Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako enpresek 2021ean baino %13,2 gehiago saldu zuten pasa den urtean

Gipuzkoako enpresek 2021ean baino %13,2 gehiago saldu zuten pasa den urtean

Eider Mendozak azaldu duenez, lurraldeak urte “oso ona” itxi berri du, gogoratuz 2022an gertatu zirela Ukrainako inbasioak edota energiaren krisia.

2023/02/07
Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila

Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila


Gipuzkoako enpresek 2021ean baino %13,2 gehiago saldu zuten pasa den urtean, foru Ogasunak kaleratu berri duen lurraldeko enpresen egoerari buruzko txostenaren arabera. “Oro har, eta beste adierazle ekonomiko askotan ikusi dugunez, 2022 urtea oso ona izan da enpresen salmentei dagokionean ere. Egia da goraka horretan eragina izan duela inflazioak, baina hazkundea handiagoa da, eta gure enpresek dinamismoa erakusten jarraitzen dute”, azaldu du Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak. Gogoratu duenez, pasa den urtean Ukrainako inbasioa edota energia iturrien krisiaren ondorioak pairatu ziren munduan eta Gipuzkoan, eta hala ere lurraldeko konpainiek urtea zifra onekin ixtea lortu dute. “Aurrera begira, eta hasi berri dugun urteari erreparatuta, gertutik jarraituko dugu gure ekonomiaren bilakaera, ziurgabetasunak asko baitira eta hauei erantzuteko prest baikaude. Aldundiarentzat, lehentasunezko arloa da ekonomia, lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua sustatzen jarraitzea”, nabarmendu du.

Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. “2022 urteko Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostena kaleratu berri dugu, eta Kontseiluan errepasatu ditugu bertan agertzen diren datuak”, azaldu du. Ogasun eta Finantza departamentuak egin ohi du txosten hau, eta hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, lurraldeko ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Txosten osoa Ogasunaren web orrian egongo da eskuragai, ohi bezala, edozein kontsulta motarako irekia.

2022 urtea bere osotasunean hartuta, Mendozak adierazi du albiste onak azpimarratu behar direla. Honela, aipatutako %13,2ko hazkundearen bi aldagaiak erregistro positiboak izan dituzte: barne merkatua +%12,3 hazi da, eta esportazioak %15 egin dute gora. Sektoreka, industria izan da urtean zehar bilakaera onena adierazi duen sektorea, %14 hazi baita; zerbitzuek eta eraikuntzak, bere aldetik, %12,5 eta %11,2 hazi ziren pasa den urtean, betiere 2021 urtearekin alderatuta. Pandemia aurreko datuekin alderatuz gero ere, hau da, 2019 urtearekin, datuak positiboak dira: +%16,7 igo dira salmentak, %16 barne merkatua eta %17,9 esportazioak.

Lan-merkatuan, 2022ko abenduan lan etekinen jasotzaileen kopurua %1,8 igo da urte arteko terminoetan, eta urteko metatuan +%2 hazi da. Abenduan ordaindutako soldatak %6,5 igo dira 2021eko hilabete beraren aldean; urteko metatuan igoera ere +%6,5ekoa da. Horrela, pasa den urtea pandemia aurreko urtearekin (2019) alderatuta ere, enplegua %1,9 igo da eta soldatak %9,2 hazi dira.

Giza Eskubideak eta Kultura Demokratikoa

Bestetik, Kontseiluak gaur onartu ditu Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaritzak kudeatzen dituen programen kontura emango diren dirulaguntzen aurtengo deialdia. Guztira, 560.000 euro bideratuko dira honetara. Bost lerro aurreikusten dituzte laguntzak hauek: giza eskubideak eta aniztasuneko bizikidetza sustatzeko programen arloan, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei zuzendutako laguntza lerroa bata eta udalei zuzendutakoa bestea. Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuen kasuan, hemen ere bi azpilerro daude, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei zuzendutakoa eta udalei zuzendutakoa. Eta, azkenik, Gipuzkoako udalei zuzendutako dirulaguntzen lerroa aipatu behar da, Bizikidetza Lantzen programaren barruan dauden udalerrietan proiektuak gauzatzeko.

            “Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da Gipuzkoan herritarren arteko bizikidetza finkatzea”, esan du Mendozak. Helburu hori lortzeko planteatzen duen proiektu estrategikoa da kultura politikoko programa bat garatzea eta herritarren jarrera, balio eta portaera demokratikoetan sakontzea. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste helburu estrategikoetako bat da kultura demokratikoa finkatzea eta indartzea, aniztasunean eta gizarte bidezkoago batean oinarritutako bizikidetza hobea lortzeko, betiere Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenarekin koherentzia gordez”, esan du foru arduradunak. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaritzaren bitartez betetzen ditu helburu hauek gauzatzeko sustapen ekintzak. “Horretarako, elkarteei, udalei eta eskualde mailako tokiko garapen agentziei gaur onartzen ditugun dirulaguntza hauetaz baliatzen gara”, gaineratu du.

Pasa den urtean egindakoari erreparatuta, giza eskubideak eta aniztasuneko bizikidetza defendatzeko eta hedatzeko proiektuen erloan, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek 27 ekimen garatu zituzten, esaterako, SOS Arrazakeriak sustatzen duen Bizilagunak programa ezaguna. Esparru berean, udalek 14 proiektu gauzatu zituzten, esaterako, Aretxabaletako Udalak bultzatu duen aniztasunean euskaraz proiektua. Memoria historikoaren kasuan, berriz, entitate pribatuek zein udalek guztira 17 proiektu bultzatu dituzte, Donostiako memoria historikoaren ibilbideak kasu. Azkenik, Bizikidetza Lantzen programaren testuinguruan, 18 ekimen bultzatu dituzte lurraldeko udalek. Hauen adibide da Arrasateko Udalak sustatu duen bizikidetza eraikitzeko proiektua.

  

3336