Gipuzkoak zerga araudia eguneratuko du nazioarteko erabakiei jarraiki eta iruzurraren aurkako jarduketa eraginkorragoa xede
Gipuzkoak zerga araudia eguneratuko du nazioarteko erabakiei jarraiki eta iruzurraren aurkako jarduketa eraginkorragoa xede
Gipuzkoak zerga araudia eguneratuko du nazioarteko erabakiei jarraiki eta iruzurraren aurkako jarduketa eraginkorragoa xede
Larrañaga Ogasuneko diputatuak erakundeen arteko elkarlana indartzearen alde egin du apustu, “zerga praktika desegokiei tarterik ez uzteko”
Iruzur fiskalaren aurkako etengabeko hobekuntza prozesuan aurrerapauso bat gehiago aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Nazioarteko erakundetan adostutako akordioei jarraiki, Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko araudia egokitzera bideratutako prozedura jarri du martxan. Alorreko diputatuak, Jabier Larrañagak, aldaketa tekniko hauen balio kualitatiboa azpimarratu du, eta nazioarteko araudiarekin lerrokatuta egotearen garrantzia nabarmendu. “Nazioarteko Erakundeen arteko elkarlanak eraginkorragoak egiten gaitu zerga ihesaren aurkako borrokan”, adierazi du.
Larrañaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu da gaur, aldaketa hauek biltzen dituen Foru Arau aurreproiektua aurkezteko. Neurriak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) baitan hartutako akordioak eta Europar Batasuneko zenbait zuzentarau eta epaietara egokitzen du lurraldeko araudia. Larrañagak gogoratu duenez, iruzur fiskalaren aurkako jarduketa “estrategikoa” da Foru Aldundiarentzat eta aldaketak berriki aurkeztu den 2016ko Zerga Egiaztapenerako Planaren markoan aurreikusita daude.
Erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa da, maila guztietan, eta egitasmo honek nazioarteko zerga praktika desegokiak ekiditen lagunduko digu
Foru diputatuak azaldu duenez, nazioarteko zein tokiko erakundeak etengabe ari dira aurrerapausoak ematen iruzurraren aurkako jarduketan, “eta argi dago iruzurgileek bidea gero eta estuago dutela, azken asteetan azaleratzen ari diren oihartzun handiko kasuek adierazten duten bezala”. Iruzur poltsak murrizteko estrategia horretan, Larrañagak ELGAren baitan jorratutako BEPS[1] proiektuaren garrantzia azpimarratu du, “nazioarteko zerga iruzurrari aurre egiteko oinarrizko erreminta”. “Erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa da, maila guztietan, eta egitasmo honek nazioarteko zerga praktika desegokiak ekiditen lagunduko digu”, adierazi du.
Testuinguru honetan kokatzen da patent box delako araubidearen moldaketa. Araubide hau berrikuntza sustatzeko pizgarria da, jabetza intelektual edo industrialaren ustiapenetik lortutako errentak murriztuz. Orain, BEPS proiektuan jasotzen dena betetze asmoz, modified nexus approach irizpidea txertatzen da, pizgarria kalkulatzeko formulan eragina duena: zuzenean lotzen ditu hobaria jasotzen duen sarrera eta hori lortzeko egindako gastua. Helburua zergadunak hartzen duen hobaria benetan egin dituen jarduketengatik jasotzea da. Gainera, markak hobari honetatik kanpo geratuko dira aurrerantzean, eta barneko patent box delakoa ezabatu egiten da.
Bestalde, Gipuzkoako araudia herrialdez herrialdeko informaziora ere egokitzen da. Neurri honen bitartez, enpresa multinazionalak behartuta egongo dira, urtero, egoitza duten herrialde bakoitzean izan dituzten diru-sarreren eta ordaindutako zergei buruzko informazioa ematera, talde multinazionalaren barruan jarduera ekonomikoaren kokapenaren inguruko zenbait adierazlerekin batera. Zerga administrazioek transferentzia prezioen inguruko edota BEPS jarduketekin erlazionatutako beste edozein arrisku ebaluatu ahal izatea espero da erreminta honi esker.
Aldaketa hauek uztailaren 1ean sartuko dira indarrean, horrela aurreikusten baita nazioarteko akordioetan, eta hori dela eta presazko prozedura erabiltzen ari direla adierazi du Larrañaga diputatuak. Patent box-en kasuan, ordea, araubide iragankorra jarriko da uztailaren 1aren aurretik egindako prozedurentzako eta, herrialdez herrialdeko informazioa igortzeari dagokionez, enpresa multinazionalek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako datuak eskaini beharko dituzte.
[1] BEPS: ingelesez, Base erosion and profit shifting project, hau da, zerga oinarriaren higadura eta irabazien lekualdatzea. Zenbait enpresak irabaziak zerga-sistema lagungarriagoak dituzten lurraldeetan ordaintzeko erabiltzen dituzten estrategiei aurre egiteko ekintza plana.
2248