Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Amezketako Udalak omenaldia egin diote Jokin Altuna 2024ko buruz buruko txapeldunari

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Amezketako Udalak omenaldia egin diote Jokin Altuna 2024ko buruz buruko txapeldunari

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Amezketako Udalak omenaldia egin diote Jokin Altuna pilotariari, hirugarren aldiz buruz buruzko txapelketa irabazteagatik. Ekitaldia gaur 18:30tan Amezketako Kultur Etxean egin da, eta bertan izan dira Mikel Arteaga Amezketako alkatea, Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatua, Eider Mendoza diputatu nagusia eta Altunaren senide eta lagunak bertako bizilagunekin batera.

2024/06/26
Altuna

Goizane Álvarez Kiroletako diputatuak adierazi duenez, "Jokin Altuna historia egiten ari da. Kirolari paregabea da, ahaleginaren, dedikazioaren eta apaltasunaren eredu. Kantxako garaipenak harrotasun arrazoi dira Gipuzkoa osoarentzat, eta inspirazio iturri gazte askorentzat, Amezketako pilotaria jarraitu beharreko adibide gisa ikusten baitute".

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Jokin Altuna zoriondu nahi izan du buruz buru lortu duen “txapel ederrarengatik, baina batez ere txapelaren dizdiraren atzean dagoen lan guztiarengatik”. “Beti ikusi zaitugu lanean, beti saiatua, beti apaltasunez, errespetuz eta prestakuntzari garrantzia emanez. Balio eredugarri horiei eusteagatik ere merezi duzu gipuzkoarron aitortza”, nabarmendu du. Gainera, Mendozaren iritziz, Altunaren ibilbideak irudikatzen du “goi mailako pilotak azken urteotan Gipuzkoan bizi duen bolada bikaina” eta, euskal kirolen artean pilotak duen garrantziaz jakitun, “oinarrizko kirolean eta pilota klubetan egiten den lana babesten eta sustatzen” jarraitzearen garrantziaz mintzatu da.

Mikel Arteaga Amezketako alkateak adierazi du "Jokin Altuna da Amezketak izan zezakeen enbaxadore onena eta herri osoa oso eskertuta dago Amezketaren izen ona zabaltzen egiten duen lanagatik."

Azkenik, Jokin Altuna, hunkituta “Lehenengo diputazioari eskertu, omenaldiagatik ta batez ere Amezketa etortzeagatik. Oso berezie da holako errekonozimentu bat ittea baino oaindik gehiago nere etxean nere famili ta lagunekin. Udalaire eskertu, Mikel alkateari auzo igualen batea hazi ta neretzako ere berezie da bea oain alkate dela egun hauek bizitzea. Ta bukatzeko iritxi naizen lekua irixten launduitean jendei, familiai beti hor egoteagatik, nere entrenadore guziei ta bereziki Xaltoni.  Eskerrik asko”.

Harrera ofiziala Amezketako Kultur Etxean izan da 18:30tan. Jokin Altunari ohorezko aurresku batekin egin diote harreran, eta, amaitzean, argazki saio bat egin da. Ondoren, Kultur Etxean aintzatespen ekitaldia hasi da. Xabier Euskitzek, ekitaldiaren aurkezleak, ongietorria eman die bertaratutako guztiei, eta, segidan, Amezketako alkate Mikel Arteagak, Kultura eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek eta diputatu nagusia Eider Mendozak hartu dute hitza. Aldundiak Txapela brodatu bat eta Nestor Basterretxearen eskultura bat oparitu dizkio, aurten bere jaiotzaren mendeurrena betetzen baita. Ekitaldia amaitzeko, familia argazkia atera dute bildutakoek. Ekitaldian parte hartuko dutenen artean Joxean Tolosa, Amezketak eman duen beste pilotari handietako bat, Xalton, Altunak hasieran izan zuen lehen entrenatzaileetako bat, eta Itziar Lete, Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea izan dira.

Omenaldi honek Gipuzkoako Foru Aldundiak Jokin Altunaren kirol lorpenei egindako aitortza sinbolizatzen du, baita Gipuzkoak eman duen pilotari handietako bati Gipuzkoako lurralde osoak dion estimua eta harrotasuna ere.

  

2638