Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak Zumeta galdu du, euskal artearen eta kulturaren eredu bat

Gipuzkoak Zumeta galdu du, euskal artearen eta kulturaren eredu bat

Gipuzkoar margolaria 81 urterekin hil da. Usurbilen jaioa 1939an, euskal mugimendu garrantzitsuetan hartu zuen parte, besteak beste Ez Dok Amairu edo Gaur, beste artista handiekin batera.

2020/04/23

Harkaitz Millan, Kulturako diputatua: «Zumeta eredu bat izan da, ez bakarrik pinturan, baita euskal kulturan ere, beraren lanak diskoetan eta liburuetan maiz agertu izan direnez, gure inguruan arte garaikidea ezagutarazten lagundu baitu».

Kulturako foru diputatu Harkaitz Millanek bere atsekabea azaldu du Jose Luis Zumetaren heriotzagatik, «Gipuzkoak euskal artearen eta kulturaren erreferentzia bat galdu duelako».  Kulturako arduradunak biziki azpimarratu du artistak arte garaikidea ezagutarazteko eta zabaltzeko egin duen ekarpen garrantzitsua: «guztiok gogoratzen ditugu Laboaren diskoen eta liburu batzuen azalak; trazu eta kolore nahastezin haiek arte garaikidera hurbildu gintuzten, arte garaikidea aintzat hartzen irakatsi ziguten».  «Zumetarekin batera, estilo berezi eta guztiz pertsonal bat galtzen da, bere obraren eta pinturaren nortasuna, orobat, horrek definitzen eta ezaugarritzen baitu artista eta sortzaile handi bat».

Zumeta euskal kulturaren eredu bat eta arte abstraktuaren erakusle handienetako bat izan da.  Gazte-gaztetatik nabarmendu zen, Gazte Pintura lehiaketan Urrezko Domina Nazionala lortu baitzuen.  Parisen, Stockholmen eta Londresen trebatzen aritu ondoren, 1967an Euskal Pinturako Sari Nagusiaren lehiaketako lehen saria lortu zuen.

1960ko hamarkadan, Eduardo Chillida, Rafael Ruiz Balerdi edo Nestor Basterretxearekin batera Gaur taldea sortu zuen.  Ez Dok Amairu euskal kulturaren mugimendu abangoardistan ere parte hartu zuen, 1966 eta 1972 artean euskal kultura berreskuratzen eta berritzen aritu zena, Xabier Lete eta Mikel Laboarekin batera, besteak beste.  Bere jarduera artistikoan Mikel Laboaren diskoetarako azalak egin zituen maiz.

 

 

 

 

 

  

1471