Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gizarte politikak aurkeztu dizkie Andorrako Gobernuko ordezkariei

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gizarte politikak aurkeztu dizkie Andorrako Gobernuko ordezkariei

Egun hauetan Gipuzkoan daude foru erakundearen nahiz Gureak eta Gautena entitateen gizarteratze eta laneratze ereduak ezagutzeko

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren ongizate sozialaren eredua aurkeztu die, gaur, Andorrako Gobernuko ordezkariei, egun hauetan Gipuzkoan baitaude foru erakundeak nahiz Gureak eta Gautena entitateek gizarteratze eta laneratze alorrean dituzten antolaketa ereduak ezagutzeko (filosofia, kalitate sistemak, giza baliabideak, finantzaketa, etab.). Era berean, Matia Fundazioa bisitatuko dute gaur arratsaldean eta bilera bat izan Eneko Goia Donostiako alkatearekin. Andorrako Giza Gaietarako Ministerioko, Justizia eta Barne Ministerioko, eta Hezkuntza eta Goi-mailako Hezkuntza Ministerioko ordezkariei diputatuak egin dien azalpenean azpimarratu du erakundeek derrigorrez joan behar dutela “hirugarren sektorearen eskutik”, “kide estrategikoa” delako ongizatea eta kohesio soziala sortzeko ahaleginean, kasu honetan Gureak, “gipuzkoarren beharrei behar bezala erantzun ahal izateko”. Halaber, Ester Fenoll, Andorrako Gizarte zerbitzu eta lanbide estatu-idazkariak nabarmendu duenez, bere gobernuak “interes handia” du Aldundiaren “mendekotasun eta desgaitasun eredua” ondo ezagutzeko, eta baita familia harreraren sistema ere tutoretzapeko adingabeentzako, “Gipuzkoan oso ongi funtzionatzen ari baita”.

Diputatuak erantsi du Aldundiak ez duela inolako zalantzarik esaten duenean “ongizate estatua mantentzea eta sustapen ekonomikoa” bultzatzea direla foru gobernu honen legealdiko “bi ardatz nagusiak”, ziur dagoelako gizarte politiketan inbertitzea etorkizunean inbertitzea dela. Beraz, Peñak gogoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa “inklusibo” baten aldeko apustua egin duela, gure lurraldeko erronkei aurre egiteko behar diren osagai guztiak ditugulako: lehendabizi, gizarte politiketan inbertitzen duten erakundeak; bigarren, hirugarren sektore aktiboa eta dinamikoa; eta hirugarren, gizarte solidarioa eta kohesionatua, protagonismo garrantzitsua eduki behar duena; izan ere, gizarte solidarioagoa, inklusiboagoa eta desoreka txikiagokoa lortzea da Aldundiaren  “erronka”, baina baita ere Gipuzkoako “gizarte guztiaren erronka”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa inklusibo baten aldeko apustua egin du, gure lurraldeko erronkei aurre egiteko behar diren osagai guztiak ditugulako
  

1397