Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte zerbitzuetako zentroetan inbertsioak egiteko 2025eko dirulaguntzen deialdia abiarazi du

Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte zerbitzuetako zentroetan inbertsioak egiteko 2025eko dirulaguntzen deialdia abiarazi du

11,5 milioi euroko aurrekontua bideratu du Aldundiak laguntzetara, eta interesdunek maiatzaren 22ra arte izango dute eskaerak egiteko aukera. Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen parte da dirulaguntza eta helburua da sare publikoa behar berrietara egokitzea eta lurralde-oreka bermatzea. Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleko ‘Plazaola’ Buruko Nahaste Larrietarako Egoitza Unitate berriak (URTMS) 725.000 euroko dirulaguntza jaso du. Baliabideak 32 plaza itundu eskaintzen ditu buru-nahaste larria duten pertsonentzat.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren bitartez, Gipuzkoako Lurralde Historikoan gizarte-zerbitzuetako zentroetan inbertitzeko 2025eko dirulaguntzen deialdia ireki du. Guztira 11.500.000,00 euroko aurrekontua izango du ekimen honek, eta eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 22ra arte egongo da zabalik.

Dirulaguntza horiek Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen esparruan kokatzen dira. Mapa hori plangintzarako tresna estrategikoa da, gizarte-zerbitzuen sare publikoa sortzen ari diren gizarte-premietara egokitzeko eta lurralde-banaketa orekatua bermatzeko diseinatua. Helburua da zainketaren kalitatea hobetzea, zerbitzuak erabiltzaileei hurbiltzea eta aurreikusitako eskariari eraginkortasunez erantzutea. Helburua da, gipuzkoar ahulenen ongizate integralean eragitea.

Deialdi honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du ekipamendu sozialen sarea sustatzea, modernizazioa, irisgarritasuna eta kalitatea bultzatzeko konpromisoa, zentro berriak sortuz eta lurralde osoan daudenak hobetuz. Horrela, gizarte-zerbitzuen sistema eraginkor, berritzaile eta hurbilaren aldeko apustua egiten du, egungo eta etorkizuneko gizarte-erronketara egokitzeko gai izango dena.

Dirulaguntzak bost jarduera-ildotan egituratzen dira, eta haui zuzenduta daude:

  •  Udal-eskumeneko zentro berriak sortzeko lurraldeko toki-erakundeak
  • Lehendik dauden udal-eskumeneko zentroak handitu, berritu eta/edo egokitzeko erakundeak
  • Gizarte-zerbitzuetako zentro berriak sortzeko erakunde pribatuak
  • Dauden zentroak handitu, eraberritu eta/edo egokitzeko erakunde pribatuak
  • Hirugarren sektore sozialeko erakundeak, beren egoitzetan inbertsioak egiteko

Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoa "lurralde solidario eta arduratsua da, pertsona guztien ongizate integralarekin konprometitua", bereziki egoera ahulenean daudenena. Deialdi honen bidez gauzatuko diren inbertsioen helburua gure lurraldea ongizatean haztea izango da, abian dagoen eraldaketa azkartuz, "zaintza eredu pertsonalizatuago, berritzaileago eta komunitatearekin konektatuago baterantz".

Defendatu duen moduan, hirugarren sektore sozialeko elkarte eta erakundeekiko "lankidetza estua" da Gipuzkoako gizarte zerbitzuen "balio nuklearretako bat", eskainitako zaintzak "berritzaileak, pertsonalizatuak eta komunitarioak" izan daitezen laguntzen baitu honek, San Juan de Diosek Arrasaten egin duen ibilbideak erakusten duen moduan. "Inbertsio horiei esker, sortzen ari diren errealitate sozialei aurre egin ahal izango zaie, hala nola osasun mentalari; gizarte gisa ezin diogu bizkarra eman errealitate horri. Beraz, konpromiso irmoa dugu erronka honetan laguntzen jarraitzeko, betiere gainerako erakundeekin eta hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan arituz. Erabiltzaileen ongizatea eta bizi-kalitatea bermatuko duten zaintza eta arreta pertsonalizatuaren bidez, autonomia eta komunitatean integratzea sustatzen jarraitu behar dugu", adierazi du.

Nahaste Mental Larrirago Egoitza Unitatea (URTMS) Plazaola

Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleko ‘Plazaola’ Buru Nahaste Larrietarako Egoitza Unitate berria (URTMS) izan da gizarte-zerbitzuetako zentroetan inbertitzeko dirulaguntzak jaso zituen proiektuetako bat. Gaur, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua instalazio berrietan izan dira, zentroko zuzendaritzarekin eta Elena Urdaneta III. Lurralde Unitateko zuzendariarekin batera.

Baliabideak 32 plaza baimendu ditu, Aldundiarekin itunduak. Horietatik 24 banakako gelatan daude banatuta, eta 8 plaza 1, 3 eta 4 pertsonako apartamentuetan. Bizitza autonomoa sustatzeko eta erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko diseinatu dira guztiak. Instalazioak egokitzeko eta birgaitzeko 2.802.813,75 euroko inbertsioa egin da guztira, eta horietatik 725.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzen bidez finantzatu dira.

Arantxa Picón San Juan de Dios Gipuzkoako zuzendari gerenteak azaldu duenez, "Plazaola unitatean garatzen dugun arreta-eredua bat dator Aldundiak bultzatzen duen eraldaketarekin: pertsonarengan zentratutako arreta da, eta fokoa laguntzan, banakakoaren beharretan eta suspertze psikosozialean jartzen du. Gure konpromisoa norabide horretan aurrera egiten jarraitzea da, laguntzen ditugun pertsonen bizitza duindu eta hobetuko duten laguntza-sare sendoak eraikiz".

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itundutako baliabide soziosanitario honen helburua da Nahaste Mental Larria (BL) diagnostikatutako pertsonei arreta integrala ematea, batez ere psikosia eta zenbait nortasun-nahaste dituztenei. Artatutako pertsonek bi urtetik gorako prozesuak izaten dituzte, desgaitasun-maila ertaina edo larria, eta disfuntzio soziala arlo pertsonalean, sozialean, laboralean eta familiarrean. Baliabide horretara sartzeko, beharrezkoa da Osasun Mentaleko sare publikoan artatua izatea, BL diagnostiko bat izatea, egonkortasun klinikoko egoeran egotea ospitaleko esku-hartzerik behar izan gabe, eta beste baldintza batzuk betetzea, hala nola, jokabide disruptiborik ez izatea eta borondatezko parte-hartzea onartzea. Erabiltzaileek 18 eta 65 urte bitartekoak izan behar dute.

  

4669