Gipuzkoako bilketa metatua % 8,1 igo da apirilera arte, aurreko urtearen aldean
Gipuzkoako bilketa metatua % 8,1 igo da apirilera arte, aurreko urtearen aldean
2025eko lehen lau hilabeteetan 109 milioi gehiago bildu dira, 2024ko aldi berarekin alderatuta.

Gipuzkoako zerga bilketa metatuak % 8,1eko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean. Guztira 1.459 milioi euro bildu dira apirilerarte, 2024ko aldi berean baino 109 milioi gehiago. Diru sarrera osoak % 9 igo dira, eta itzulketak, % 11,3. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 1,8 egin du gora, zeharkako zergenak % 7,9 egin du behera eta Estatuarekiko egokitzapenenak % 41,7 egin du gora.
Apirilera arte metatutako diru-bilketan eragin positiboa izan duten zergen artean, honako hauek nabarmentzen dira: lan-etekinen gaineko atxikipenak, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak, BEZa eta Estatuarekiko BEZaren doikuntzak. Aitzitik, diru-bilketan eragin negatiboa izan duten faktoreen artean, BEZaren eta PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketen igoera aipatu behar da.
Zergen arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 4,3 igo dira, hau da, 28,6 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren itzulketak 40,7 milioi gehitu dira. Kontuan izan behar da kanpainaren diru-sarrerak uztailean eta azaroan kontabilizatzen direla, eta kanpainaren itzulketa gehienak apiriletik ekainera bitartean egiten direla. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren diru-bilketa likidoa % 1,4 jaitsi da, hau da, 7,7 milioi gutxiago.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren diru-sarrerak 5,3 milioi euro murriztu dira apirilera arte, 2024ko aldi berarekin alderatuta, diru-sarrera gordinak 5,2 milioi euro murriztu direlako. Puntu honetan kontuan hartu behar da kanpainako diru-sarrerak abuztuan kontabilizatuko direla, eta kanpainaren itzulketa-eskaerak urtearen amaieran gauzatuko direla. Era berean, ordainketa zatikatuak maiatzean, azaroan eta abenduan kontabilizatuko dira.
Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, bilketa metatua % 5,7 igo da, hau da, 23,1 milioi euro gehiago bildu dira. Atal honetan, Gipuzkoako sarrerak 39,9 milioi euro gehitu dira (+% 7,7), 28 milioi euro itzuli dira (+% 13,6) eta lurraldearteko doikuntzak 11,2 milioi (+% 11,9).
Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 13,8 igo da, hau da, 4,7 milioi gehiago. Era berean, elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 166,6 igo da, hau da, 5,0 milioi gehiago aurreko urtearekin alderatuta, iazko araudi-aldaketen ondorioz.
Azkenik, Estatuarekiko doikuntrei dagokienez, bilketa metatua, aurreko urtearekin alderatuta, 43,4 milioi igo da BEZean, eta 7,0 milioi hobetu da zerga berezietan. Estatuarekin egindako doikuntzei dagokienez, honako hauek nabarmendu behar dira: inportazioen BEZarengatiko doikuntza 34,3 milioi eurotan handitu da, eta hidrokarburoen doikuntzagatik aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 17,2 milioi eurotan murriztu da.
4408