Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eibarko Udalak Migel Gallastegi omenduko dute, gipuzkoar pilotari mitikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eibarko Udalak Migel Gallastegi omenduko dute, gipuzkoar pilotari mitikoa

Eibartarra 2019 hasieran hil zen eta datorren igandean, maiatzak 5, omenduko dute Astelena pilotalekuan, sarrera librea izango duen ekitaldi batean. Juan Martínez de Irujok egingo du ohorezko sakea.

2019/05/02

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eibarko Udalak, Gallastegitarren laguntzarekin, ongi merezitako omenaldi bat prestatu diote MIgel Gallastegiri, bera izan baitzen Gipuzkoak izan duen pilotaririk handienetako bat, kirolari mitiko bihurtzerainokoa. Eibarko Astelena frontoian egingo zaio omenaldia Eibarko Kolosoa edo Asoliartzako Herkules ezizenez ezaguna izan zen pilotariari. Omenaldi berezia izango da; izan ere, antolatutako ekitaldiak antz handia izango baitu 40eko eta 50eko hamarkadetan izaten ziren pilota jaialdiena.

 

Juan Martínez de Irujo pilotari ohiak egingo du ohorezko sakea, eta segidan hiru biren kontrako pilota partida bat jokatuko da. Epaileak hiru izango dira eta trajez jantzita egogo dira. Pilotariak, berriz, zuriz eta alkondaraz jantzita arituko dira. 12:00etan partida geratu eta Angelusa errezatuko da, orduan ohitura zen bezala. Gainera, parte hartuko duten pilotariak kartel batean azalduko dira, eta familiak gordea zuen 1948ko kartel baten antzera egina izango da jaialdiaren kartela. Omenaldia bera egiteko garaian, Gallastegiri buruzko bideo bat proiektatuko da, opari trukea egingo da, Xabier Euzkitzek bertso batzuk kantatuko ditu eta Juan Martínez de Irujok ohorezko sakea egingo du.

 

Lehen diputatu nagusiorde Denis Itxasok dioen bezala, «ezinbestekoa zen Migel Gallastegiren oroitzapena ohoratzea, zeren Gipuzkoak izan duen pilotari eta kirolari handienetako bat izan zen. Bere garaiari aurrera hartu zion Gallastegik eta pilota ulertzeko modua aldatu zuen iraultzaile bat izan zen; horregatik, pilotari gisa lortu zituen garaipen ugariez gainera, arrasto sakona utzi zuen, baita ere, gure kirol kulturan. Horregatik guztiagatik erabaki dugu, Eibarko Udalarekin eta Gallastegiren sendiarekin, omenaldi bero batez oroitzea, hil berri dugun honetan».

 

Migel Gallastegi 1918ko otsailaren 25ean jaio zen. Eibartarra zen, Mandiola bailarakoa, Asoliartza baserrian jaioa. Pilotari gisa Eibar Kirol Klubak antolatutako torneoetan hasi zen, eta profesionaletan Astelenan debutatu zuen 1936an, 18 urte zituela.

 

Atzelari indartsua zen eta Asoliartzako Herkules edo Eibarko Kolosoa esaten zitzaion. Pilota kirol gisa ulertzeko modua eraldatu zuen, prestakuntza fisikoari garrantzi berezia ematen hasita. Bat biko partidak eta bi hiruko partidak jokatu ohi zituen, beti bentaja emanez. Buruz burukoan hiru aldiz jantzi zuen txapela, lehenbiziko aldiz Atano III. ari irabaziz eta hurrengoak 1950ean eta 1951n. Ia 50 frontoitan jokatu zuen bere ibilbide luzean, eta 1960an utzi zion jokatzeari, 42 urterekin.

  

1504