Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako 3.544 herritarrek hartu dute parte Ideiak 2022-n

Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako 3.544 herritarrek hartu dute parte Ideiak 2022-n

Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Pirinio Atlantikoetako departamentuak zortzina proiektu lagunduko dituzte diruz, bozka gehien jaso dituztenak.

2022/06/27
Laguntza jaso duten proiektuen arduradunen talde argazkia.

3.544 lagunek hartu dute parte ‘Ideiak 2022’ mugaz gaindiko aurrekontuen lehenengo edizioan, hauetatik 1.542 gipuzkoarrak direlarik. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak mugaren bi aldeen arteko lankidetza indartzeko elkarlanean martxan jarritako proiektua da: lehenengo, eragile sozial eta ekonomiko ezberdinek mugaz gaindiko elkarlanarekin erlazionatutako proiektuak aurkeztu zituzten, guztira 42. Ondoren, bozketa fasean, herritarrek hauen artean aukeratu behar izan dute. Maiatzaren 22aren eta ekainaren 17aren egin zen hau, bide telematikoak erabiliz. Honela, erakunde bakoitzak 150.000 eurorekin lagunduko ditu lurralde bakoitzean bozkatuenak izan diren zortzi ekimenak. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatua ekimenarekin gustura agertu da, eta Aldundiak oso balorazio positiboa egiten duela jakinarazi du.

Mendoza Hendaian izan da gaur goizean, Asporotsttipi Euskal Erlaitzeko etxean. Bertan, Jean-Jacques Lasserre Pyrénées-Atlantiques Departamentuko presidentearekin batera, mugaz gaindiko aurrekontuen prozesuaren emaitzen berri eman du. Bi aldeak oso pozik agertu dira, ekimenaren jomuga mugaz gaindiko lankidetzan sakontzea zelako eta, bien arabera, helburua betetzea lortu delako. Mugaz gaindiko aurrekontu hauek esperimentu moduko bat izan dira eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegitik, esperimentu arrakastatsua izan da, mugaz gaindiko lankidetzan pausu bat harago joatea lortu dugulako”, esan du Mendozak.

Gaineratu duenez, administrazioen arteko lankidetzaz gain, ‘Ideiak 2022’ ekimenak balio izan du elkarteen artean ere mugaz gaindiko harremanak egon badaudela ikusteko eta, batez ere, harreman horiek estutzeko desira ere badagoela ondorioztatzeko: Gipuzkoan aukeratuak izan diren zortzi proiektuetatik, bat salbu, beste guztiak Iparralde eta Hegoaldeko eragileek elkarlanean egingo dituzte. “Beraz, ekimen honek zuen helburu nagusia bete dela esan daiteke: zubi bat eraikitzen lagundu dugu, hango eta hemengo elkarteen elkarlana sustatzeko”, azaldu du. Amaitzeko, Mendozak herritarrek aukeratu dituzten gaien aniztasunean ere jarri du azpimarra: gazteak, hizkuntza, ingurumenaren zaintza, biodibertsitatearena…

Honako hauek dira Gipuzkoan boto gehien jaso dituzten proiektuak:

  • Bidasoa Bizikletan. 439 boto (187 Gipuzkoan). Recycl 'arte eta Balazta elkarteek eta Badoa kooperatibak mugikortasun iraunkorra sustatzea dute helburu, Bidasoaldean bizikleta erabiliz, bakoitza bere eremutik
  • Larhun. 423 boto (311 Gipuzkoan). Larrun Ecole ikastetxean Lehen Hezkuntza irekitzea eta dagokion hizkuntza-proiektua garatzea.
  • Ahotsak. 367 boto (256 Gipuzkoan). Euskadi osoan eta Akitania Berrian lan egiten duten gizarte-izaerako zenbait elkarteren arteko lankidetzaren bidez, Ahotsak proiektuaren helburua da bi lurraldeen arteko igarobidean (edo blokeatuta) dauden migratzaileek beren migrazio-istorioak hitzetan jar ditzaten sustatzea.
  • Bidasoa: km 0. 315 boto (164 Gipuzkoan). Labore Txingudi eta Hendaiakoop kontsumo arduratsuko elkarteek Bidasoaldean bertako kontsumoa eta ekoizpena ezagutu eta Km0 filosofiaren inguruko lanketarako eduki pedagogikoa sortu nahi dute.
  • Berrerabili. 290 boto (88 Gipuzkoan). Patxa'ma (Baiona) eta Adokin (Donostia) elkarteek, etorkizuneko Gipuzkoako arkitekto eta eraikitzaileei zuzendutako eraikuntza materialen berrerabilerari buruzko formakuntza teorikoak eta bisita praktikoak proposatzen dituzte.
  • Ikusi-mikusi. 273 boto (151 Gipuzkoan). Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Lapurdiko Kiribil Kultur elkartearekin eta Pamiela argitaletxearekin elkarlanean IKUSI MIKUSI euskarazko haur eta gazte literatura azokaren bigarren ekitaldia antolatuko da udazkenean.
  • Mugarik gabeko gazteak. 219 boto (123 Gipuzkoan). Proiektu pilotu honen helburua mugaren bi aldeetako gazteen elkar ezagutza sustatzea da, bis-bis trukeak eta kirol, kultura eta aisialdi-jarduerak garatuz, mugaz gaindiko lurraldean nagusitzen diren kultura eta hizkuntza oztopoak hausten laguntzeko.
  • Enbor bereko adar berriak. 198 boto (114 Gipuzkoan). Mugaren bi aldeetako gure arbasoen kantuen transmisioan etenik izan ez dadin, sustraietan ditugun eta gure gazteentzat erakargarriak izango diren kantuen moldaketak egingo dira.
  

2928