Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako diputatu nagusiak bere “sakoneko samina” adierazi du Ardanza lehendakariaren heriotza dela eta

Gipuzkoako diputatu nagusiak bere “sakoneko samina” adierazi du Ardanza lehendakariaren heriotza dela eta

“Lehendakari gisa, alkate nahiz diputatu nagusi bezala, euskal erakundeak eta autogobernua defendatu zituen beti. Bakearen eta elkarbizitzaren defendatzaile nekaezina izan zen”, gogoratu du Eider Mendozak

Jose Antonio Ardanza

Eider Mendoza diputatu nagusiak bere “sakoneko samina” adierazi nahi izan du gaur arratsaldean, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotza dela eta. Gipuzkoaren eta gipuzkoarron ongizatearen garapenean “berebiziko itzala eta garrantzia” izan zuen, Mendozak azpimarratu duenez, bai lehendakari gisa eta, baita ere, aurretik, Arrasateko alkate nahiz diputatu nagusi bezala ere egindako lanak. “Euskal erakundeak eta autogobernua irmoki defendatu zituen, beti. Gainera, indarkeriaren garai gogorrenetan, bakearen, giza eskubideen eta elkarbizitzaren sustatzaile nekaezina izan zen”, gogorarazi du.

Diktaduraren ondoren, euskal erakundeak eta autogobernua berreskuratu berritan, Arrasateko alkate eta ondoren diputatu nagusi izateko ardura izan zuen, “oso momentu zailetan”. “Gure lurraldeak ekonomiaren eta industriaren krisialdi sakonak bizi zituen urte haietan eta indarkeriaren garai gogorrak pairatzen ari ginen. Une hartan herri ordezkaritza gorenak hartzeko ardura izan zuen eta beti gure herriaren garapenaren alde egin zuen, beti herritarren, pertsona ororen duintasunaren eta ongizatearen alde. Alkate nahiz diputatu nagusi bezala eta, nola ez, lehendakari bezala, ekarpen handia egin zion Gipuzkoari eta Euskadiri”, adierazi du Mendozak.

Besteak beste, diputatu nagusiak gogoratu duenez, Foru Aldundiko ordezkari nagusi izendatu berritan suertatu zitzaion 1983ko uholde lazgarriek Gipuzkoan utzitako ondorio gogorrei erantzuteko ahaleginak koordinatu beharra. “Izan zituen ardura eta zeregin guztietan, gure erakundeen, lurraldearen eta herriaren garapenenarekin sakonki konprometitutako pertsona izan zen”, gehitu du.

Diputatu nagusiak “bihotz bihotzetik doluminak” adierazi dizkie Ardanza lehendakariaren senide, gertuko eta lagunei, une gogor hauetan. Aldundiko fatxada nagusian ikurrina haga erdian kokatuta egongo da datozen egunetan, Jaurlaritzak ezarritako dolu egun ofizialekin bat eginez.

  

1121