Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei kanpo-merkatuetara irekitzen laguntzeko laguntzak onartu dira

Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei kanpo-merkatuetara irekitzen laguntzeko laguntzak onartu dira

Diputatuen Kontseiluak gaur eman dio oniritzia deialdiari, eta aurten 915.010 euro bideratuko dira.

2024/05/14
Gipuzkoako Foru Aldundia

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei nazioartekotze-prozesuetan laguntzeko laguntza ekonomikoen programa onartu du gaur, eta aurten 915.010 euro bideratuko dira horretara. Programa horrek hiru ildo ditu: kanpo-merkatuetan produktu berriak merkaturatzea – 676.608 euro –; filialak sortzea, zabaltzea edo erostea, partaidetza nagusiarekin – 215.009 euro–; eta merkatu berriak sustatzeko eta bilatzeko talde-ekintzak egitea. “Gure enpresek nazioarteko bokazioa izan dute historikoki, eta bokazio horri esker lurraldearentzat aukera berriak, eta aberastasuna, enplegua eta ongizatea sortu dute. Nazioarteratze ahalegin horretan laguntzen jarraitu nahi dugu, batez ere enpresa txikiei, horiek baitira kanpoko merkatuetara lehen aldiz sartzeko zailtasun handienak dituztenak, gero eta konplexuagoa den testuinguru batean”, azaldu du Irune Berasaluze bozeramaileak Kontseilu ondorengo agerraldian.

Hala, lehenengo lerroa ETEei soilik zuzenduta dago, eta produktu berria kanpora ateratzeko ekintzetan kanpoan kontratatutako lanak eta zerbitzuak diruz laguntzen dira, hala nola nazioartekotze, marketin eta merkaturatze arloko aholkularitza, akonpainamendua eta prestakuntza, edo patente-eskaerak, marka-erregistroa eta izen komertzialak. Enpresa bakoitzak gehienez ere bi herrialde aukera ditzake, eta proiektuak baloratzerakoan kontuan hartzen dira Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko Plan Estrategikoak ezarritako lehentasunezko merkatuak.

Programaren bigarren lerroari dagokionez, urtero laguntzen dira Gipuzkoako enpresek filialak sortu, handitu edo erostera bideratzen dituzten baliabide iraunkorretarako ekarpenak, edozein herrialdetan, enpresa txikien kasuan, eta EBtik kanpo, enpresa ertainen eta handien kasuan. Hirugarren lerroak, azkenik, enpresa txikiak nazioartekotzea du helburu, promozioa egin eta erosleak erakartzeko taldekako ekintzak bultzatuz, azoketan esaterako, Gipuzkoako balio-kateak ordezkatzen dituzten erakundeen eskutik -klusterrak, elkarteak, etab-.

Informazio eta oinarri guztiak laster argitaratuko dira GAOn, eta interesa duten enpresek oinarriak argitaratu eta hurrengo egunetik 2024ko ekainaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. Iaz, Aldundiak Gipuzkoako 34 enpresa txiki eta ertaini eta eragileri lagundu zien deialdi honen bidez. Proiektu gehienak lehentasun goreneko kategorian sartutako herrialdeetara bideratu ziren, hala nola Alemaniara (14), AEBra (11), Mexikora (5) eta Txinara (4). Gainerako helmugako herrialdeak honako hauek izan ziren: Frantzia (11), Kolonbia (4), Erresuma Batua (4), Italia (2), Arabiar Emirerri Batuak (2), Maroko (2), India (2), Portugal (2) eta Argentina, Brasil, Bulgaria, Pakistan eta Polonia (bana). Lagundutako enpresen profila askotarikoa da; hala ere, sektore nagusiak makineria, elektronika eta IKTak, ingeniaritza, metalezko produktuak eta altzariak izan ziren, eta % 55 maila teknologiko altu edo ertain-altuko sektoreetakoak ziren.

Gaur onartutako deialdiari honako hauek gehitu behar zaizkio Nebts programa – start upen nazioartekotzea – eta Lagundex programa – ETEen nazioartekotzeari laguntzea –, biak ere Aldundiak Gipuzkoako Ganberarekin batera garatzen dtuuena, eta 2016an Elkargirekin batera aktibatutako finantza-tresna, Gipuzkoako ETEen nazioartekotzea babesten duena, abalak emanez. Kanpoko salmentak Gipuzkoako enpresen balio osoaren % 36,9 izan ziren 2023an, eta horrek erakusten du gure ekonomiaren izaera esportatzailea. Lurraldeko enpresen esportazioen hiru helmuga nagusiak, ordena horretan, Frantzia, Alemania eta Estatu Batuak izan ziren; guztira esportazio guztien % 34 izan ziren. Nabarmentzekoa da industria-sektorearen garrantzia, salmenta guztien % 53,4 bildu baitzuen.

“Gure enpresek nazioarteko merkatuetan duten presentzia indartsua gure ekonomiaren ezaugarri bat izan da historikoki, eta hori sustatzen jarraitu behar dugu. Gipuzkoa lurralde aurreratua da, eta indar esportatzaile horri eusteko gai izaten ari da, ziurgabetasunez betetako gaur egungo testuinguru globalean ere. Baina iraupen lasterketa dugu hau, beste lurraldeak ere gogor ari dira lanean, eta bide beretik jarraitu behar dugu guk ere”, bozeramailearen esanetan.

Zerga-bilketa metatua

Kontseiluan Gipuzkoako zerga-bilketa metatuaren berri ere eman da, % 6,9ko igoera izan duena aurreko urtearen aldean. Guztira, 1.349,7 milioi euro bildu dira apirilaren 30era arte, 2023ko aldi berean baino 86,6 milioi gehiago. Sarrera osoak % 5,7 gehitu dira eta itzulketak % 3,0. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 17,7 egin du gora, zeharkako zergena % 2,3 jaitsi da eta Estatuarekiko doikuntzena % 6,9 igo da.

Apirilera arte izandako bilakaera positiboaren jatorrian daude, funtsean, lan-etekinen gaineko atxikipenen diru-sarreren hazkundeak, BEZak, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenek eta ondare-irabazien gaineko atxikipenek. Era berean, zerga bereziek Estatuarekin egindako doikuntzengatiko ordainketen murrizketa aipatu behar da.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, zergen arabera banakatuta, lan-etekinei buruzko atalean 82,6 milioi euro gehiago bildu dira (+%14,2). PFEZaren bilketa likidoa % 17,4 handitu da, hau da, 80,9 milioi euro gehiago. Sozietateen gaineko zergari dagokionez, 2,0 milioi gutxiago izan dira apirilera arte. Aldaketa horren arrazoia diru-sarrera gordinak 0,8 milioi euro murriztu izana eta itzulketak 1,2 milioi euro igo izana da.

Foru Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, bilketa metatua % 3,0 jaitsi da aurreko urtearen aldean, hau da, 12,6 milioi euro gutxiago. Atal honetan, diru-sarrerak 18,5 milioi euro gehitu dira (+%3,7), itzulketak 6,7 milioi gehitu dira (+%3,3) eta lurraldeen arteko doikuntzak 24,4 milioi euro jaitsi dira (-% 20,5).

Zerga bereziei dagokienez, hidrokarburoen gaineko zergaren bilketa % 9,7 jaitsi da, hau da, 11,7 milioi gutxiago.

Estatuarekiko doikuntzei buruzko atalean, BEZari dagokion bilketa metatua 3,8 milioi jaitsi da, eta zerga bereziei dagokiena 11,5 milioi hobetu da. Atal honetan, nabarmentzekoa da inportazioen BEZagatiko doikuntza 9,7 milioi murriztu dela, eta aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 12,8 milioi murriztu dela hidrokarburoen doikuntzagatik.

Berasaluzek bere balantzean adierazi duenez, “zerga-bilketaren zifrak positiboak izaten jarraitzen dute, eta horrek esan nahi du Gipuzkoako ekonomiak tinko jarraitzen duela. Hala ere, datozen hilabeteak zuhurtziaz kudeatu beharko dira, eta arreta berezia jarri beharko zaio gertuen dagoen testuinguru geopolitikoari eta horrek Europako jarduera ekonomikoan duen eraginari”.

Etxean programa

Diputatuen Kontseiluak, halaber, Larratxo Fundazioarekin sinatutako programa-kontratua aldatzea onartu du, familia-arazo larriak dituzten adingabeentzako larrialdiko harrera-zentro berriaren kudeaketa bertan sartzeko, 1.031.446 euroko aurrekontuarekin. Etxean izeneko proiektu berritzaile honen helburua familia-arretarako zerbitzu psikosozial eta sozio-terapeutiko espezifikoa eskaintzea da, adingabeentzako aldi baterako eta intentsitate handiko egoitza-alternatiba batekin, babesgabetasun-egoera eragin zuen familia-gatazkan oinarrituta.

Familia-unitateetan gertatzen diren gertakari estresagarri, intentsitate handiko eta gatazkatsuen ondorioz, gero eta larrialdi gehiago sortzen ari dira, non indarkeria-ekintzek baliabide judizialak eta familiarrak aktibatzea eragiten dute, adingabeek etxetik irten beharra eraginez. “Oso kudeaketa zaileko larrialdiko harrerak sortzen dituen kasuistika bat da, eta, horregatik, babesgabetasun-egoera kronifikatuak ekar ditzake, eta irtenbide espezifikoak behar ditu, arreta goiztiarretik abiatuta”, azaldu du.

Etxean 2024ko apirilaren 15etik dago martxan, eta Berasaluzek esplikatu duenez, orain arte, familia-krisi baten ondorioz adingabeen egoera nabarmen zailtzen zenean, Aldundiaren premiazko harrera-zentrora bideratzen ziren eta bertan artatzen zituzten. “Proiektu honen bidez, baliabide espezifiko bat sortu dugu, familiarekin bizitzea ezinezkoa den denbora horretan, adingabeek – gehienak nerabeak – leku berezi bat izan dezaten baldintza eta arreta onenekin bizi ahal izateko”. Horrez gain, nabarmendu duenez, adingabeekin eta haien familiekin lan egiten da, gatazka konpontzeko beharrezko bitarteko eta babesak eskainiz, eta, horrela, familia banatzeko behin betiko neurriak hartzea prebenituz.

Esku-hartzea egoitza-baliabidean zein familia-etxean bertan egiten da, bai eta adingabearen testuinguru naturalean ere, ez bakarrik egoitza-arloan, baita izaera terapeutikoan eta izaera soziohezitzailean ere. Formatu indibidualak eta familiarrak ditu, hau da, familia-unitateko kide guztiek parte hartzen dute, eta aldi baterakoak dira, urtean behin berrikusten direlarik. Baliabide berri horren helburua da artatutako adingabeen % 50 familian geratzea. Beraz, artatutako adingabearen esku-hartzea amaitzean, ebaluazio bat egiten da familia-eremura itzultzea erabakitzeko edo, hala badagokio, behin betiko babes-neurri legal bat aplikatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektua da, Larratxo Fundazioak kudeatzen du, eta guztira 10 egoitza-plaza ditu. Lehenengo pertsonak apirilaren 15ean iritsi ziren, eta gaur arte, zortzi nerabe bizi dira Etxean.

Urretxuko errepidea

Azkenik, Diputatuen Kontseiluak Urretxuko GI-3771 errepidea birgaitzeko lanen lizitazioa onartu du, 336.440,23 euroko aurrekontuarekin eta hiru hilabeteko epearekin. Udan bertan ekingo zaie. Jarduketak 3,4 kilometroko zati bat egokitu eta konponduko du, herriaren erdigunetik Erratzaraino, eta herria Pagoeta auzoraino zeharkatzen duen errepide horren birgaitze osoaren parte da. Jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak GI-3371 errepidearen ibilbide osoan hainbat jarduketa egiteko sinatutako akordioaren barruan dago. Iazko apirilean sinatu zuten akordio hori.

Hitzarmenak hiru jarduera-eremu hartzen ditu, eta lanak fase eta denbora desberdinetan egiten ari dira, iazko udan hasita. Hala, dagoeneko konpondu dira Santa Barbara aldeko luiziek eragindako kalteak, eta datozen hilabeteetan ekingo zaie galtzada birgaitzeko lanei, bi fasetan. Alde batetik, Urretxuko Udalak Ipeñarrietako zuzengune osoko zorua eraberrituko du, eta Bide Azpiegituretako Sailak, berriz, GI-3771 errepidearen gainerako ibilbide osoa eraberrituko du uda honetan. Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, behin lanak amaituta, errepide osoa udalaren eskumenekoa izango da aurrerantzean, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren arabera. Bi erakundeek 1.022.290 euro inbertituko dituzte guztira errepide horretan.

  

1344