Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako enpresek aurreko urtean baino % 2,9 gehiago saldu zuten 2023an

Gipuzkoako enpresek aurreko urtean baino % 2,9 gehiago saldu zuten 2023an

Salmentak % 5,1 gehitu ziren joan den abenduan

2024/02/13
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako enpresen salmentak % 5,1 gehitu ziren joan den abenduan, 2022ko hil beraren aldean, eta goranzko joerari eutsi zioten bosgarren hilabetez jarraian. Lurraldeko Foru Ogasunak enpresen egoerari buruz egindako txosteneko datuek erakusten dutenez (txosten hori gaur egin den Gobernu Kontseiluan partekatu da), hazkunde hori barne-salmenten ( % 5,6 hazi ziren) eta kanpo-salmenten ( % 4,3) portaera positiboaren ondorio izan da. Enpleguak ere % 1eko igoera izan zuen hilean, batez ere industriaren sektoretik eratorrita, % 2 igo baitzen.

Abenduko datuak kontuan hartuta, Gipuzkoako enpresek salmenten +% 2,9ko igoerarekin itxi zuten 2023. urtea. Hazkunde hori, batez ere, barne-salmenten hazkundearen ondorio da (+%4,2), esportazioak, berriz, +%0,8 handitu zirelarik. Urteko hamabi hilabeteetan metatutako zifrek balantze positiboa izan zuten, batez ere eraikuntzan (+%10,4), baina zerbitzuen sektoreko salmentak ere hazi egin ziren (+%4,4), baita industriakoak ere (+%0,8). Abenduari dagokionez, eraikuntza % 24,4 hazi zen, industria % 4,8 eta zerbitzuak % 3,5.

Enpleguari buruzko datu metatuak ere positiboak izan ziren, pultsuari eutsi baitzioten, ziurgabetasun ekonomikoa eta geopolitikoa gorabehera. 2023. urtean, Gipuzkoako enpresek enplegatutako pertsonen kopurua % 1,4 igo zen, eta zerbitzuen sektorea izan zen hazkunderik handiena izan zuena (+%1,7), ondoren industria-sektorea (+%1,3). Eraikuntzaren kasuan, kopuruak % 2,1 egin zuen behera. Gipuzkoako enpresek ordaindutako soldatek ere gora egin zuten. 2022ko kopuruekin alderatuta, aldi horretan metatutako igoera % 6,9koa izan zen. Zerbitzuetan izan zen hazkunderik handiena (+%7,5). Industria-sektorean eta eraikuntzan, berriz, % 6,7 eta % 4,1 igo ziren, hurrenez hurren.

Esportazioei dagokienez, urtarriletik abendura arteko metatuak % 2,3ko igoera izan zuen EBko salmenten kasuan. Europar Batasunetik kanpoko kanpo-merkataritzak, berriz, % 1 egin zuen behera, eta horrek % 0,8ko guztizko hazkundea ekarri zuen 2022ko datuekin alderatuta. Era berean, inportazioak % 6,9 jaitsi ziren; kasu horretan ere, jaitsiera handiagoa izan zuten EBtik kanpokoak (-%17,9), eta Batasunekoak, berriz, gutxiago jaitsi ziren (-%2,4). Abenduari dagokionez, esportazio-zifrek balantze oso positiboa erakusten dute EBra bideratutakoen kasuan (+%11,8), eta munduko gainerako herrialdeetakoen kasuan, berriz, % 2,3 ahuldu dira.

“Enpresa txiki eta ertainen ahalegina”

Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, zifrek erakusten dute 2023a “urte ona” izan zela “gure ekonomiarentzat, jarduera maila ona mantentzeko gai izan baitzen egoera zailean, kontuan harturik inflazio altua, ekonomia globala baldintzatzen duten gatazka geopolitikoak edo Gipuzkoako enpresentzat funtsezkoak diren herrialdeen motelaldia, hala nola Alemania eta Frantzia. Barne-salmentak oso garrantzitsuak izan dira, eta esportazio-maila % 0,8 hobetu da. Meritu handikoa da azken hori, kontuan hartzen

badugu 2022 urte errekorra izan zela zentzu horretan. Enpleguak joera positiboa izaten jarraitzen du, eta industria bere jarduera maila mantentzen ari da ziurgabetasun testuinguru batean; lorpen kolektibotzat jo behar dugu, beti ere zuhurtzia mantenduz, balioa eman behar dioguna”.

Berasaluzek azpimarratu duenez, “lurraldeko ehun ekonomikoa sekulako ahalegina egiten ari da gaur egungoa bezalako egoera korapilatsuan aurrera egiteko, lehiakorrak izaten jarraitzea ahalbidetuko dieten aukera berriak bilatuz eta sortuz. Gure enpresak, gehienak txikiak eta ertainak, karrera global horretan egokitzeko gaitasun handia erakusten ari dira. Foru Aldunditik laguntzen jarraituko dugu nazioartekotzen eta aurre egiten dieten erronketan, argi baitugu gure enpresak Gipuzkoako aktibo bat direla, haien erronkak gu guztionak direla, eta erantzukizun kolektiboa dela gure ongizatea sostengatuko duen ekonomia indartsu bati eustea”.

Ogasun eta Finantza Sailak egin ohi duen txosten honek datu interesgarriak ematen ditu hilero lurraldeko ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Dokumentu osoa Ogasunaren webgunean egongo da eskuragarri, ohi bezala, edozein kontsultatarako eskuragarri.

  

586