Atzealdea

Israelen izan da Gipuzkoako Foru Aldundia, BIC Gipuzkoa eta Tecnunekin batera biozientziari eta zibersegurtasunari buruzko proiektuak ezagutzen

Foto Israelen izan da Gipuzkoako Foru Aldundia, BIC Gipuzkoa eta Tecnunekin batera biozientziari eta zibersegurtasunari buruzko proiektuak ezagutzen

Israelen izan da Gipuzkoako Foru Aldundia, BIC Gipuzkoa eta Tecnunekin batera biozientziari eta zibersegurtasunari buruzko proiektuak ezagutzen

Ainhoa Aizpuru diputatuak, BIC Gipuzkoa eta Tecnunekin batera Israeleko ekosistema ekintzailea eta erreferentziazko zentroak ezagutu ditu

Israelen izan da Gipuzkoako Foru Aldundia, BIC Gipuzkoa eta Tecnunekin batera biozientziari eta zibersegurtasunari buruzko proiektuak ezagutzen

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru, BIC Gipuzkoako arduradunak, Tecnun-eko ordezkariak eta unibertsitate zentro horretako ingeniaritzako ikasle batzuk Israelera joan dira biozientziari eta zibersegurtasunari lotutako proiektu berritzaileak sustatzen dituzten erreferentziazko zentroak ezagutzeko. Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskolak Donostian duen Tecnun zentroak antolatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta BIC Gipuzkoak finantzatutako B+INVAS prestakuntza programaren esparruan antolatu da bidaia hori. Programaren helburua da berrikuntzaren aldeko interesa eta izpiritu ekintzailea sustatzea unibertsitatearen inguruan eta, horregatik, bidaia horren bidez, sei ikasle saritu ditu garatu dituzten proiektuen bideragarritasuna eta eragin soziala kontuan hartuta, Nafarroako Unibertsitateko Ekintzailetza Korporatiboko zuzendari Gustavo Pegok azaldu duen bezala.

 

          «Aukera paregabea da Israelera bidaia honetara etorri garen guztiontzat, herrialde dinamiko eta berritzaile bat ezagutzeko. Oso jende interesgarriarekin elkartu gara, eta zibersegurtasunaren arloan eta biozientzien sektorean garatzen ari diren hainbat ekimen eta proiekturen inguruan sakondu, ikusi eta ikasi ahal izan dugu, Gipuzkoan estrategikoak baitira sektore horiek» esan du Ainhoa Aizpuruk. “The Floor Cyber benetako aurkikuntza izan da, finantza zibersegurtasuna lantzen duen proiektu bat baita eta agerian uzten du alor horretan aurrera egiteko dagoen beharra; izan ere, alor hori funtsezkoa da edozein lurralde edo herrialdetako enpresa-sarearen garapen ekonomikorako eta ongizaterako.

 

Gustavo Pegok adierazi duenez «Israeli begira gaude, beharrak bultzatuta politika publiko eta pribatuak garatu dituelako, eta nazioarteko erreferentzia bihurtu delako berrikuntza eta garapen teknologikoaren alorrean. Horrek aukera ematen die Espainiara erakartzen dena baino 10 aldiz handiagoa den kapital inbertitzailea erakartzeko, nahiz eta biztanle kopurua 6 aldiz txikiagoa izan». Biozientzien arloan Pegok azpimarratzen duen adibideetako bat Space4P da.  «Herrialde honetako ekintzaileentzako «zerua da muga», start-up horren proposamenean literalki adierazten den bezala; izan ere, saiakuntza biologikoak eskaintzen dizkie bezeroei mikrograbitate inguruetan, hau da, sateliteetan egindako saiakuntzak, Tel Aviv inguruan dituzten bulegoetatik telekomandatuak.

 

Berrikuntza zibersegurtasunean eta biozientzietan

 

Foru Aldundiko arduradunek, BIC Gipuzkoa eta Tecnun-eko ordezkariek, eta ingeniaritzako ikasleek erreferentziazko hainbat enpresa eta zentro bisitatu dituzte, besteak beste Trendlines Group, Misgaz hirian, non Shira Zimmerman-ekin, Inbertsio eta Komunikazio Korporatiboko arduradunarekin, elkartu diren. Medikuntzari lotutako start-upen eta agrotech teknologiaren garapen azeleratzaile bat da Trendlines enpresa.

 

Arlo teknologikoan eta ezagutzaren transferentzian sakonduz, Israelgo Institutu Teknologikoa, Technion, bisitatu dute Haifa hirian, Claudia Ben-Yaakov andrearen eskutik (Informazio eta Ingeniaritzako Teknologien Negozio Garapeneko zuzendaria Technion Technology Transfer-en). Technion unibertsitateko prestakuntzan zentratzen da, batez ere ingeniaritza, ikerketa eta berrikuntza gaietan, batez ere bioosasun zientziekin eta arlo teknologikoagoekin eta ingeniaritzekin zerikusia duen prestakuntzan. Mundu mailan zibersegurtasuna gehien esportatzen duten herrialdeetako bat da Israel eta The Floor Cyber-ek ezagutza lokala garatzen du alor honetan, baita soluzio, zerbitzu eta inteligentzia ere, fokoa talentuan eta berrikuntzan jarriz. The Floor erakundeak hainbat alorretan egiten du lan etorkizunera begira, hala nola, fintech, blockchain eta zibersegurtasunean.

 

Bidaiaren une garrantzitsuenetako bat The Floor Fintech Hub zentrora eta bere zibersegurtasun dibisiora, The Floor Cyber, egindako bisita izan da. Moises Cohen sortzailearekin egindako bisita horretan, alor honetan aurrera egiteko beharraz sakondu da, gure gizarteen etorkizuneko erronka erabakigarria baita.

 

«Zibersegurtasuna eta biozientzien alorra estrategiakoak dira Gipuzkoaren etorkizunerako. Beharrezkoa da ildo horretan lanean jarraitzea, etorkizunean lehiakorrak izaten jarraitzeko eta gizarte osoaren ongizatea bermatzeko gai izan gaitezen», esan du Aizpuruk, eta hau erantsi du: «ezinbestekoa da beste kasu, proiektu eta egiteko modu batzuk ezagutzea, eta horretarako etorri gara Israelera, oso herrialde interesgarria delako eta nazioartean oso ospetsua delako “the start-up nation” gisa.

 

Biozientzien sektorearekin eta osasun alorrarekin jarraituz, OSSIO enpresa bisitatu dute, ortopediaren esparruan, berrikuntzaren eta ikerkuntzaren aldetik, lan egiten duen enpresa. Orahn Preiss-Bloom sortzailearen eskutik ezagutu dute enpresa hori.  Space4Pharma ere bisitatu dute, mikrograbitate inguruan ikertzeko aukera ematen duen proiektu berritzailea baita. Lan egiteko modu berezi hori ezagutzeko aukera izan dute Yossi Yamin-i eta Daniel Barok-i esker.

 

Gainera, bidaia honetan parte hartu dutenek hiru talentu gazte hauekin hitz egiteko eta hausnarketak partekatzeko aukera izan dute: Dan Nahum,  produktu medikoei lotutako proiektu berrien azeleratzaile den MEDX Xelerator-eko Negozio Garapeneko zuzendaria; Tomer Shussman, gazte ekintzailea, Talpiot programako instrukzio burua eta osasun arloan start-up bat garatzen ari dena; eta Daniel Benaroch, QED-it enpresakoa, datuak eta blockchain-ak enkriptatzeko start-up batekoa.