Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak 85 milioi eurotan handituko du aurtengo zorpetzeko gaitasuna

Gipuzkoako Foru Aldundiak 85 milioi eurotan handituko du aurtengo zorpetzeko gaitasuna

Jokin Perona Ogasuneko diputatu berriak gaur hartu du benera eta, ondoren, Diputatuen Kontseilu berriak lehen bilkura egin du

2020/11/18

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Foru dekretu-arau berria onartu du aste honetan eta, honen arabera, foru erakundearen aurtengo zorpetzeko gehieneko muga 85 milioi eurotan handitu da. Hau da, gaur egungo 443 milioi euroko mugatik 528 milioi eurotara. “Defizit aukerarekin, eta orain indartu dugun zorpetze gaitasunarekin, hobeto erantzun ahal izango diegu mahai gainean ditugun erronkei. COVID-19 gaitzaren krisiaren testuinguruan, gure lehentasunak argi ditugu: gizarte politika eta ekonomia sustapena. Honela, pandemiaren aurrean zaurgarrienak diren kolektiboak babesteko lanarekin jarraituko dugu”, esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Araudi berria indarrean sartzeko, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eman beharko diote behin betiko oniritzia.

            Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Aste honetako egin diren aldaketen harira, Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatu berriak gaur goizean hartu du benera eta, ondoren, ezohizko bilera egin du foru Gobernuak, lehenengoa talde berriarekin. “Atzo diputatu nagusiak aurreratu bezala, helburua da pandemiak sortutako krisiaren aurrean gure estrategia ekonomikoa indartzea, bai eta gertatzen ari diren eraldaketa sozioekonomiko izugarrien aurrean erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna areagotzea ere. Ziur nago birmoldaketa honek eraginkorrago egingo gaituela, eta COVID-19 gaitzaren pandemiak mahai gainean jarri dizkigun erronkei hobeto erantzuteko gai izango garela”, azaldu du foru bozeramaileak.   

            Zorraren gaira itzulita, Mendozak gogoratu du COVID-19k eragindako osasun krisiak lurraldean izan duen inpaktu ekonomikoak berekin ekarri duela foru politikak gauzatzeko dauden baliabideak murriztea, esaterako zerga bilketan islatzen ari dena. “2020ko irailaren 30ean, zorionez, akordio garrantzitsua erdietsi genuen: Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabaki zuen konpentsatzea foru aldundiek diru-sarreretan izango duten jaitsiera hori. Horri esker, aurten eta datorren urtean defizita izan dezakegu, eta honela ditugun beharrei erantzuteko malgutasun gehiago izango dugu”, adierazi du. Orain, zorpetze gaitasuna handituta, bide hori indartzen du Aldundiak. “Zorra hartzeko aukera honek aurten izaten ari garen gastu gehigarriak finantzatzen lagunduko digu, esaterako, gizarte politikan, autobusetan, hainbat sektoreri laguntzeko hartu ditugun neurrietan…”, gaineratu du Mendozak.

 

Biribilgune berria Urretxun

Bestalde, aste honetako Diputatuen Kontseiluak honako obra honen kontratazio espedientea ere onartu du: GI-2632 errepidetik Urretxurako sarbidean biribilgune berria egiteko proiektua. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 586.166,82 euro da, (% 21eko BEZa barne), eta lanak egiteko epea lau hilabete. Aurreikuspenen arabera, datorren urtearen hasieran hasiko dira lanak.

Aipatutako proiektuaren helburu nagusia da Urretxuko herrigunearen hego-mendebaldean dagoen GI-2632-13 lotunean sortzen diren arazoak konpontzea. “Aparizio auzoaren gainean kokatzen den bidegurutze konplexua da, lau bide eta jada eraikita dagoen beste biribilgune batek osatzen dutena”, esan du Mendozak. Proiektuak, funtsean, aipatutako bidegurutzean biribilgune bat eraikitzea jasotzen du, Ipeñarrieta kalean, GI-3771 errepidearen hasieran dagoen egungo bidegurutzea ixteko. Halaber, biribilgunea ezartzeko euste-horma bat eraikiko da, gehienez 3,5 m-ko altuerakoa, haur-parkearen eremuan. Ukitutako zerbitzuak, seinaleak eta argiteria berritzeko lanak ere zehazten ditu proiektuak.

“Proiektu honekin, bidegurutze honetan sortzen diren trafiko arazoak eta egoera arriskutsuak arindu nahi ditugu”, adierazi du foru bozeramaileak. Azpimarratu duenez, Urretxuko Udalaren aspaldiko aldarrikapen bati erantzuten dio proiektuak, eta herri honetako zein inguruko udalerrietako mugikortasunean eragingo ditu onurak. “Tokiko Gobernuekin elkarlanean aritu gara momentu oro, eta Urretxurekin eta Urola Garaia eskualde osoarekin dugun konpromisoaren adierazle garbia da”, nabarmendu du Eider Mendozak.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinetako egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 187 kasu positibo daude, 19 egoitzetan banatuta: 8 Donostiako Alai-Etxen; 1 Donostiako Berran; 10 Donostiako Lamourousen; 4 Zumarragako Argixaon; 11 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan; 12 Donostiako Txara II-n; 31 Errenteriako Jesusen Bihotzan; 34 Donostiako Zorroagan; 1 Zumaiako Otezurin; 1 Oiartzungo Petra Lekuonan; 1 Hondarribiako San Gabrielen; 20 Beasaingo Arangoitin; 14 Andoaingo San Juan Bautistan; 5 Irungo Caser Residencial Anakan; 8 Donostiako Berminghamen; 16 Donostiako Julian Rezolan; 1 Arrasateko Iturbiden; 8 Eskoriatza Jose Aranan; eta 1 Eibarko Egogainen. Hauetatik 92 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan; bi baliabide hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak atera, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izatea. Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zenetik, 64 egoiliar hil dira, eta 171 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 146 kasu positibo daude, 40 egoitza desberdinetan banatuta. Bigarren olatuan, orain arte, 181 langile sendatu dira. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 11 positibo berri atzeman dira, eta 6 desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan. Sare honetan, guztira, 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan ez da positiborik atzeman; gogoratu behar da sare honetan 54 baliabide daudela, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan dituztenak. Azkenik, ez da positiborik atzeman adingabeei arreta emateko baliabideen sarean ere, non 400 plaza dauden. PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 47.959 proba egin ditu, hauetatik 6.000 pasa den astean, egoiliarren eta egoitzetako langileen artean.

  

1571