Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak Aralarren kudeaketarako 2035 arteko akordioa sinatu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak Aralarren kudeaketarako 2035 arteko akordioa sinatu dute

Bi erakundeek Kudeaketa Plan Orokorra onartu eta sinatu dute, baita datozen hamar urteetarako finantzaketaren oinarriak, Mankomunitatearen egitura eta funtzionamendua ere.

2025/05/14
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak akordioa sinatu dute gaur Enirio-Aralarren kontserbazioa eta kudeaketa bermatzeko datozen hamar urteetarako. Akordioa iazko apirilean hartutako konpromisoetan aurrera egin ondoren gauzatu da. Bertan, bi aldeek garatu beharreko ekintzak adostu zituzten, etorkizunean akordio sendo bat adosteko, hiru ardatzen inguruan: finantzazio eredua, xehaketa eremuak eta inguruko azpiegituren kudeaketa.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak eta Adur Ezenarro Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak aurkeztu dituzte gaur goizean, prentsaurrekoan, akordio berriaren puntu nagusiak. Xabier Arrutik eskerrak eman dizkie alde guztiei 2019tik akordio honetara iristeko blokeatuta zeuden harremanei berriro ekiteko erakutsi duten borondateagatik. Arrutiren hitzetan, “jakitun ginen egoera hori desblokeatzeko beharraz eta presaz, gure abeltzainen eta, oro har, gizartearen mesedetan”. “Legealdi hau hasi zenetik buru-belarri aritu gara zeregin horretan. Bi aldeen arteko lan eta elkarrizketa handiko hilabeteak izan dira, baina merezi izan du, gaur esan baitezakegu datozen hamar urteetarako kudeaketa akordio egonkor bat dugula. Aurrerapauso garrantzitsua da hau zalantzarik gabe; izan ere, beharrezko patxada emango digu egin beharreko lanak egiteko, besteak beste, gure lurraldeko abeltzaintza jarduera babestuz, horrela gure elikagaien jasangarritasuna bermatuz eta, bide batez, bere ekimen honen bitartez, Gipuzkoako biodibertsitatea zainduz, lurralde oreka berdearen eta, ondorioz, guztion ongizate integralaren mesedetan”.

Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakari den Adur Ezenarroren hitzetan, “Mankomunitateko ordezkaritzarentzat, akordio honen helburu nagusienetako bat mendiko artzantzaren etorkizuna bermatzeko neurriak mahai gainean jartzea izan da, artaldeak mendian larratzeak eragin baitu Aralar ezagutzen dugun modukoa izatea. Mankomunitateko ingurumen eta natur ondarearen iraunkortasunarekin koherentea izango den artzaintza eta abeltzaintza jarduerak lortu nahi ditugu”. Honez gain, “Planak oinarri berri bat jartzen du Mankomunitateak bere lurretan egiten duen kudeaketa, zaintza eta jarraipenean pauso bat harago joateko. Enirio-Aralar Mankomunitatearen baitan gauden eragile guztion eskubideak eta betebeharrak modu arduratsuagoan gauzatzeko unea iritsi da” esan du.

Adostutako puntuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio Aralar Mankomunitateak lortutako akordioaren oinarriak uztailean, bi aldeek eskatuta, garatutako Aralarren Kudeaketa Plan Orokorrean oinarritzen dira. Planaren helburua da: natur eta kultur ondarearen –hezeguneak, flora mehatxatua, faunarentzako gune interesgarriak eta sistema karstikoa– babesa, hobekuntza eta zaintza sustatzea; eta artzaintza jarduera indartu eta mendiko abereen arteko presentzia orekatua bermatzea. Plan honekin batera azpiplan batzuk egingo dira, aipatutako ildo horien baitan, baita ordenantzen eguneraketa eta bide azpiegituren erabilerarako araudia ere.

Horri dagokionez, Plan Orokorra ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-ezaugarrien azterketa zorrotza eginez eta zonak dituen babes-erregimenak errespetatuz garatu da. Era berean, oinarrizko parte hartzeko prozesu bat egin da lurraldeko eragile nagusiekin (abeltzainak eta haien erakunde sektorialak, ingurumen erakundeak, Aranzadi, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mendi Federazioa, Landa Garapeneko Elkarteak...). Norabide horretan, Enirio-Aralarko Mankomunitatearen batzarrak Plan Orokor honi hasierako onarpena eman eta jendaurrean jartzean, ekarpen eta alegazio desberdinak egiteko aukera zabalduko dela gogorarazten da.

Planak espazio horretan lehentasuna duten sei eremutarako proposamenak ezartzen ditu, natura- eta kultura-ondarearekin eta eremu horren erabilerekin lotuta. Abeltzaintzako erabilerari dagokionez, planak mendi larreak, paisaia kulturala eta naturala kontserbatzeko erronkari heltzen dio, paisaia hori Gipuzkoaren identitatearen erreferentea baita, eta aintzat hartzen ditu abeltzaintza-sektorean jasaten ari diren aldaketa sakonak. Ildo horretan, planak abeltzainen ekipamenduak eta lan-baldintzak hobetzera bideratutako hainbat proposamen garatzen ditu eta, besteak beste, eremuko hiru eremu estrategikoei zerbitzua emateko bide azpiegituren garapena jasotzen du.

Horrela, Elutxeta eta bere inguruko larreetarako sarbidea berregokitzea aurreikusten da, eta Arritzaga eta Pagabe aldeko txabola eta larreei zerbitzua ematen dieten bideak egokitzea ere. Azpiegitura eta hobekuntza hauetako bakoitzak dagokion ingurumen eragineko baimena eta izapidetze administratiboa bete beharko ditu.

Era berean, klima aldaketaren mehatxuen aurrean basoen erresilientzia hobetzera, azken urteetan egindako birpopulaketei eustera eta babesleku klimatiko gisa jarduten duten larre zonaldeetan baso sare bat ezartzera bideratutako hainbat jarduera aurreikusten dira.

Bestalde, Enirio-Aralarko kultura-ondare aberatsa ezagutaraztea eta zabaltzea ahalbidetuko duten interpretazio-euskarriak sortzea proposatzen da, bai eta hura osatzen duten elementuak bilduko dituen inbentario bat egitea ere, hura babestu eta sustatzeko oinarri gisa. Beste ikuspegi batetik, Plan Orokorrak klimaren ondorioei eta egokitzapenari buruzko lanak eta ikerketak babestuko ditu.

Plan Orokorraren azken kudeaketa-eremua sentsibilitate bereziko guneei buruzkoa da, hala nola hezeguneei, flora mehatxatuari, fauna-intereseko guneei eta kobazuloei eta barrunbeei buruzkoa, eta, horretarako, hainbat proposamen egiten dira haiek babesteko.

Finantzazio eredua

Datozen hamar urteetarako finantzaketa-ereduari dagokionez, bi alderdiek Plan Orokorraren iraupen bera izango duen hitzarmen bat formalizatzea adostu dute. Bertan, aurreikusitako ekintzak zehaztuko dira eta hura gauzatzeko behar den finantza-nahikotasuna bermatuko da. Esparru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero 350.000 euroko ekarpena egiteko eta inbertsioak gauzatzeko konpromisoa hartzen du. Aldiz, Enirio

Aralarko Mankomunitateak, erakundearen egitura eta langileko kostuak bere gain hartzeaz gain, plan desberdinak gauzatzeko baliabide nahikotasuna bermatzeko konpromisoa hartzen du.

Bukatzeko, bi aldeek Plan Orokorrean jasotako ekintzen urtez urteko onarpena eta jarraipena egiteko bi erakundeen arteko Jarraipen Batzorde bat osatuko da datozen hamar urteei begira.

  

4062