138 enpresak erantzun diote lurraldeko 1.000 erakunderi baino gehiagori bidalitako galdetegiari, eta horietatik % 74,63 “zilar arlokoak dira, edo talde horretako jendeari bideratutako produktuak edo zerbitzuak dituzte”. Enpresen bolumen handiena duen aukera esparrua zainketarena eta arretarena da, zehazki, zerbitzu soziosanitarioena, eta, ondoren, etxe-egokitzeena eta laguntza teknikoena.  Erantzun duten enpresen fakturazioa, guztira, 360 milioi euro ingurukoa da, zilar ekonomiari dagokionez. Fakturazio indize handiena zerbitzu soziosanitarioek dute: 159 milioi euro eta guztizkoaren % 44.          

Bestalde, Gipuzkoan eskaintza osatzen duten enpresen %16,50 enpresa handiak dira, bereziki zahartze osasuntsuaren eta arreta eta zaintzaren inguruan, nahiz eta mikroenpresa asko ere badauden, % 33, hain zuzen. “Kontuan hartzekoa da enpresen tamaina polarizatuago dagoela, tamaina handiko enpresak eta mikroenpresak beste esparru batzuetan baino gehiago direlako”, adierazi du. Silver sektorea “zerbitzuetara bideratuta dago, argi eta garbi”; izan ere, zerbitzuetan produktuetan baino bi aldiz enpresa gehiago dago.  Enpresen nazioartekotze maila % 16,9koa da, eta galdetegia erantzun duten enpresen % 70ek silver arloari bereziki lotutako teknologiak edo ezagutzak dituzte, gehienbat pertsonen konektibitatearekin eta monitorizazioarekin lotutakoak.  Azkenik, % 66k I+G+B proiektu espezifikoak ditu: % 33k osasunaren arloan, % 21ek irisgarritasunean eta % 15ek zaintzan.

Eskariaren ezaugarriei dagokienez, oso kolektibo heterogeneoa da eta askotariko premiak ditu; talde horretan sartzen dira pertsona aktiboak zein pertsona zaurgarriak eta mendekoak, horien zaintzaileak eta eremuko profesionalak. “Dena dela, bat datoz ezaugarri eta joera batzuetan: alegia, pertsona zorrotzak eta informatuak dira. Erabakiak hartzeko ahaldunduta dagoen kolektiboa da, berrikuntzak hartzeko prest dagoena, eta teknologia erabiltzen gero eta ohituago dagoena.  Kolektibo horrek beste eskualde batzuetan baino erosteko ahalmen handiagoa du Gipuzkoan (Europako batez bestekoa baino % 12 handiagoa da erosteko ahalmena), eta oso kontzientziatuta dago osasunaren eta prebentzioaren garrantziaz”.

 

Diru laguntzak

Aldundia dagoeneko lanean ari da arlo horretan, zuzeneko laguntzen bidez; zehazki, erronka demografikoaren aurrean negozio eredu berriak sustatzeko eta balio erantsiko aukerak sortzeko deialdiaren bidez. Guztira, 523.051 euro bideratu ziren horretara 2020an Deialdi horretan, aurreko bi edizioekiko ikuspegi berri bat eman zitzaion, enpresen jarduera ekonomikoa eta enplegua garatzera eta sustatzera bideratuagoa. Guztira 13 proiektu bultzatu ziren, guztiak silver economy delakoarekin zuzenean lotuak, beste hainbat erakunde eta enpresak garatuak, hala nola Fagor, Askora edo Gureak. Datozen asteetan bilera bat egingo dugu haiekin, proiektu horiek kontrastatzeko.

          2031rako biztanleria-proiekzioek adierazten dutenez, Gipuzkoako 55 urtetik gorako pertsonek % 46,5eraino handituko dute beren ehunekoa, 738.700 laguneko biztanleria total handixeago baten aldean. Biztanleria horren % 27,1ek gainditua izango du 65 urteen atalasea, eta % 5ek, berriz, 36.700 bat lagunek, 85 urteen atalasea. Mundu mailan, 65 urtetik gorako pertsonek kontsumoaren % 40 egiten dute, eta horrek bihurtzen du adinekoen taldea jarduera ekonomikoaren lehentasunezko xede, haien behar eta motibazioak –baita ere haien familiartekoenak– betetzen dituzten produktu eta zerbitzuekiko. “Trantsizio demografiko horri aukera gisa heldu behar diogu, lankidetza publiko-pribatutik eta berrikuntza sozial, teknologiko eta instituzional dosi handiekin”, amaitu du San Sebastianek.