Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako enpresek % 2,4 gehiago saldu dute irailean

Gipuzkoako enpresek % 2,4 gehiago saldu dute irailean

Barne-salmentek izandako portaera onari zor zaio hazkundea, % 6,5 hazi baitira aurreko urteko aldi beraren aldean.

2023/11/06

Gipuzkoako enpresen salmentak % 2,4 gehiago hazi dira irailean, 2022ko aldi berarekin alderatuta. Lurraldeko Foru Ogasunak enpresen egoerari buruz egindako txosteneko datuek erakusten dutenez, salmenten mailaren igoera hori barne-salmenten hazkundeari zor zaio batez ere, % 6,5 hazi baitira. Enpleguak ere % 1,1eko hazkundea izan du hilabete honetan, zerbitzuen eta industriaren sektoreen ondorioz. Esportazioak, bestalde, % 3,9 jaitsi dira aurreko urtearen aldean.

Maila metatuan, urtarriletik irailera bitarteko salmenten datuek positiboak izaten jarraitzen dute. Aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, zifra % 2,1 igo da. Hazkunde hori barne-salmenten gorakadari zor zaio, maiatzetik % 3tik gorako mailetan mantentzen baita. Eraikuntza (+% 7,9) eta zerbitzuak (+% 4,5) izan dira salmenta gehien gehitu dituzten sektoreak; industrian, berriz, behera egin du pixka bat (–% 0,1) urtarriletik gaurdaino, nahiz eta iraileko bilakaera positiboa izan den (+% 0,9).

Positiboak dira, halaber, dinamismoz aurrera egiten jarraitzen duen enpleguari buruzko datu metatuak. 2023ko lehen bederatzi hilabeteetan, Gipuzkoako enpresek enplegatutako pertsonen kopurua % 1,6 igo da, eta zerbitzuen sektoreak izan du gehikuntzarik handiena (+% 2,2), ondoren industria sektoreak (+% 1,2). Eraikuntzaren kasuan, zifra hori pixka bat jaitsi da (% 1,7). Gipuzkoako enpresek ordaindutako soldatak ere igo dira. 2022ko zifrekin alderatuta, igoera % 6,4koa izan da. Hazkunderik handiena zerbitzuetan izan da (+% 8,0). Industrian eta eraikuntzan, berriz, % 5,5 eta % 5,1 igo dira, hurrenez hurren. Datuen arabera, batez besteko ordainsaria % 4,8 igo da.

Esportazioei dagokienez, EBko salmentak % 0,4 igo badira ere, batasunetik kanpoko kanpo-merkataritza % 1,5 jaitsi denez, zenbaketa % 0,5 jaitsi da 2022arekin alderatuta. Inportazioak ere % 6,8 jaitsi dira; kasu honetan ere jaitsiera handiagoa izan da EBtik kanpokoen artean (-% 16), eta Batasunekoak, berriz, gutxiago jaitsi dira (-% 2,9).

Foru Ogasunak aurkeztutako zifrek erakusten dutenez, Gipuzkoako ekonomiak hainbestean eusten dio, eta gora egin du kontsumoan, barne-merkatuan, enpleguan eta soldatetan, nahiz eta nazioarteko jarduera ekonomikoaren azken hilabeteetako dezelerazioak 2023ko esportazioen kopuruan eragina izan duen.

Txostena Ogasun eta Finantza Departamentuak egin ohi du, eta lurraldeko ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko datu interesgarriak eskaintzen ditu hilabetez hilabete. Dokumentu osoa Ogasunaren webgunean egongo da eskuragarri, ohi bezala, edozein kontsultatarako.

  

782