Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoentzako egoitza zentroetan 118 plaza ituntzea onartu du
Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoentzako egoitza zentroetan 118 plaza ituntzea onartu du
Plaza berriak ituntzeko aurrekontua 236.573,53 eurokoa izango da, eta hasie-rako iraupena lau urtekoa, zortzi urtera arte luza daitekeena. Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren Mapak ezartzen du 1.553 plaza berri sortuko direla 2030era arte, eta horietatik gutxienez 757 adi-nekoentzako egoitza zentroetarako izango direla, lurralde-estaldura orekatua eta herritarren beharrekin bat datorrena bermatuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak adinekoentzako egoitza zentroetan 118 plaza ituntzea onartu du, mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako kalitatezko arreta indartzeko. Jarduera hori erabat integratzen da Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan, funtsezko tresna baita zerbitzuen sare publikoa antolatzeko, beharrei aurrea hartzeko eta arretan lurraldeen arteko oreka bermatzeko. Gaur onartutako itunak, hasiera batean, lau urteko iraupena izango du, eta urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez zortzi urtez. 236.573,53 euroko aurrekontua izango du.
Mapa: 2030erako helburua
Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren mapak aurreikusten du 1.553 plaza berri sortuko direla 2030era arte, eta horietatik gutxienez 757 adinekoentzako egoitza-plazak izango direla. Plaza horiek sortzeko, Aldundiak sustatutako zentro berriak irekiko dira, udalekin eta gizarte erakundeekin lankidetzan jardungo da, eta lehendik dauden zentroetan plazak itunduko dira. Mapak plangintza integraleko tresna gisa jarduten du, eta Gipuzkoan gizarte zerbitzuak hedatzeko sistema ezartzen du, biztanleriaren premien bilakaera aurreratuz eta lurralde osoan estaldura ekitatiboa bermatuz.
Maparen funtsezko helburuen artean honako hauek daude: zerbitzuen eta prestazioen eskaintza premien bilakaerara egokitzea, artatutako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, sare publikoaren antolamendua optimizatzea, eta planteatutako helburuen eta neurrien jarraipena, ebaluazioa eta kontrola ahalbidetzea.
Mendekotasun egoeran dagoen biztanleriaren % 26ko igoera
Neurri horrek bizitza-luzera berriaren paradigmari erantzuten dio. Gipuzkoa biztanleriaren zahartze bizkorra jasaten ari da, eta hemendik 2030era bitartean mendekotasun egoeran dagoen adineko biztanleria % 26 handituko dela kalkulatzen da. Zainketa behar duten pertsona guztiek kalitatezko arreta, pertsonalizatua eta komunitateari irekia izango dutela bermatzea foru erakundearen erantzukizuna eta konpromisoa da, gaur egun eta etorkizunean. Egoitza-plaza horiek ituntzea funtsezko urratsa da errealitate demografiko horri erantzuteko, zerbitzuen jarraitutasuna eta jasangarritasuna bermatuz.
Zainketa eredu berrirako trantsizioa
Plaza berriak ituntzea, halaber, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren zainketa eredua eraldatzeko prozesuaren barruan sartzen da. Eredu horren helburua da ikuspegi gizatiarrago eta komunitarioago baterantz aurrera egitea, pertsonen autonomian oinarrituta. Gipuzkoa eredu bat garatzen ari da, ikuspegi asistentzial hutsa atzean uzten duena pertsona erdigunean jartzeko, laguntza pertsonalizatuak, hurbilekoak eta ingurunearekin eta komunitatearekin konektatuta daudenak eskainiz.
Ikuspegi horrek, biztanleriaren zahartzearen erronka demografikoari erantzuteaz gain, pertsona guztien ongizate integrala indartzen du, eta bermatzen du zainketak behar dituztenek kalitatezko arreta jasoko dutela, autonomia, parte hartzea eta ingurunearekiko lotura bultzatuz.
Azken batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrera egiten jarraitzen du irmo, zahartzearen erronkei erantzuteko gai den zainketa sistema bat finkatzeko, pertsonak ekintza publikoaren erdigunean jartzen dituzten kalitatezko gizarte zerbitzuak sustatuz.
1068