Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak zibersegurtasuna blindatzeko eta industria sarearen lehiakortasuna bermatzeko indarrak batu ditu ‘IndustrySec2025’ ekitaldian

Gipuzkoak zibersegurtasuna blindatzeko eta industria sarearen lehiakortasuna bermatzeko indarrak batu ditu ‘IndustrySec2025’ ekitaldian

200 pertsona baino gehiago bildu dira gaur Ficoban, ZIURek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duten lurraldeko zibersegurtasun ekitaldirik handienaren bosgarren edizioan

Gipuzkoako Foru Aldundia

200 pertsona baino gehiago bildu dira gaur Gipuzkoa IndustrySec ekitaldiaren bosgarren edizioan, lurraldeko zibersegurtasun industrialeko ekitaldirik handienean, Ficoban (Irun), ‘Unitatearen indarra: lankidetza ekosistemaren motor gisa’ lelopean. Enpresak, arlo horretan adituak diren pertsonak, teknologia eta ezagutza zentroak eta erakundeak izan dira topaketan, eta Gipuzkoako industriaren lehiakortasunari eusteko zibersegurtasunak duen garrantzi estrategikoari balioa emateko balio izan du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela sei urte bultzatutako ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak arlo horretan egindako lana nabarmendu du Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Apustu aitzindaria da, eta lurraldea babes digitalaren abangoardian jartzea lortu du, zibersegurtasunak dakarren erronka globalari aurrea hartuta. “Laborategi hori sortzeak Foru Aldundiaren helburua gure industriari laguntzea dela erakusten du, ezagutza partekatuz, prestakuntza eskainiz, sareak sortuz eta lankidetza bultzatuz”, adierazi du.

“ZIUR gure lurraldean zibersegurtasun industrialaren esparruan lankidetzarako eta berrikuntzarako espazioa garatzeko xedearekin sortu zen, gure enpresen eta zibersegurtasun sektorearen zerbitzura”, gogorarazi du Mendozak Gipuzkoa IndustrySec ekimenaren irekieran.

Ondoren, María Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak gero eta sofistikatuagoak eta eraginkorragoak diren erasoen gorakadaren aurrean babestearen garrantzia jarri du mahai gainean. Estatuan soilik, zibergertakariak % 66 hazi dira azken urtean, eta ransomware motako erasoak % 126, jakinarazitako 2.289ra iritsiz. Gainera, manufaktura-industria da munduko sektorerik erasotuena duela 3 urtetik, guztizkoaren % 25,7a hartzen baitu. Horrek esan nahi du industrian eragindako kostuak urteko % 125eko erritmoan ari direla handitzen. “Horrek guztiak geure burua babesteak duen garrantziaz gogoeta egitera eraman behar gaitu, eta, horretarako, funtsezkoena erronka horri arrakastaz heltzeko bat egitea eta lankidetzan aritzea da”, adierazi du Penillak.

Marc Rivero López aditu ezaguna da ziberadimenean, geopolitikan eta mehatxu aurreratuen analisian, eta bera izan da ‘Mehatxuen adimena industria sektorean: zure etsaia ezagutzearen garrantzia’ hitzaldi nagusiaren protagonista. Riverok nabarmendu duenez, Kasperskyren arabera (mundu mailako erreferentea zibersegurtasun zerbitzuetan),

ICS sistemen (Kontrol Industrialeko Sistemak ingelesezko sigletan) % 21,9ak eraso saiakerak jasan zituen 2025eko bigarren hiruhilekoan, eta malware arloko 11.600 familia baino gehiago detektatu ziren. Horregatik, arlo horretan ikuspegi estrategikoa izatearen garrantzia azpimarratu du, zibererasoei azkar erantzuteko eta enpresek erresilientziarako duten gaitasuna handitzeko.

Gipuzkoa IndustrySec ekitaldiak bi mahai inguru ere izan ditu, Gipuzkoako zibersegurtasun arloko enpresa eta arduradunen parte-hartzearekin. SPRI Taldeko Guillermo Unamunok moderatutako lehenengoan, Masermic, Bexen Cardio eta Connect Groupeko arduradunek ‘Produktu industrialaren zibersegurtasunaren ebaluazioa’ gaiaren inguruan duten ikuspegia partekatu dute. Ondoren, ‘CISOren kudeaketa industrian’ gaiari buruzko beste mahai inguru bat egin da, Betapack-eko, Venanpri Group-eko (Bellota Herramientas) eta Gourmet Okin Taldeko ordezkariek osatua eta ZIUReko zuzendari nagusiak moderatua.

Koldo Peciña Proiektu Estrategikoetako zuzendariak eman dio amaiera urteko ekitaldiari, eta ziurtatu duenez kongresu hau “aukera bikaina da azken joerak eta erronkak erreferenteen eskutik ezagutzeko”. “Gure industria eta enpresak garatzen ari diren proiektuetatik entzuteko, aztertzeko eta ikasteko, eta etorkizunean izango ditugun erronkei buruz elkarrekin hausnartzeko aukera ematen digu”, adierazi du Peciñak. “Zibersegurtasun industriala ez da luxua, lurralde gisa indartsu izaten jarraitzeko ezinbesteko baldintza da”, berretsi du Gipuzkoa IndustrySec ekitaldiaren azken edizio honetan.

  

3065