Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako enpresetan trantsizio ekologikoa bultzatzeko 1,6 milioi euroko laguntzak onartu ditu Foru Aldundiak

Gipuzkoako enpresetan trantsizio ekologikoa bultzatzeko 1,6 milioi euroko laguntzak onartu ditu Foru Aldundiak

Diputatuen Kontseiluak atzo eman zion oniritzia deialdiari, hiru lerro barne hartzen dituena, arlo honetan pertsonak trebatzeko eta ezagutza sortzeko helburuarekin.

2024/05/22
Gobernu kontseilua

Atzo, asteartea, Gipuzkoako enpresa ehunean eta ekosistema sozioekonomikoan trantsizio ekologiko jasangarria eta bidezkoa sustatzeko programako aurtengo laguntzen deialdia onartu zuen Diputatuen Kontseiluak. Guztira, Foru Aldundiak 1.640.000 euro bideratuko ditu dirulaguntzen deialdi honetara. "Gure sare ekonomikoa eraldatzen eta sektore ekonomiko desberdinetako enpresak egokitzen lagundu nahi dugu, batez ere ETEak, Plan Estrategikoaren bi zutabe nagusirekin bat etorriz: aukera berriak sortuko dituen ekonomia izatea eta ongizate integralaren aldeko apustua egitea. Eta horretarako, deialdi honen bidez ekarpena egiten dugu enpresen eta profesionalen gaitasunak indartzeko, bai eta helburu horiek lortzen lagunduko duen ezagutza aurreratua sortzen laguntzeko ere", azaldu du Irune Berasaluze foru-bozeramaileak gaurko agerraldian.

Laguntzek hiru lan-ildo dituzte: enpresetan trantsizio ekologikoa sustatzeko proiektuak (865.000 euro); bizialdi osoko ikaskuntzarako sisteman pertsonen trebetasun eta gaitasun ekologikoak sustatzeko proiektuak (300.000 euro); eta Gipuzkoako ekosistema sozioekonomikoan eraldaketa ekologikorako ezagutza sortu, transferitu eta partekatzeko proiektuak (475.000 euro). Iaz, Aldundiak 61 enpresa eta eragile babestu zituen programa honen bidez.

Lehenengo ildoak enpresa-eredu ekologikoagoak, jasangarriagoak eta inklusiboagoak sustatzen ditu, lehiakortasunaren ikuspegitik. Enpresa, enpresa-elkarte, federazio, kluster eta erakunde sindikalek jaso ditzakete laguntzak. Diruz lagun daitezkeen proiektuen tipologia askotarikoa da: trantsizio ekologiko eta bidezkoaren diagnostikoak eta planak; biodibertsitatea negozio-estrategietan integratzea, inpaktu positiboak sortuz eta/edo negatiboak minimizatuz; bioekonomia txertatzea; langileen trebetasun eta gaitasun berdeak garatzea; inpaktua neurtzeko, ebaluatzeko eta/edo adierazleak txertatzeko sistemak ezartzea; edo hedapenerako, sentsibilizaziorako eta jardunbide egokietarako ekintzak, besteak beste.

Bigarren lerroak bizitza osoko ikaskuntza sustatzen du, pertsonek lurraldearen eraldaketan aktiboki parte hartzeko beharrezkoak diren gaitasunak, trebetasunak, ezagutzak eta gaitasun berdeak eskura eta gara ditzaten lurraldearen trantsizio ekologikorako bidean. Unibertsitatetik kanpoko hezkuntza-sistemako ikastetxeek, prestakuntza-erakundeen elkarteek eta Gipuzkoako unibertsitateek eskura ditzakete. Kasu honetan, erronka eta aurreikuspen berriei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun berdeak sustatzen dituzten, profil berrien eskaerari erantzuten dioten edo pertsonak trantsizio ekologikoak sortzen dituen aukerak aprobetxatzeko prestatzen dituzten proiektuak laguntzen dira.

Azkenik, hirugarren lerroak Gipuzkoa eta bere sare sozioekonomikoa klima-aldaketaren erronken aurrean prestatuko dituen ezagutza sortzea eta transferitzea babesten du; I+G+b-ko erakundeak eta arlo horretan espezializatutako zerbitzu aurreratuen enpresak ere sartzen dira. Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko, garapen esperimentaleko eta eragileen arteko lankidetzako proiektuak babesten dira. Lantzen dituzten gaiak lehen lerroarekin lotutakoak dira.

Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2024ko uztailaren 3an amaituko da. Diruz lagundutako proiektuak laguntza eskatu ondoren hasi behar dira, urte naturalaren barruan, eta 2025eko ekainaren 30erako amaitu behar dira. Deialdiari buruzko informazioa eta eskabide-inprimakiak Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako departamentuaren webgunean egongo dira eskuragarri: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia.

Araudi eta lege berriek, baita Europako testuinguruan ere, hainbat arlotan planteatzen dituzte eskakizunak, hala nola prebentzioan eta arintzean, ekonomia zirkularrean, energia jasangarrian, balio-katean, naturan eta biodibertsitatean. "Enpresa gehienak azkar eta erabakitasunez egokitzen eta lan egiten ari dira, beren jarduerak eraldatzeko eta beren negozio-eredua berriz pentsatzeko iraunkortasunaren eta klimaren inpaktuaren ikuspegitik. Emisioak murrizten, baliabide naturalen kontsumoa minimizatzen eta hondakin gutxiago sortzen. Aldundiaren konpromisoa da trantsizio hori indartzea, ETEei arreta berezia eskainiz, erronketatik aukera berriak atera ditzaten, eta beste eragile eta erakunde batzuekin lankidetzan egin dezaten, Gipuzkoan eta Euskadin oso kluster eta elkarte indartsu eta dinamikoak baititugu", azpimarratu du bozeramaileak.

Baserritarrentzako laguntza

Era berean, atzo egindako saioan, Kontseiluak lehen sektorerako bi laguntza deialdi onetsi zituen. Lehenengoa, 107.500 eurorekin hornitua, Gipuzkoako nekazaritza-ustiategietan ordezkapen-zerbitzuak emateko da. Laguntza horiek ordaintzen dute egoera jakin batzuetan (gaixotasuna, oporrak, amatasuna/aitatasuna eta abar) ustiapenetako langileak ordezkatu ahal izateko kostuen zati bat, sektorean dihardutenen lan-baldintzak eta bizi-kalitatea hobetzeko.

"Lehen sektorearen biziraupenaa bermatzeko dugun erronketako bat da jarduera erakargarria izatea. Baserritarren zeregina funtsezkoa da Gipuzkoako lurralde-oreka berdea zaintzeko, eta, garrantzi horren baitan, baliabideak jarri behar ditugu sektore horretan lan egiten dutenak ere zaintzeko. Programa hau oso garrantzitsua da kualitatiboki; izan ere, baserriaren lanak dedikazio handia eskatzen duela jakinda, egoera jakin batzuetan atseden hartzeko aukera ematen die", adierazi du Berasaluzek.

Bigarren deialdia nekazaritza-ustiategien titularrek nekazaritza-aseguruak kontratatzeko laguntzena da, eta 130.000 euroko zuzkidura du. Nekazaritzako Aseguruen estatu mailako egungo sistema, Nekazaritzako Aseguru Konbinatuei buruzko abenduaren 28ko 87/1978 Legean jatorria duena, nekazaritza-ustiategien errenten egonkortasunean eragiten duten arriskuak kudeatzeko tresna bat da, eta nekazaritza-ekoizpen guztiak, behi-, ardi-, ahuntz-, hegazti- eta zaldi-espezieak eta akuikultura-ekoizpena babesten ditu.

Aseguru-polizak berariaz horretarako sortutako Estatu mailako erakunderen batekin kontratatzen dira, funtzionamendua errazteko eta sistemari segurtasun handiagoa emateko. Nekazariek aseguru-kontratua egin behar dute entitate horietako (kooperatibak, erakundeak edo elkarteak) bitartekarien bitartez, baldin eta erakunde horiek nortasun juridiko propioa eta kontratatzeko gaitasuna badute. "Gure baserritarrei Nekazaritza Aseguruen Planean sartutako aseguru-polizak ordaintzeak dakarzkien kostuak murrizteko, urtero ematen ditugu laguntza hauek", adierazi du bozeramaileak. Iaz 142 baserritar izan ziren deialdi honen onuradun.

  

2347