Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Gipuzkoako Azoken Sarea sortu da, merkatuen etorkizuna bermatzeko helburuarekin

Gipuzkoako Azoken Sarea sortu da, merkatuen etorkizuna bermatzeko helburuarekin

16 udalerrik hartuko dute parte Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elikarekin elkarlanean sortu duen ekimen hau.

Foto Gipuzkoako Azoken Sarea...

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean Gipuzkoako herrietako azokak aztertu, indartu eta hauen etorkizuna bermatzeko helburuarekin Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoa jarri du martxan. Prozesu honen bitartez, azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana adostuko dira; eta guztien artean Gipuzkoa osorako ikuspegi orokor bat landuko da. Proiektu hau gauzatzeko Elhuyar, Eurogap eta Ikertalderen babesa izango dute. Ekimenaren hasiera honetan 16 udalerrik hartuko dute parte: Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Beasain, Bergara, Donostia, Deba, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Oñati, Ordizia, Tolosa, Zarautz eta Zumarragak. Aurrera begira, helburua da egitasmoa Gipuzkoa osora eta baita Euskadi osora ere zabaltzea.

 

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek, bitarteko eragileekin batera (Landa Garapeneko Elkarteak eta Elika Fundazioa) urteak daramatzate hurbileko nekazaritza eta merkaturatze-zirkuitu laburren alde lanean, bide berriak aztertuz ekoizleek etekin ekonomiko handiagoa izan dezaten eta egitasmo hau, bide berean, azokei bultzada bat emateko sortu da.

 

Xabier Arruti, Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak nabarmendu du Gipuzkoa “aitzindaria” izango dela egitasmo honetan, “lurraldeko azoka kopurua eta hauek gizartean, ekoizleentzat zein erosleentzat”, duten garrantzia dela-eta. Aldundian gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz”. Gaineratu duenez, Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoarekin “bultzada handi bat eman nahi diegu azokei, hausnarketa bat eginez, eta partaidetza prozesuen bitartez lan-ildo nagusi bat eta ekintza-plan bat sortuz”.

 

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, berriz, adierazi du “une egokia dela ekimena martxan jartzeko, Europatik ekoizleen alde datorren joera dela-eta. Izan ere, Europako Batzordeak Europako Itun Berdearen esparruan onartu berri duen Baserritik Mahaira Estrategiak, elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen baitu”. Orozek gaineratu du “estrategia hori Euskadiko gobernu-planean txertatuta dagoela, eta elikagaien ekoizpen jasangarriagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa bultzatuko duela, elikadurarekin gero eta sentikorragoak eta zorrotzagoak diren herritarren eskakizunei erantzungo diena, eta gure produktuekiko eta sektorearekiko hurbiltasuna eta konfiantza baloratuko dituena. Horretarako, ezinbestekoa da eragile guztien arteko elkarlana, publikoak zein sektorialak, eta gaur aurkezten dugun sare hau Euskadi osora zabaltzea da asmoa, Euskal Azoken Sarea eratuz", azpimarratu du sailburuordeak.

 

Egitasmoaren aurkezpena eta lan-bilera

Egitasmoaren lehen urratsak ematen hasiak dira dagoeneko eta atzo, asteazkena, bilera telematikoa egin zuten egitasmoaren bultzatzaile eta kide izango diren eragile guztiek. Bertan parte hartu dute Xabier Arruti, Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Landaola Garapen Elkarteko eta Elika Fundazioko arduradunek, ekimenean parte hartuko duten 16 udalerrietako ordezkariek, eta, azkenik,
egitasmoari euskarria emango dioten eragileetako kideek. Bertan, egitasmoaren aurkezpen ofiziala egiteaz gain, helburuak eta ekarpenak  partekatu dituzte.

  

365