Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eibarko Udala, Aldundia eta Jaurlaritza, elkarlanean bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta.

Eibarko Udala, Aldundia eta Jaurlaritza, elkarlanean bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta.

Eibarko Udalak, Jaurlaritzak eta Aldundiak egitarau zabala prestatu dute lankidetzan

2017/04/21

Eibarko Udalak, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egitarau zabala prestatu dute lankidetzan Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, gerrak herrian eragin zuen hondamendia gogoratzeko.

“Elkarbizitzaren oinarriak ondo finkatu behar dira, hori da benetan garrantzitsua duela 80 urte gertatutakoa berriz gerta ez dadin, ez gure herrian eta ez beste inon" adierazi du Miguel de los Toyos alkateak; horrez gain, omenaldia egin nahi izan die “bonbardaketa haiek sufritu zituzten guztiei".

Aintzane Ezenarrok erakundeen eta sentsibilitate desberdinen arteko lankidetza beharra azpimarratu du: “gertatutakoari buruzko hausnarketa egin behar dugu eta belaunaldi gazteei helarazi behar diegu”.

Denis Itxaso Kultura diputatuak nabarmendu du “Eibarrek eta berak islatzen duenak zeregin garrantzitsua betetzen duela bonbardaketen testuinguruan, neurri batean, II. Errepublikaren aldarrikapenagatik, edo Intxortan gertatutakoagatik, eta esan du “azpimarratzekoa dela Eibarrek duen gaitasuna memoriari bizirik eusteko, eta munduko beste herrialde batzuekiko erakutsi duen elkartasuna, errefuxiatuen kasuan gertatu zen bezala, Eibar izan baitzen errefuxiatuak hartzeko bere burua eskaini zuen lehenengo herrietakoa”. Urteurren horren ospakizunetan Aldundiaren laguntzaz egingo diren ekitaldien egitarauaren berri eman du Itxasok.  Maiatzaren 20tik ekainaren 20ra bitartean, esate baterako, Sarajevori buruzko argazki erakusketa bat egongo da, eta bisita gidatuak egingo dira Gervasio Sanchezen eskutik.  Ekainean, Mikel Ayestaranek hitzaldi bat emango du, eta urtean zehar erakusketa bat antolatuko da Lesbosi buruz, eta hainbat mahai inguru, errefuxiatuekin eta gerra guneetan lan egiten duten erakundeekin. 

Egitaraua

Bonbardaketaren 80. urteurrena ospatzeko hainbat eta hainbat ekitaldi antolatu dira. Hasteko, apirilaren 25ean, asteartean, Juan Pablo Fusi Aizpurua katedratikoak gerra zibilari buruzko hitzaldi bat emango du Coliseoan, 'Reflexiones sobre la guerra civil' izenburua duela. Egun horretatik aurrera eskuragarri egongo da "gerrazibilaeibarren" doako aplikazioa, non gerra zibilean Eibarren gertatutakoa bertatik bertara ezagutzeko ibilbideak aurkeztuko diren.

Horrez gain, Egogain kalean (garai hartan O'Donell kalea), Labaderokua gerra babeslekuan bonba batek jo eta lurrean zulo ikaragarria zabaldu zuen tokian, joko bisual modukoa egiten duen teknikaz baliatuz lurrean zulo bat margotuko da, ordukoa gogora ekartzeko.

Ostiralean, apirilaren 28an, Coliseoan ''Bonbardaketak. Eibar 1937. 80 urte' hitzaldi dramatizatua eskainiko dute Jesús Gutierrez historialariak, Nerea Arriola biolin-jotzaileak, Biraka Dantza Taldeak, Koro Gazteak, Kezka Dantza Taldeak, Lekim animazioak taldeak, Itzamna akademiak eta herriko hainbat antzezlek.

Larunbatean, Untzagan klarion tailer bat egingo da gerra aurreko Eibarko planoa marrazteko, eta 22:00etan, ''Bonbardaketak. Eibar 1937. 80 urte” hitzaldi dramatizatuaren beste emanaldi bat eskainiko da. Amaitzeko, apirilaren 30an, igandean, Cielito musika bandak kontzertu berezi bat emango du Coliseoan, gerrako filmetako soinu-banda ezagunek osatutako  errepertorioarekin.

  

1252