Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro esleitu ditu nahi ez den bakardadea prebenitu eta honi aurre egitea helburu duten proiektuetarako
Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro esleitu ditu nahi ez den bakardadea prebenitu eta honi aurre egitea helburu duten proiektuetarako
Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro esleitu ditu nahi ez den bakardadea prebenitu eta honi aurre egitea helburu duten proiektuetarako
• Deialdi berri honi esker esplorazio, esperimentazio eta traktore proiektuak bultzatuko dira, bakardadeari irtenbide berritzaileak eskainiko dizkioten lankidetza-ekosistemak sortuz. • Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRI fundazioak aukeratu gabeko bakardadeei aurre egiteko konpromisoa berretsi dute, laguntza 225.000 eurotan handituz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘ADINBERRI-HARIAK’ programako laguntzen deialdira 800.000 euro bideratzea onartu du. Programaren helburua da nahi ez den bakardadea prebenitzea eta honi aurre egitea, geroz eta gehiago baitira gure gizartean halako egoerak pairatzen dituzten pertsonak. Hala, Gipuzkoan 55 urtetik gorako biztanleen %30 inguru bakarrik sentitzen da, baina % 5,5ek baino ez du argi eta garbi onartzen. Eider Mendozak (diputatu nagusia), Maite Peñak (Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatua) eta Rakel San Sebastianek (Andiberriko zuzendaria) eman dute prentsaurrekoa.
Diru-laguntzan deialdi honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ADINBERRI fundazioarekin batera (zahartze osasungarriaren eta bizitza osoaren zerbitzura dagoen berrikuntzarako fundazio publikoa), tokiko ekosistemak bultzatu nahi ditu, nahi ez den bakardadea prebenitzera eta horri aurre egitera bideratuta, horrek eragin handia baitu pertsonen osasunean eta ongizatean.
Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Gipuzkoako gizarteak "sortzen ari diren erronka sozialei" aurre egin behar die, eta erronka horien artean dago nahi ez den bakardadea. Errealitate hori "gero eta handiagoa" da, eta nabarmen eragiten dio pertsonen osasunari, baita pairatzen dutenen "autoestimuari eta ongizate emozionalari" ere. "Gipuzkoa komunitate arduratsu, orekatu eta justu gisa eraikitzen jarraitu nahi dugu, pertsonak eta haien ongizate integrala zainduko dituen komunitate gisa. Eta bi horretan ezinbestekoa da bere potentzial komunitarioa eta elkarteen, hirugarren sektore sozialeko erakundeen eta erakunde publikoen arteko lankidetza indartzea", azaldu du.
Gure gizarteetan zabaltzen ari den indibidualismo gero eta handiagoaren aurrean, programa honek "komunitatearen aktibazioa" bultzatu nahi du, gure lurraldean bakarrik bizi direnen edo bakarrik sentitzen direnen bizi-kalitatea eta egoera hobetuko duten hainbat ekimenen bidez, "ezagutza, esperientzia aurreratuak eta proiektu eraldatzaileak" sortuko dituztenak. Mendozak azaldu duenez, errealitate horri "batez ere adinekoek" egiten diote aurre, baina gazteei ere eragiten die. "Horregatik, helburua da begirada zabaltzea eta gizarte gisa aktibatzea, guztion artean bakarrik sentitzen diren pertsona horiengana iritsi ahal izateko. Komunitatea lagunduta eta babestuta senti dadin", adierazi du.
Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, nabarmendu du nahi ez den bakardadea dela gizarte-politiketarako erronka nagusietako bat, eta Gipuzkoan, HARIAK estrategia diseinatu dela, 77 udalekin, 98 toki-erakunderekin, Osakidetzarekin eta 20 enpresarekin elkarlanean: “gaur egun 4.500 pertsona baino gehiago izan dira estrategia honen onuradunak; eta gaineratu nahi dut, bide honi esker, gure lurraldea aitzindari izan dela pertsonen arteko harremanak sustatzerako orduan”. Peñaren arabera, HARIAK ibilbide-orria ezinbestekoa da gizarte-loturak indartuko dituzten proiektuak bultzatzeko, bereziki belaunaldien artekoak, eta bakardadearen estigma gaindituko duen elkarrizketa sustatzeko: “bide horretan jarraitu behar dugu, etenik gabe, aurrera eginez. Datuak erreparatuz gero, zifrak adierazgarriak dira: bakardade-egoeran dauden pertsonek depresioa bezalako gaixotasunen prebalentzia handiagoa dute, errealitate hori pairatzen dutenen %39,3ri eragiten baitie; bakarrik sentitzen ez direnen kasuan, datua %6,9koa da. Gauza bera gertatzen da antsietate kronikoaren kasuan: aukeratu gabeko bakardadea paraitzen dutenen artean, datua %37,8koa da; gainerako biztanleen kasuan, aldiz, %7koa”.
Hiru jarduera-ildo
Azken Gobernu Kontseiluan onartutako deialdiak hiru jarduera-ildo ditu: nahi ez den bakardadea tratatzeko esplorazio-proiektuak, diagnostikoak egitea erraztuko dutenak eta fenomeno horri buruzko ezagutza zabalduko dutenak; hautemandako arazoei irtenbideak emateko esperimentazio-proiektuak; eta bakardadearen ikuspegian eta abordatzean jauzi kualitatiboa ematea ahalbidetuko duten proiektu eragileak, eragileen artean sinergiak sortuko dituzten ekosistemak sortuz. Deialdiaren oinarri hauek ADINBERRIk 2023. urtearen amaieran tokiko erakunde eta entitate nagusiekin eskualdez eskualde egindako partaidetza eta kontraste prozesu baten ondorio dira.
Bakardadeari buruzko izaera monografikoaz gain, ‘ADINBERRI-HARIAK’ laguntzen deialdiak badu beste berezitasun bat ere: proiektu onuradun guztiek laguntza teknikoa jasoko dute beren garapenean, Fundazioak berriki abian jarritako HARIAK HUB tresnaren bidez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRI Fundazioak nahi ez duten bakardade-egoerei aurre egiteko hartu duten konpromisoari esker, HARIAKen laguntza-deialdi honek 225.000 euro gehiago izango ditu. Aurreko deialdietatik bakardadeari etxebizitzaren ikuspegitik aurre egiteko funtsezko proiektuak sortu ziren, hala nola Etxelagun, edo arkitekturatik eta hirigintzatik, Kalelagun kasu.
"Gaur egun, HARIAK Estrategiaren Lehen Jarduera Plana garatzen ari gara, bakardadearen fenomeno konplexuari etxebizitza, kultura, aisialdia edo parte-hartzea bezalako eremu askotatik emandako erantzunak aztertzen dituzten era askotako proiektuekin", azaldu du Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendariak. Era berean, gogorarazi du laguntzen deialdi berri honetatik ateratzen diren ekimenak HARIAKen Lehen Jarduera Planean ere sartuko direla. Era beran, gaineratu du Estrategiak Europaren aitortza jaso duela, ADINBERRI KORALE proiektuaren buru baita, Europako beste bost kiderekin batera. Guztiek helburu bera dute: bakardadea politika publikoetatik prebenitzea eta jorratzea.
3991