Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako 65 egoitzetako egoiliarrei eta langileei frogak egiten ari da Osakidetza

Gipuzkoako 65 egoitzetako egoiliarrei eta langileei frogak egiten ari da Osakidetza

Zortzi lagun hil dira, 10ek eman dute positibo Covid-19n eta bat sendatu da azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du azken orduetan zortzi lagun zendu direla, 10 positibo eman direla eta bat gehiago sendatu dela Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sarean, 65 zentroz osatuta dagoena, non 5.425 pertsona artatzen diren. Gaur arte, 26 lagunek gainditu dute gaixotasuna, azkenak Zarauzko Santa Ana egoitzan; aldiz, hildakoen kopurua 99koa da eta 302k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute. Azken heriotzak eman dira Arrasateko Iturbiden (3), Donostiako Berran (1), Ordiziako San Josen (2) eta Zumarragako Argixaon (2). 16 dira oraindik ere birusak eragindako zentroak Gipuzkoan, 33 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude eta 36 ospitaleratuta.

          Eider Mendozak azaldu du Gipuzkoan, Osakidetzaren eskutik, lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan “mapatze zehatz” bat egiten ari dela, helburu duena “birusak eragindako pertsona kopuru zehatza ezagutzea, egoiliarrena zein langileena, sintomatikoak edo asintomatikoak izanda ere, kutsatze arrisku maila identifikatzeko eta momentu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehazteko”. Horretarako, Osakidetza test azkarrak eta PCRak bateratzen ari da lurraldeko egoitza zentro guztietan Gipuzkoako sei OSI-en bidez.

Mendozak zehaztu du dagoeneko egoiliarrei egin zaizkiela testak Iturbiden (Arrasate), Arangoitin (Beasain), San Josen (Ordizian), Berran (Donostian), Caser Residencial Anakan (Irun), Santa Anan (Zarautz), Argixaon (Zumarraga), GSR Aretxabaletan (Aretxabaleta) eta Jose Aranan (Eskoriatza). Era berean, Iturbiden, Jose Aranan, Caser Residencial Anakan, Santa Anan, Argixaon, Otezurin (Zumaia) eta Berran ere testak egin zaizkie bertako profesional guztiei; eta San Josen, GSR Aretxabaletan eta Arangoitin plantilla erdiari ere egin zaizkie dagoeneko frogak. Osakidetzak bihar osatuko ditu testak dagoeneko hasi dituen egoitzetan eta bihar egingo ditu baita ere frogak Egogainen (Eibar), eta Iurreamendiko (Tolosa) eta Otezuriko (Zumaia) testak ere osatuko dira. Datozen egunetan testak egingo zaizkie Gipuzkoako egoitza sareko langile eta erabiltzaile guztiei.

          Sintomak zituzten langile zein egoiliarrei, Osakidetza PCR frogak egiten aritu da, eta test azkarren iritsierarekin, sintomarik ez duten pertsonei test bikoitzak egiten zaizkie: lehendabizi test azkarra egiten zaie, eta positibo eman ala ez, PCR froga ere egiten zaie. Era horretan, bi frogak bateratuta, kasu asintomatikoak detektatzea posible da, baita gaixotasuna pasa dutenak eta inmunizatuta daudenak, eta momentuan gaixo daudenak ere.

          Bozeramaileak azaldu du “gero eta test gehiago egin, aurre egiten ari garen egoeraren orduan eta diagnostiko zuhurragoa izango dugula”. “Test bikoitzen” bidez, eta adituak diren osasun langileek adierazten duten moduan, sintomatikoak eta asintomatikoak diren kasuak atzeman daitezke, baita gaixotasuna pasa duten ala ez. “Gipuzkoako Foru Aldunditik gure esku dauden baliabide guztiekin jarraituko diogu aurre egiten hain konplexua den egoera honi, zalantzarik gabe, benetako erronka izaten ari dena gizarte osoarentzat”. Horregatik, beste egun batez, bere esker ona adierazi die egoitzetako langile guztiei, senitartekoei eta egoiliarrei, baita Osakidetzari eta osasun langile guztiei ere: “Beraien ezagutzarik, lankidetzarik eta laguntzarik gabe ez litzatekeelako posible izango gaixotasun honi aurre egitea”.

  

1462