Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak Basabeko biribilgunea birmoldatuko du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Basabeko biribilgunea birmoldatuko du

Aintzane Oiarbide: “Biribilgunea handitu eta egokitzeak segurtasun handiagoa emango dio bidegurutze honi, eta errazagoa izango da ibilgailu astunen zirkulazioa“.

2018/09/10

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Aretxabaletako alkate Unai Elkorok Basabeko bidegurutzea bisitatu dute, birmoldatzeko asmoa baitu Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Bidegurutze hau birmoldatzera goaz, zeren eta, gaur egun, biribilgune bat baino gehiago baita bost adarren bidegurutze bat. Biribilgunea handitu eta egokitzeak segurtasun handiagoa emango dio bidegurutze honi, eta errazagoa izango da autobusen eta gainerako ibilgailu astunen zirkulazioa, zailtasunak dituztelako, gaur egun, puntu horretatik igarotzeko», aurreratu du Oiarbide diputatuak.

Bere aldetik, Unai Elkoro alkateak adierazi duenez, lanak egin ondoren, hobea izango da herrirako sarbidea. «Udaletxean, lanean ari gara gure kaleetako mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Helburu horrekin, biribilgunean egin asmo diren hobekuntzei esker, hobeak izango dira herrirako sarbidea eta inguru horretako zirkulazioa».

Gipuzkoako Foru Aldundiak egin asmo dituen lanen bidez, biribilgune bat eraikiko litzateke, non bat egingo luketen bost sarbideek. Biribilguneak 29,5 metroko diametroa izango luke, eta 7 metro zabaleko eraztuna. Seinalizazioa berrituko da, eta espaloi bat eraikiko da, jarraitutasuna emango diona Orotik iristen denari.

Lanak urte honen bukaeran lizitatuko dira, eta, 150.000 euroko aurrekontuarekin eta 6 hilabete inguruko iraupenarekin, 2019ko otsailean amaituko dira.

Beste alde batetik, Aintzane Oiarbide diputatuak, era berean, gogora ekarri du GI-627 errepidearen hegoaldeko lotunean Foru Aldundiak uda honetan egin duen aldaketa.  “Aldaketa honekin, sinplifikatu egingo da bidegurutzea; nabarmen hobetu da bide segurtasuna. Ezkerretarako biraketa baliogabetzeak (Arrasate noranzkoa) bidegurutzea sinplifikatu du, eta nabarmen hobetu du bide segurtasuna, zeren eta, orain arte, Arrasaterantz maniobra egiten zuten ibilgailuek 3 mugimendu zaindu behar baitzituzten, eta arrisku handiko egoerak sortzen baitziren. 

  

1888