Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako bilketa metatua % 13,7 igo da abuzturarte arte, aurreko urtearen aldean

Gipuzkoako bilketa metatua % 13,7 igo da abuzturarte arte, aurreko urtearen aldean

2025eko lehen zortzi hilabeteetan 501 milioi gehiago bildu dira, 2024ko aldi berarekin alderatuta

2025/09/12

Gipuzkoako zerga bilketa metatuak % 13,7ko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean. Guztira 4.158 milioi euro bildu dira abuzturarte, 2024ko aldi berean baino 501 milioi gehiago. Diru sarrera osoak % 7 igo dira, eta itzulketak % 11,1 jaitsi dira. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 14,5 egin du gora, zeharkako zergenak % 10,2 eta Estatuarekiko doikuntzak % 25,3.

Zerga bilketa likido metatuak abuztura arte izandako bariazio hori, neurri handi batean, 2024ko uztailean mutualistei egindako ezohiko itzulketek eragin dute, eta horiek desitxuratu egiten dute konparaketa. Eragin hori kontuan hartuko ez bagenu, bariazioa %8,7 izango litzateke.

Eragin hori alde batera utzita, abuztura arte erregistratutako bilakaera positiboa diru-sarreren hazkundeak azaltzen du: lan atxikipenak, kapital higikorraren etekinen atxikipenak, BEZa eta sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala. Bestalde, abuztura arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da Ondare irabazien atxikipenak jaitsi direla.

Zergen arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 6,0 igo dira, hau da, 95 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren sarrerak 4,7 milioi gehitu dira eta itzulketak 125,9 milioi gutxitu dira; beraz zerga bilketa likidoa 130,6 milioi euro handitu da abuztura arte, iazko epe berdinarekin alderatuz. Goian adierazi moduan, aipatutako hazkundea, batez ere, iaz mutualistei egin zitzaizkien ezohiko itzulketen eraginez gertatu da. Osagai guztiak kontuan izanik, PFEZaren zerga-bilketa garbia % 15,1 handitu da, hau da 218,6 milioi euro gehiago.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren diru-sarrerak 31,8 milioi euro handitu dira abuzturarte, 2024ko aldi berarekin alderatuz. Bariazio horrek bi osagai ditu: batetik, diru sarrera gordinak 2,1 milioi handitu dira; eta bestetik, itzulketak 29,7 milioi gutxitu dira. Puntu honetan kontuan hartu beharra dago kanpainako sarrerak abuztuan kontabilizatu direla eta kanpainako itzulketen eskaerak urte bukaeran gauzatzen direla. Era berean, ordainketa zatikatuak maiatzean, azaroan eta abenduan kontabilizatuko dira.

Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, bilketa metatua % 11,4 igo da, hau da, 105,2 milioi euro gehiago bildu dira. Atal honetan, Gipuzkoako sarrerak 95,3 milioi euro gehitu dira (+% 7,5), itzulketak 7,1 milioi euro handitu dira (+% 1,2) eta lurraldearteko doikuntzak 17,1 milioi handitu dira (+% 6,9).

Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 8,9 igo da, hau da, 7,8 milioi gehiago. Era berean, elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 79,9 igo da, hau da, 6,5 milioi gehiago aurreko urtearekin alderatuta, iazko araudi-aldaketen ondorioz.

Azkenik, Estatuarekiko doikuntzei dagokienez, bilketa metatua, aurreko urtearekin alderatuta, 66,7 milioi igo da BEZean, eta 12,9 milioi hobetu da zerga berezietan. Estatuarekin egindako doikuntzei dagokienez, honako hauek nabarmendu behar dira: inportazioen BEZarengatiko doikuntza 50,6 milioi eurotan handitu da, eta hidrokarburoen doikuntzagatik aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 17,2 milioi eurotan murriztu da.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak positiboki baloratu ditu “2024ko urrian Finantzen Euskal Kontseiluan egindako aurreikuspenekin bat datozen” bilketa zifrak; hala ere, zuhurtzia eskatu du testuinguru makroekonomikoaren ziurgabetasunaren aurrean, “oraindik urtea ixteko hilabete batzuk falta dira, eta, beraz, gertutik jarraitu beharko dira nazioarteko gertaerak eta horiek lurraldeko enpresa sarean izan dezaketen eragina” .

  

2803