Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak Aspace Gipuzkoako boluntarioen taldea saritu du, “konpromiso, dedikazio eta elkartasunagatik”

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aspace Gipuzkoako boluntarioen taldea saritu du, “konpromiso, dedikazio eta elkartasunagatik”

Foru erakundeak 2023ko Gipuzkoako Boluntariotza Saria banatu du gaur, non gizarte erakundeak diren sariduna aukeratzen dutenak duela 29 urtetik.

Boluntariotza saria

Aspace Gipuzkoako boluntario taldeak 2023ko Boluntariotzaren Saria jaso du gaur arratsaldean, Foru Jauregiko Gunea aretoan, eta Aspace erakundearekin kolaboratzen duten boluntarioek egiten duten lana goraipatzeko balio izan du. 120 pertsona baino gehiagok laguntzen diete garun-paralisia duten ehun bat laguni, Gipuzkoako 10 udalerritan. Aspace Gipuzkoak 52 urte daramatza garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien "babesa eta aterpea" izaten, baita boluntariotza sustatzen ere.

Gipuzkoako Boluntariotza Sariarekin, Maite Peña Zainketatako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua da gizartean egindako lanagatik eta boluntariotza bultzatzeko egindako lanagatik nabarmendu diren pertsonen eta gizarte-erakundeen ibilbidea jendaurrean aitortzea, "horrela Gipuzkoa gero eta kohesionatuagoa eta solidarioagoa sortzen lagunduz". Saria emateko ekitaldia gaur, abenduak 1, ostirala, egin da Foru Jauregiko Gunea aretoan. Ehun bat lagunek txalotu dute “ongi merezitako” aitortza hori.

Mende erdi baino gehiagoko historia duen elkartea da Aspace Gipuzkoa, eta egun, 450 pertsona inguru artatzen ditu urtean, bere zerbitzu eta programen bitartez: etxebizitzak, eguneko zentroak, hezkuntza bereziko zerbitzua, familiei laguntzeko zerbitzua, arreta goiztiarra... Batez ere, aisialdian eta denbora librean egiten dute ekarpenik handiena boluntarioek. "Pertsona horien konpromisoari, dedikazioari eta elkartasunari esker, garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien bizitza pixka bat hobea da".

Baina ekarpena haratago doa, diputatuaren hitzetan: "Gizarte solidarioa eta konprometitua da Gipuzkoak duen aktibo nagusietako bat bere kohesio sozialari eusteko eta desberdintasun sozialen aurka borrokatzeko. 720.000 biztanle inguru dituen lurralde batean, 40.000 boluntariok baino gehiagok beren denbora eskaintzen dute, modu altruistan, gainerako herritarren eta komunitatearen mesedetan". Horregatik, Gipuzkoako gihar soziala nabarmendu du, "balio handikoa dena" eta "zaintzen jarraitu behar dugun altxorra".

Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria 29. ediziora iritsi da aurten. Urtero, gizarte-erakundeek aukeratzen dute nor izango den sariduna. Aurtengo epaimahaia ATECE, Hezkide Eskola, Adinkide, Kamelamos Adiquerar, Aizkorri Scout, Harri Beltza, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa, SOS Arrazakeria eta DYA Gipuzkoak osatu dute.

Gipuzkoako Boluntariotza Saria Gipuzkoako Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azken urteetako irabazleak honako hauek izan dira: Nagusilan (2002), Hijas de la Caridad (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006),

Juan María Garitano (2007), Izan Fundazioa – Proyecto Hombre (2008), Behar Bidasoa (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Itxaropen Telefonoa (2011), Larigektomizatuen Elkartea (2012), Odol Emaileak (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako Elikagai Bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019), Begisare (2020), Kemen (2021) eta ATECE (2022).

  

1086