Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak Aingira Berreskuratzeko Plan Integrala egin du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aingira Berreskuratzeko Plan Integrala egin du

Foru-erakundeak espezie horren habitatak hobetzen eta leheneratzen jarraituko du plan honen bitartez.

Aingira Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako ibaietan aingiren populazioak behera egin duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak espezie horren Berreskurapen Integralerako Plan bat egin du, hamar urteko iraupena izango duena (2024-2034). Plan horren alderdi azpimarragarrienen artean daude habitata hobetzeko eta estuario, padura eta ibai-sareko habitatak lehengoratzeko neurriak.

Gipuzkoako Foru Aldundia 2004an Gipuzkoako ibaietan aingiren kopuruak behera egin zuela detektatu zenetik aritu da espeziea babesteko lanean, eta 2008an lan hori sendotu egin zen Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek egindako Euskal Autonomia Erkidegoko aingiraren kudeaketa-planaren bidez, aingiraren populazioa kudeatzeko moduan aurrera egiteko, bi lurralde historikoetako arroetako eta Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean partekatutako ibilguetako populazioen gainbehera gelditzeko.

Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutiren hitzetan, "plan honek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako arroetan dagoeneko indarrean duena, eta arreta berezia ematen die aingiraren habitatak hobetzeari". Arrutik gaineratu duenez, "planaren barruan egindako txostenek uren egoera ona bermatzen badute ere, espeziea berreskuratzeko bidean aurrera egin ahal izateko beharrezkoa da esku hartzea, baldintza egokiak sortuz, eta gure lurraldeko ibai, padura eta estuarioetan aingiraren migrazioa eta biziraupena baldintzatzen duten oztopoak kenduz".

Foru Aldundiak garatutako planaren helburu nagusien artean, honako hauek daude: espeziea ibai-arroetara gehiago erakartzea, arrantzak eragindako hilkortasuna ezabatzea, espezieak hartzen duen eremua handitzea, etorkizuneko ugaltzaileen kalitatea hobetzea eta jauzi hidroelektrikoetan hilkortasuna murriztea.

Hala, plan berriaren ardatza izango da Gipuzkoako ibaien arroetan egiten ari den lanean aurrera egitea eta lan hori babestea. Oria, Urola eta Deba ibaien ibai-konektibitatea hobetu nahi da, eta lan egingo da Txingudi, Oria itsasadarra, Urumea, Leitzaran, Araxes eta Oria Garaiko estuario eta paduretako habitatak leheneratzeko.

Hobekuntza horietan 755.000 euro inbertitzea aurreikusten du Foru Aldundiak. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio Foru Erakundeak 2020tik ibai-konektibitatea hobetzeko martxan duen proiektura bideratutako 8,5 milioi euroak eta Kosta eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak Txingudiko San Lorentzoko aintzira handitzeko bideratu dituen 4 milioi euroak. Horrez gain, baliabide berriak bilatzen ere lan egingo du, oztopoak desagerrarazteko eta habitat horiek lehengoratzeko bidean aurrera egin ahal izateko, “ez bakarrik aingirentzat, baita gure fauna eta floraren parte diren beste espezie batzuentzat ere”. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak gaineratu du asmoa dela “Europatik laguntza ekonomikoa lortzea, ibai-arroetan, estuarioetan eta paduretan gure ekosistemaren oreka zaintzeko behar diren hobekuntzak egin ahal izateko. Proiektu sendoa eta ondo landutakoa

dugu babes hori lortzeko. Hori da gure helburua, gure ingurumena zaintzea eta hobetzea, eta klima-aldaketaren aurka borrokatzea, daukagun natura-inguruneari eutsiz eta Gipuzkoako biodibertsitatea bermatzeko beharrezkoa dena hobetuz”.

Plan Integralaren neurrien xehetasuna

Gipuzkoan Aingiraren habitata hobetzeko, plan integral honetan proposatzen diren neurriek ibai-jarraitutasuna hobetzea dute helburu, bokaletik tarte altuenetara. Ildo horretan, Gipuzkoako arroetan oztopoak iragazkortzeari dagokionez, aurreikusten da lehentasunezko jarduketa-eremuak ezartzea. Lan horiek arlo horretan egiten diren beste ekimen batzuekin koordinatuta egingo dira, bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oztopoak Iragazkortzeko Gida Planarekin (2020tik dago indarrean), Merlin proiektuarekin, zeinak berariaz jarduten baitu Debako arroan.

Gainera, planteatzen da, batetik, goranzko migraziorako beharrezko irtenbideak definitzea, oztopoek sortzen dituzten afekzioei berezko teknologia erabiliz erantzuna emanez, eta, bestetik, beheranzko migraziorako beharrezko irtenbideak zehaztea. Horretarako, lehenik eta behin, jauzi hidroelektrikoei lotutako heriotza-tasa kuantifikatzeko azterlanak egingo dira.

Era berean, Planak estuarioak, padurak eta kostaldeko eremuak mantentzeko eta haien ingurumena hobetzeko ekintzak aurreikusten ditu, baita intereseko habitaten azalera handitzeko eta egitura hobetzeko jarduketak ere, bereziki ibaiertzeko habitatei dagokienez, hala nola haltzadiak edo hezeguneetako habitat bereizgarriak.

Aingiraren kirol-arrantzaren debekua, 2009an ezarria, mantendu egiten da, eta aurreikusten da SEPRONAk egindako dekomisoetatik datozen angulekin birpopulatzeko lan egitea. Azken jarduera hori Gipuzkoako Foru Aldundiak arrakastaz egin zuen 2018-2021 urteetan.

Plan Integralean, gainera, baliabideen atal bat dago, proposatutako kudeaketa-neurrien eraginkortasunaren jarraipena egiteko. Horrela, aldian-aldian habitataren egoeraren eta espeziearen egoeraren jarraipena egin ahal izango da, eta ekimenak ebaluatu ahal izango dira Gipuzkoako Aingira Berreskuratzeko Plan Integralaren barruan.

  

887